«Lan politiko-soziala» egiteagatik Donostian 289 isun jarri izana salatu dute

Piztu Donostiak salatu du hiru egunez behin isun bat jarri dutela. Horren aurka, 'Piztu Donostia mozal legeari ez' kanpaina abiatu dute

Atzo goizean egindako agerraldia, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
«Donostian, mozal legeak eta mozal ordenantzak helburu bera dute: kritika soziala eragoztea. Ertzaintza eta Udaltzaingoa Donostiako polizia politikoak dira». Hori esan du Piztu Donostia herri plataformak, Donostian egin duen agerraldian. Esandakoa berresteko hainbat datu eman dituzte. Haien arabera, azken bi urteetan, Donostiako Udalak 289 isun jarri ditu «lan politikoa eta soziala» egiteagatik. Hau da, hiru egunetik behin ekintzaile edo eragile sozial bati isuna jarri diote.

«Ikusten dugu Donostian oinarrizko eskubide demokratikoak murrizten ari direla». Egoera hori ikusirik, geldirik ez egotea erabaki dute, eta Piztu Donostia mozal legeari ez! kanpaina abiatu dute. Hiru egitura jarriko dituzte martxan: Isunen Protokoloa, Eskubideen Behatokia eta Erresistentzia Kutxa. Isunen Protokoloak zehaztuko du urtarrilaren 30erako antolatuta dagoen greba orokorrari lotuta Donostian isuna jasotzen duen edonork nola jokatu behar duen. Isuna jasotzen dutenek fitxa bat bete beharko dute, eta Donostian zigortutakoen sarea osatuko dute. Ondoren, fitxa guztiak Donostiako Eskubideen Behatokira bidaliko dituzte. Horrek erabakiko du fitxa Erresistentzia Kutxaren esku utzi ala ez. Kutxa horren bidez isuna jaso dutenei ordaintzen lagunduko zaie.

Egoeraz ohartarazteko, lau mobilizazio ere antolatu dituzte. Urtarrilaren 13tik 20ra adierazpen askatasunaren aldeko astea egiteko eskatu diete eragileei, eta kartelak, pankartak eta bestelakoak jartzeko kalean. Urtarrilaren 25ean, berriz, mobilizazioa egingo dute Udaltzaingoaren eraikinaren aurreko biribilgunera. Otsailaren 1ean greba orokorraren ondorengo «balantze errepresiboa» egingo dute, eta, otsailaren 15ean, mobilizazioa egingo dute Egiako epaitegira, mozal legea eta mozal ordenantza bertan behera uztea eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.