Landarlan: «Aralarko pistetan interes pribatuak daude»

Urritik hartutako erabaki guztiak baliogabetzeko eskatu dio natur elkarteak Enirio-Aralar Mankomunitateari

2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
ORDIZIA. Joan den urriaz geroztik hartutako erabakiak bertan behera uzteko eskatu dio Landarlan ingurumen elkarteak Enirio-Aralar Mankomunitateari; tartean, Aralarko pistei dagozkienak. Izan ere, mankomunitateko batzarra osatzen duten hainbat ordezkarik «interes pribatuen arabera» jokatu zutela uste du elkarteak: ustez, gutxienez hiru herritako ordezkariek ganadua daukate Aralarko larreetan, euren ondasunen berri eman ez duten arren. Landarlanek gogorarazi du ordezkari politikoek abstenitu egin behar luketela bozketetan interes pribatuak tartean sartzen direnean: «Abstenitu ordez, botoa eman dute artzain eta ganaduzaleen onurarako diren hainbat erabakitan: pistetan, larreen ordenantzan, aurrekontuetan eta abarretan». Ondorioz, urritik honako bozketak baliogabetzeko eskatu du. Argudiatu duenez, hala egin ezean mankomunitatearen neutraltasuna geratuko litzateke auzitan: «Herri erakundea izanik, interes publikoa jarri behar du aurretik».

Natur eta mendi elkarteak, oro har, Aralarren ibilgailuentzako pistak eraikitzearen aurka agertu dira; maiatzaren 18an, egitasmoa geldiarazteko eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Mendi Federazioko 27 elkartek. Aralar «natur parkea dela kontuan hartuta, foru aldundiak eta mankomunitateak naturaren mesedetan hartu behar lituzkete erabakiak», adierazi du Aralar Bizirik plataformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.