Unibertsitatera arteko ikasleak izan ziren joan den astean, eta, orain, Lanbide Heziketakoen txanda iritsi da: 49.233 ikaslek hasi dute ikasturtea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gaur egin dute ikasturteko hasiera ekitaldia, Leioako ostalaritza eskolan (Bizkaia); bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales eta Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa.
Ikasleek egindako aukeraketen inguruko xehetasunak eman dituzte. Hain zuzen, ikasleen %57,4 sare publikora joango dira; ehuneko horrek sei puntu egin du gora aurreko ikasturtearekin alderatuta. Hizkuntzari dagokionez, D ereduko matrikulazioak hiru puntu egin du gora, baina ez dute zehaztu zenbat ikasle diren. Sektoreari ere erreparatu diote: % 56,3k zerbitzuen sektoreko zikloak aukeratu dituzte; % 41,1ek, industria sektorekoak; eta % 2,5ek, nekazaritza eta arrantza sektorekoak. Ikasle horietako gehien-gehienek lortuko dute lanpostu bat: gaur egun, Lanbide Heziketako hamar ikasletik bederatzik eskuratzen dute lana.
Matrikulazioa, baina, zabalik dago oraindik. Izan ere, 64.105 leku eskaintzen dituzte Lanbide Heziketako ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino 5.780 gehiago; horietatik gehienak goi mailako heziketa zikloetan sortu dituzte, eta horietako % 70 sare publikoan.