Emakumeen Nazioarteko Eguna

Lana utzi, eta kalera atera dira

500 pertsona bildu dira Baionako protestan. Emakume migranteak omendu nahi izan dituzte

Ehunka lagun bildu ziren Baionako feministen protestan, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun

Ehunka pertsona elkartu ziren atzo Baionan, mugimendu feministak antolatutako manifestazioan. Ospitaletik abiatu eta suprefetura arte ibili ziren, eta askotariko aldarrikapenen ahotsa entzun ahal izan zen bidean. Sindikatu batzuek grebarako deia egina zuten emazteen eskubideen alde, eta jarraipen zabala izan zuen zenbait egituratan: Baionako Bernat Etxepare lizeoan eskolak bertan behera gelditu ziren, eta programazioa egokitu behar izan zuten Euskal Irratietan.

[YouTube]https://youtu.be/BPurMgaRqBQ[/YouTube]

Aines Haristoi LABeko kideak hartu zuen hitza ospitale atarian. Martxoaren 8a «urtemuga tristea» dela adierazi zuen, «parekidetasunik ezak segitzen duela eta injustiziak oraino hain begi bistakoak direla oroitarazteko». Emakumeek pairatu behar dituzten desberdintasunak zerrendatu zituen, eta nabarmendu zuen pandemiak desberdintasun horiek areagotu baizik ez dituela egin. «Errazegia da osasun langileak beharrezkoak direla erratea. Beraien lana aitortzea garrantzitsua da, noski, baina ez da nahikoa!», aldarrikatu zuen. «Lan baldintzak ez dira inondik ere hobetu. Ospitaleetan, zahar etxeetan, etxeko zaintzarako lanetan, ez dute lanposturik sortu. Murrizketa logika batean segitzen dute, eta deus ere ez da egina izan lanean osasun bermatzeko».

Haristoik nabarmendu zuen feminizatuak diren lan eremuetan prekarietatea «instalatu eta banalizatu» dela. «Ez da kasualitatea emazteok ari bagara lan prekarioenak egiten: zaintza, osasuna edota bizitzak laguntzeko zerbitzuak. Sistema kapitalista patriarkalari bost axola zaizkio bizitzak. Bere interesendako esplotatzen duen lan indarra beharrezkoa zaio, eta hori da inporta zaion gauza bakarra».

Ospitaletik Cassin lizeo aitzinera joan ziren, eta, han, Edurne De Ezkurra Bernat Etxepare lizeoko ikasleak hartu zuen hitza: «Gure hezkuntza sistemak ematen dizkigun hertsapenak salatu nahi ditugu. Gaur egun gure lanbide heziketari buruz baditugu zailtasunak emazteen lekua hor izateko. Emazte langileen eta emazte ikasleen borroka aldarrikatu nahi dugu gaur».

Etorkinen eskubideen alde

Merkatuko plazan geldialdia egin zuten ondotik, eta munduko emazteen deia irakurri zuten bertan Zutik-eko kideek. Aldarrikapen hauek azpimarratu zituzten: baldintzarik gabe pertsona guzien erregularizazioa, «bere buruari zapaltzeko eskubidea ematen dion estatu patriarkalak eraikitako bortizkerietatik atera gaitezen»; «mehatxatzen, beldurtzen eta isiltasunera behartzen gaituzten» atxikitze zentroen itxiera; bizitzeko leku duin bat guztientzat, eta etxebizitza guztientzat. Irakurketaren ondotik, txalo zaparrada bat egin zuten emazte migratzaileei elkartasuna adierazteko.

Baionako katedral aitzinean feminizidioak salatzeko Cancion sin miedo kantatu zuten emakume batzuek, eta handik Baiona Handiko supermerkatu batera jo zuten. Haren aitzinean, Kitty Tsui emazte transexualaren olerki bat irakurri zuten: «Ez nazazue gizona deitu; dei nazazue boteretsu, dei nazazue lotsagabe, dei nazazue inspiratu, dei nazazue nitaz segur, dei nazazue indartsu, dei nazazue harro».

Bukatzeko, Baionako suprefeturan, Emakumeen Mundu Martxako kideen mezua irakurri zuten, «mugen eta transnazionalen kontra». Zutik emakumeak kantatuz bukatu zuten mobilizazioa, «Gora borroka feminista» oihuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.