Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar jauregian ekingo dio urte politikoari, bihar, eta Imanol Pradales lehendakariak gobernu bileraren ostean zer esango duen zain daude alderdi politikoak. Osasungintzarako «herri ituna» eta «itun etiko bat» dira haren agendan dauden gaietako bi. Hala, horien inguruan zer espero daitekeen izan du hizpide Sumarren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusi Lander Martinezek. Hark ontzat jo du «albiste faltsuak, gezurrak eta isekak» politikagintzatik kanpo utzi nahi izatea, baina gehitu du «itun etiko batek» gauza gehiago ere hartu behar dituela kontuan: «Etika politikoak klientelismoa eta ustelkeria baztertzea ere esan nahi du».
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Martinezek azaldu du «liskarra parlamentutik ateratzeko» itun bat proposatzeko lehen urratsa zera dela, liskar hitzaren esanahia zehaztea: «Kritika eraikitzailea eta eztabaida politikoa liskarra dira?», galdetu du. Eta berak erantzun, esanez gatazka politikagintzaren oinarrizko elementu bat dela: «Ideien arteko talka da, eztabaida politikoen bitartez akordioak egitea».
Horiek hala, Pradalesek arlo horretan zer helburu duen azaldu zain dago Martinez, haren inguruko jarrera bat zehazteko. Izan ere, kezka du lehendakariak ez ote duen xede izango Eusko Legebiltzarreko eta Espainiako Gorteetako eztabaida politikoen tonua alderatzea, bestelako urrats garrantzitsurik egin gabe. «Errealitatea konplexuagoa da», gehitu du.
Osasungintzarako herri itunari dagokionez ere, urte politikoaren hasierako pausoen zain dago Martinez. Besteak beste, Pradalesen hitzaldiaren eta Eusko Jaurlaritzak ituna osatzeko datorren astean aurkeztu asmo duen bide orriaren esperoan. Halere, Sumarrek jada ezarrita dauzka bere helburuak, koalizioaren Espainiako Kongresuko diputatuak azaldu duenez: «Osasungintzarako itun batek osasun sistema publikoa indartu behar du, alor publikoaren eta aurrekontuen bitartez». Hau da, Osakidetza «babestu» behar dela nabarmendu du.
Uste du behin helburu hori ezarrita ordua izango dela Osakidetzaren arazoei erantzuteko eztabaidak abiatzeko. Besteak beste, azaldu du lehen arretaren rola, itxaron zerrenden laburtzea eta osasun zerbitzuen «zentralizazioa edo deszentralizazioa» direla mahai gainean jarri beharreko eztabaidetako batzuk. «Baina hori arlo publikoaren inplikazio zuzenarekin soilik gerta daiteke», berretsi du.
Sumarrek parlamentari bakarra du Eusko Legebiltzarrean, Jon Hernandez. Hain zuzen, Martinezek uste du ordezkaritza murritz horrek eta EAJren eta PSE-EEren arteko gehiengo osoak zaildu egiten dutela ezker konfederalaren proposamenak aurrera ateratzea. Halere, esan du prest dagoela talde mistotik oposizioa egiteko. Horren xedea izango da «politika publiko aurrerakoiak» sustatzea, besteak beste, osasungintza, hezkuntza eta ingurumen gaietan: «Beste talde politiko batzuek ez bezalako gaitasuna dugu berrikuntza politikorako».