Lan karga handia eta langile falta salatu dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek

ELAk idatzi bat aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundian, erakundeak arazoari «behingoz» hel diezaion eta ez dezan «beste alde batera begiratu».

Agerraldia egin dute gaur zahar etxeetako langileek eta ELAko ordezkari sindikalek, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
Agerraldia egin dute gaur zahar etxeetako langileek eta ELAko ordezkari sindikalek, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
Donostia
2024ko ekainaren 12a
16:00
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek eta ELAko ordezkari sindikalek salatu dute zahar etxeetako zerbitzuak okerrera egin duela eta egoera «larria» dela: «Pandemiaren ondoren lan karga handia genuen, eta okertu egin da egoera». Gaur egin dute agerraldia, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean; salatu dute aldundiko ikuskariek badutela egoeraren berri, baina «beste alde batera» begiratzen dutela.

Aitziber Aranberri erresidentzia bateko langileak aitortu du «oso nekatuta eta lur jota» daudela, lan karga handia dutelako eta, kasu askotan, zerbitzua kudeatzen duten enpresa pribatuek ez dituztelako betetzen zentroko laguntzaileen lanpostuak. Ondorioz, azaldu du egoiliar batzuek hamabost ordu eman behar dituztela ohean, eta hamalau ordu medikaziorik gabe: arratseko 20:00etan oheratzen dituzte, eta 08:00etan jaikitzen hasten badira ere, onartu du batzuengana ez direla heltzen 13:00ak arte. «Geroz eta denbora gehiago pasatu behar izaten dute ohean, gu gero eta gutxiago garelako». Halako egoerak saihesteko, zenbait egoitzatan 06:00etan jaikitzen dituzte egoiliarrak, baina hori ere ez zaie neurri egokia iruditzen.

Aspaldiko arazoa den edo oraingoa den galdetuta, erantzun dute egitura bera dela arazoa, eta egoitza askotan gertatzen dela. Gaur egun, Donostiako Villa Sacramento, Zumaiako San Juan, Errenteriako San Markosene eta Jesusen Bihotza zahar etxeko langileak mobilizatzen ari dira lan kargak salatzeko.

Aranberrirekin batera, hitza hartu du Mikel Rubiok, ELA sindikatuko erresidentzien arduradunak. ELAk du zahar etxeetako langileen ordezkaritzaren %60, eta bilera eskatu dio foru erakundeari, arazoari «behingoz» heltzeko. Gaur bertan, idatzi bat aurkeztu dute aldundian, egoeraren berri izan dezaten. Rubiok esan du eskatu dituztela bilerak, egin dituztela salaketak aldundiko ikuskaritzan, baina ez dutela erantzunik jaso. Foru aldundiari eskatu diote ez dezala saldu pertsona ardatz duen zaintza eredu bat, «gaur egun ez baitago halakorik».

Grebaren ondorena

«Sentitzen dugu ez gaituztela kontuan hartzen». Langileei iruditzen zaie 2020ko pandemiak mahai gainean jarri zuela kalitatezko zaintza sistema bat izateko beharra. Oroitu dute hitzarmen duin baten alde greba egiten ari baziren ere berriro lanera bueltatzea erabaki zutela, «egoiliarren zaintza bermatzeko». Hala eta guztiz ere, aldundiak ontzat eman zuen UGT sindikatuak eta Adegi, Lares eta ACGG patronalek gutxiengoan sinatutako hitzarmena: «Gutxieneko hitzarmen batekin ordaindu ziguten greba bertan behera utzi izana». 

Uste dute hitzarmen horrek arazoak baino ez dituela ekarri, gatazka luzatu eta larriagotu duela, eta ez direla jorratu sektorearen benetako arazoak: ratioen hobekuntza, %50eko partzialtasuna, eta izaera publikoa bera. Gaineratu dute hitzarmenean onartutako soldata igoerak ez direla zentro guztietan aplikatu.

Datorren urtean sektoreko hitzarmena negoziatu behar dute, eta ELAk aldundiari eskatu dio elkarrekin biltzeko, sektorearen benetako arazoei aurre egiteko eta «pertsonak erdigunean» izango dituen zaintza sistema bat lortzeko. Borrokan jarraituko dutela aurreratu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.