Hezkuntza

Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak erakunde adimendun bilakatuko dituzte

Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana aurkeztu du. 2025-2026ko ikasturterako, ikasle guztiak modalitate dualean aritzea nahi dute. Lanbide Heziketako 5.0 zentroak sortuko dituzte.

Jorge Arevalok eta Jokin Bildarratzek aurkeztu dute Lanbide Heziketako VI. euskal plana, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko otsailaren 23a
13:25
Entzun

«Egoerei aurre hartzeko prest egon behar den formakuntza izan behar da Lanbide Heziketa». Hori da Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren helburu nagusia, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak adierazi duenez. Gaur aurkeztu du plana, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera. Arevaloren arabera, lanbide heziketa «guztiz» aldatu nahi dute. 2025-2026ko ikasturterako, ikastetxe guztiak erakunde adimendun bilakatu nahi dituzte. 548 milioi euroko aurrekontua dute horretarako.

Lanbide Heziketako 180 zentro daude gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 46.671 ikasle. Horietatik, 11.449 modalitate duala egiten ari dira, 7.542 enpresatan. Bildarratzek azaldu duenez, enpresa kopurua iaz halako bi da aurten: «3.155 ziren 2021-2022ko ikasturtean». Seigarren planaren helburua da 2025-2026ko ikasturtean ikasleen %100 modalitate dualean aritzea, 25.000 enpresatan. Eta 2027-2028ko ikasturtean 55.000 ikasleren langa gainditu nahi dute.

«Ikasleen erabateko enplegagarritasunerako bidean aurrera egin nahi dugu», zehaztu du Bildarratzek. Egun, ikasleen %52ak B eta D ereduan ikasten du. Ehunekoa %60ra igo nahi dute, 2024-2025 ikasturterako. Emakume ikasleen kopurua ere areagotu nahi dute. Izan ere, egun, ikasleen %35 emakumeak dira: «Industria sektorean emakumeen oso kopuru txikia dugu: %12». Sektore horretan %20ra ailegatzea da asmoa, 2025erako.

Bildarratzen arabera, gizartearen beharrak aldatuz doaz, eta bakoitzaren eginkizunak gero eta «malguagoak» dira. «Ikerkuntza eta berrikuntza aplikatua landuko duten ikastetxeak nahi ditugu, baita eraldaketa digitala garatuko dutenak ere». Hori dela eta, planaren dimentsioetako bat teknologiari zuzenduta egongo da. Arevalok eman du horren berri: «Teknologia mundua eraldatzen ari da; Lanbide Heziketako ikasleek teknologia oso ondo erabiltzen jakin behar dute». Hala ere, gogoratu du gizakia «beti» egon behar dela teknologiaren gainetik. «Teknologia eta pertsonak orekatu behar ditugu, eta gizakiaren inteligentzia eta inteligentzia artifiziala uztartu», zehaztu du.

Lanbide Heziketako 5.0 zentroak

«Digitalizazioa funtsezkoa da», argi utzi du Arevalok. Eta gehitu du espazioak eraldaketarako «ezinbesteko palanka» direla. Hori dela eta, eraldaketa digitala sustatzen ari dira Lanbide Heziketako zentroetan. «5.0 zentroak deitu ditugu; Japoniatik dator ideia». Zentroek erakunde adimendun gisa egingo dute lan, eraldaketa digitala bultzatuko dute eta teknologia aurreratua erabiliko dute hainbat egitura eta antolaketa berritzeko.

Zentro horietako batzuk martxan daude jada. «Gela batzuetan mahai digitalak dituzte, eta horietako bakoitzean lau lagunek egiten dute lan. Mahai batetik bestera, modu digitalean, euren proiektua bidal dezakete, baita hormara ere, eta bertan ikusi», zehaztu du Arevalok. Eta gehitu du proiektua beste edozein zentrora bidal dezaketela. Murgiltze teknologia ere erabiltzen ari dira. «Ikasleek betaurreko batzuk jartzen dituzte, eta ordenagailua den motxila bat jartzen dute euren bizkarrean; horrela, esaterako, aerosorgailu baten barruan sar daitezke, modu birtualean». ZIU batean ere ikus dezakete euren burua: «Ikasteko modu bat da, errealitatean ikasketa garatu aurretik». Zibersegurtasun laborategiak ere sortu dituzte. Zentro teknologiko horien adibide da Bergarako Miguel Altuna ikastetxea, baina gehiago daude. «Momentu honetan 70 interakzio zentrotan, 45 murgiltze teknologikorako zentrotan eta 15 zibersegurtasun laborategitan ari gara lanean, 38 ikastetxetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.