Uda iristean jaiek girotzen dituzte Euskal Herriko hiri eta herri asko. Baina jaiak nagusitzen diren modu berean, erasoek ere nabarmen egiten dute gora; tartean dira LGTBI kolektiboaren kontrakoak. Aurten, besteak beste, Arizkun Rock jaialdian pintaketa LGTBIfoboak egin zituzten, Errezilgo festetan (Gipuzkoa) eraso homofobo bat salatu zuten, eta ekainaren 28an, berriz, Zarautzen (Gipuzkoa) eta Bilbon bi eraso LGTBIfobo egon zirela salatu zuten. Ekintza horiei aurre egin, eta sentsibilizazio kanpainak martxan jarri dituzte Euskal Herriko talde askok. Araban, esaterako, Ikusgune LGTBIfobiaren behatokiak dihardu lan horretan. Azaldu dutenez, gutxienez 28 eraso LGTBIfobo izan ziren iaz Araban. Gehienak Gasteizen izan ziren arren, herrietan eta landa eremuan ere gertatzen dira erasoak.
Datuak ikusita, Ikusgunek hiriburutik harago joatea erabaki du, eta lurraldeko landa eremuetara eraman ditu LGTBIfobiaren kontrako sentsibilizazio kanpainak. Amets Martinez de Heredita (Gasteiz, 1981) Ikusguneko koordinatzailea da, eta, haren ustez, halako kanpainak beharrezkoak dira toki guztietan, «edonoren kontra gertatu daitekeen indarkeria bat delako». Herrietara joango diren bigarren uda izango da aurtengoa, eta hasiera zaila izan zela azaldu du: «Sentsibilizazio kanpainak herrietara nola eraman aztertzen ibili ginen. Azken finean, egiturarik gabeko elkarte bat gara, eta ez genekien nola egin».
Egitasmoa landa eremuetara zabaltzea behatokiak erabaki duen arren, herrietatik jasotako eskari andanaren emaitza izan da, kontatu duenez, eta halako kanpainak herrietan egitearen garrantzia nabarmendu du: «Gero eta gehiago dakigu zer gertatzen den inguruan, eta noren kontra gertatzen den. Herrietan ere jendea bizi da, LGTBI pertsonak bizi dira. Horregatik, garrantzitsua da hiriburuetan ematen diren zerbitzuez ere gozatzea».
«Herrietan ere jendea bizi da, LGTBI pertsonak bizi dira. Horregatik, garrantzitsua da hiriburuetan ematen diren zerbitzuez ere gozatzea»
AMETS MARTINEZ DE HEREDITAIkusguneko koordinatzailea
Jai batzordeekin eta tokiko elkarte feministekin edo LGTBI komunitatearekin harremanetan jarri eta gero joaten dira herrietara, eta nabarmendu du harrera «oso ona» izaten dutela, hirietan baino «hobea». «Herri osoa joaten da puntura, eta jende gehiagorekin hitz egin dezakegu. Horrela, informazio gehiago jasotzen dugu guk ere», zehaztu du. Hala ere, erronka bat dute: agerian egotea, herriko jendearekin hitz egitea.
Batzuetan hori ez da lan erraza: «Udan herri askotan izaten dira jaiak. Ez ditugu lurraldeko jai batzorde eta tokiko elkarte guztiak ezagutzen. Erronka hori da: informazio hori guztia lortzea». Izan ere, talde bakarra dira oraingoz, eta, kide gutxi izanda, zaila zaie herri guztietara iristea. Horregatik, batzuetan baztertu behar izan dituzte «erakargarriak» izan diren aukera batzuk, Martinez de Hereditak esan duenez.
Laguntza hainbat modutara
Karpara biltzen direnei informazioa eskaintzen diete taldeko kideek, eta LGTBIfobia ikusarazteko materiala. Alde batetik, baten batek erasoren bat sufritzen badu, aukera ematen diote hori salatzeko eta kontatzeko. «Bestetik, jaiak disfrutatzeko diren arren, jaietan ere LGTBIfobiaz hitz egiten eta ikusgaitasuna ematen jarraitu beharra dugu», azpimarratu du. LGTBIfobia kasuen barruan honelakoak sartzen dira: eraso fisikoa, gorroto diskurtsoa, bazterketa eta paretetan pintaketak agertzea, besteak beste.
«Jaiak disfrutatzeko diren arren, jaietan ere LGTBIfobiaz hitz egiten eta ikusgaitasuna ematen jarraitu beharra dugu»
AMETS MARTINEZ DE HEREDITAIkusguneko koordinatzailea
Martinez de Hereditak adierazi duenez, hitzaldien bidez ematen diote ikusgaitasuna gaiari, edo karpan banatzen dituzten eskumuturrekoekin. Eskumuturreko horietan, Ikusguneko laguntzarako telefono zenbakia agertzen da (633-30 96 53), herritarrek edonoiz eskura izateko.
Horrez gain, laguntza beste modu batera ere eskaintzen dute: «Demagun LGTBIfobia kasu bat sufritzen duela norbaitek. Biktimak salaketa jarri nahi badu, eta laguntza behar izanez gero, guk salaketa jartzen lagunduko diogu».
21 herritan
«Kanpainaren balorazioa oso ona da», Martinez de Hereditaren arabera. LGTBIfobiaren sentsibilizazio kanpainak herrietara eraman dituzten bigarren urtea da, eta Ikusguneko koordinatzaileak agertu du badutela nahikoa esperientzia ondorioak ateratzeko. Iaz, bederatzi herritara joatekotan ziren, eta, azkenean, 21 herritan egon ziren bi hilabetean. Aurten ere eskaintza zabala dute, eta aurreikusi dute hitzartuta ez dauzkaten herri batera baino gehiagotara joatea: «Iaz batzuek jada ezagutu gintuzten, eta aurten ate joka ditugu». Herritarrak elkartearen lanarekin gustura daudela adierazi du, eta, proiektu hasi berria den arren, esperientzia «ezin hobea» izaten ari direla.
Uda bukaeran, kanpainaren balorazio orokorra egingo dute. Horretan oinarrituta, hurrengo urtean herri gehiagotan LGTBIfobiaren sentsibilizazio kanpainekin jarraituko duten edo ez erabakiko dute. Oraingoz, emaitza onak izatea espero dute, jasotzen ari diren informazioa «oso ona» baita. Hala ere, Martinez de Hereditak argi du ekintzailetza ez dela aurten amaituko, eta Ikusgunek egitasmoan jarraitzeko asmoa du.