Koronabirusa

«Lanean ari bazara, argiki izorratua zara»

Jean Castex Frantziako lehen ministroak ostegunean iragarri bezala, Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua 18:00etatik 06:00ak artekoa da orain, eta atzo izan zen neurria aplikatu beharreko lehen eguna.

Baionako karrikak hutsik, atzo, etxeratze agindua dela eta. GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Goizik, 16:30ean hasi da inarrosten Baiona; pertsonak harat eta honat, eta beste zenbait, karriketan, lerroan harakindegira edo okindegira sartzeko beha. Batzuk pazientziaz, besteak gutiago. Eta pazientziarik ez aipa «izorratua» den langileari.

Dendetako ateetan hainbat afixa agerian dira, eta horrela iraunen dute ondoko bi asteetan, bederen —ez da zehaztua noiz arte aplikatuko den neurria—. «Itxiera 17:00etan, itxiera 17:30ean», idatzirik dute. Zenbaitek, goizago ere. 16:30ean hetsi behar dute batzuek. Arrandegi karrikako denda baten kasua da, hain zuzen ere. Ezkontzetako arropak saltzen dituzte bertan, denak zuri-zuriak, denak dirdiratsu. Alta, hango langileak —izenik ez du eman nahi izan— ez du hala mintzatzeko xederik.

Egoera «zaila» eta «bortitza» dela erran du, bai beretzat, eta bai «denentzat». «Gu, denda batean ari garenez, beste dendariak bezala aritzera behartuak gara. Eta, gainera, ezteiak gertakari bereziak direnez —pertsona kopuru handia biltzen da, besta giroa da...—, horrek ere eragiten digu». Ezkontzarik izan ezean, denda horretako arroparik ezin sal. Azaldu duenez, konfinamendu denboran ez dute «anitz» lan egin: bezeroekin komunikatu baizik ez dute egin. «Bi konfinamenduen artean, batzuk lortu zuten ezkontzea, neurri zorrotzekin, baina, oro har, guti izan dira». Orain, bezero batzuk hurbiltzen bazaizkie ere, «ezjakintasuna» da nagusi, eta luzera begira gauzak antolatzeko oztopoak aipatu ditu.

Etxeratze agindua

Etxeratze agindua «beste berri txar» bat izan da, arropa saltzailearen ustez. «Zentzugabekeria» bat, haren hitzetan. Haiei, dendari gisa, zuzenean eragiten diela baieztatu du, baina arazoa orokorragoa dela argi du.

«Gure arratsaldeko hitzordu guztiak ezeztatuak izan dira, bezeroak beldur baitziren etxera berantean sartzea». Eta maila pertsonalean «biziki zaila» izanen zaiola aitortu du. «Pentsa, okindegian gelditu behar baduzu, gero erosketa batzuk egin, gero tabakoa... Ezin da horrela antolatu! Lanean ari bazara, ezinezkoa da. Argiki izorratua zara. Ni behartua naiz 17:00etan hestera, bidea egin behar dudalako etxera joateko, haurrak hartzeko...».

Elkarrizketa egin bitartean, ondoko dendako saltzaileak atea hetsi du; «astelehen arte!», oihukatzen dio arropa saltzaileak. Doi bat berantago; «ene ber kasuan da», xuxurlatu du. Etxeratze aginduak langileei «kalteak» eragiten dituela argi du. «Etxeratze agindua 20:00etan zelarik, behar bada mugatzen zuen besta batzuk egitea, jendea elkartzea lanetik landa... Baina 18:00etara aitzinatzeak iduri du gure nardatzeko egina dela bakarrik!».

Denda guztiak tenore berean hetsi beharrak, denak betan etxera sartzeak, jendea leku berean eta denbora berean metatzea baizik ez duela ekarriko erran du. «Dena mukuru izanen da tenore horietan, eguerdiko pausetan, adibidez!». Gainera, erantsi du beherapenen garaia dela eta denek pausa denborak baliatuko dituztela hara joateko. Ez da, haatik, haren kasua izanen; denda ez hestea erabaki baitute eguerdiko pausan.

«Astelehenetik ostiralera lanean ari direnak larunbatetan joanen dira erosketak egitera, halabeharrez. Eta han izanen gara, xinaurriak bezala, beherapenak direlakoan edo nik dakita zer, eta erokeria izanen da. Ez naiz segur biziki inteligentea denik». Baionan hala izanen denik ez du uste, baina hiri handietan garraio publikoetan 17:00 eta 18:00 arteanbilduko den jende kopurua izugarria izanen dela azpimarratu du.«Hor da zinezko arriskua! Eta, aldi berean, eski estazioetan igateko mekanikak hesten dituzte: ez du logikarik. Luzatzen ari da afera, luzeegia da: dena murrizten digute, konfinamendu zorrotz baina labur bat egin beharrean, behin betikoz!».

Baiona hustuz joan da pixkanaka, eta 18:00etarako hutsa baizik ez zen ageri karriketan. Bizpahiru pertsona, erdi lasterka, baina ilunak eta hotzak goizik hartu dute protagonismoa. Ostatuetan, murruetan, aldarriz josiriko afixa, banderola eta marrazki zenbait baizik ez ziren gelditzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.