«Etorkizuneko egoerei aurrea hartzeko prest egon behar duen formakuntza bat izan behar du Lanbide Heziketak». Hori da Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren helburu nagusia, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak atzo egindako aurkezpenean adierazi zuenez. 2025-2026ko ikasturterako, zentro guztiak erakunde adimendun bilakatu nahi dituzte. 548 milioi euroko aurrekontua dute horretarako. Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearen arabera, Lanbide Heziketa «guztiz» aldatu nahi dute.
Lanbide Heziketako 180 zentro daude gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 46.671 ikasle. Horietatik, 11.449 modalitate duala egiten ari dira, 7.542 enpresatan. Bildarratzek azaldu duenez, enpresa kopurua iaz halako bi da aurten: «3.155 ziren 2021-2022ko ikasturtean». Seigarren planaren helburua da 2025-2026ko ikasturtean ikasle guztiak modalitate dualean aritzea, 25.000 enpresatan. «Ikasleek 1.500 ordu egiten dituzte ikastetxeetan, eta 650 eta 1.000 ordu bitartean enpresetan», zehaztu du Arevalok. Bestalde, 2027-2028ko ikasturtean 55.000 ikasleren langa gainditu nahi dute.
«Erabateko enplegagarritasunerako bidean aurrera egin nahi dugu», zehaztu du Bildarratzek. Ikasleen %52k B eta D ereduan ikasten dute. Eta ehunekoa %60ra igo nahi dute 2024-2025eko ikasturterako. Emakume ikasleen kopurua ere areagotu nahi dute. Ikasleen %35 dira orain: «Industria sektorean emakume gutxi daude: %12». 2025erako %20ra ailegatzea da asmoa.
Bildarratzen arabera, gizartearen beharrak aldatuz doaz, eta lan arloko eginkizunak gero eta «malguagoak» dira. «Ikerkuntza eta berrikuntza aplikatua landuko duten ikastetxeak nahi ditugu, baita eraldaketa digitala garatuko dutenak ere». Hori dela eta, planaren dimentsioetako bat teknologiaren ingurukoa da. Arevalok eman du horren berri: «Teknologia mundua eraldatzen ari da;ikasleek teknologia oso ondo erabiltzen jakin behar dute». Hala ere, gogoratu du gizakia «beti» egon behar dela teknologiaren gainetik: «Teknologia eta pertsonak orekatu behar ditugu; gizakiaren inteligentzia eta inteligentzia artifiziala uztartu».
Planaren beste dimentsio bat ikasleak izango dira: «Pertsonen ezagutza indartuko duen heziketa bat behar dugu, etorkizuneko erronkei aurre egin diezaieten». Talentua irakaskuntzaren bitartez garatu daitekeela esan du.
«Digitalizazioa funtsezkoa da», argi utzi du Arevalok. Eta gehitu du espazioak eraldaketarako «ezinbesteko palanka» direla. Hori dela eta, eraldaketa digitala sustatzen ari dira Lanbide Heziketako zentroetan. «5.0 zentroak deitu ditugu; Japoniatik dator ideia». Ikastegiek erakunde adimendun gisa egingo dute lan, eraldaketa digitala bultzatuko dute, eta teknologia aurreratua erabiliko dute hainbat egitura eta antolaketa berritzeko.
Zentro batzuk, martxan
Ikastetxe batzuk prest daude jada. «Gela batzuetan mahai digitalak dituzte, eta bakoitzean lau lagunek egiten dute lan. Mahai batetik bestera, modu digitalean, euren proiektua bidal dezakete, baita hormara ere, eta bertan ikusi», zehaztu du Arevalok. Murgiltze teknologia ere erabiltzen ari dira. «Betaurreko batzuk jartzen dituzte, eta ordenagailua den motxila bat jartzen dute bizkarrean; horrela, esaterako, haize errota baten barruan sar daitezke». ZIU batean ere ikus dezakete euren burua. Eta zibersegurtasun laborategiak ere sortu dituzte. Zentro horien adibide da Bergarako Miguel Altuna ikastetxea (Gipuzkoa). «Une honetan 38 ikastetxetan ari gara lanean: 70 interakzio zentrotan, murgiltze teknologikorako 45 zentrotan, eta 15 zibersegurtasun laborategitan».
Lanbide Heziketako zentro guztiak erakunde adimendunak izango dira
Ikasle guztiak modalitate dualean aritzea nahi dute. 55.000 ikasleren langa gainditu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu