Nafarroako zahar egoitzetako langileek greba eguna izan dute gaur. Lan hitzarmena aldarrikatzeko abiatutako protesten barruan egin dute lanuztea. ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deitu dute grebara. Egoitzetako langileek manifestazioa egin dute eguerdian Iruñean, eta salatu dute lan hitzarmena lortzeko negoziazioak geldirik daudela; patronalari eta Nafarroako Gobernuari egotzi diete borondate eskasa izatea akordioa lortzeko. Ostegunean berriro bilduko dira aldeak, eta gaur sindikatuetako ordezkariek ohartarazi dute egoitzetako 6.000 langileentzat onuragarria den akordiorik lortu ezean, greba deialdi gehiago deituko dituztela.
Hitzarmenaren bitartez langileek eskatzen dute kudeaketa publikoa ezartzea, langileen ratioak egokitzea, kontziliazioa hobetzea, egonkortasuna bermatzea, soldatak igotzea, eta langileen osasuna bermatzea. Gaurko mobilizazioan «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko eskatu diete patronalari eta Nafarroako Gobernuari.
Egoitzen pribatizazioa aurka
Bestalde, Babestu Arabako zahar etxeetako senideen elkarteak deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute eguerdian Gasteizen, Arabako Aldundiaren parean. Hain justu, salatu dute Diputazioak zahar etxeen pribatizazioa sustatzen duela eta horrek isla duela zaintza ereduan ere. «EAJk eta PSE-EEk zaintza ereduaren inguruan duten apustua oso argia da: pribatizazioa bilatzen dute». Salatu dute aldundia zahar etxeetako plaza publikoak murrizten ari dela, eta egoitzen kudeaketa enpresa pribatuen esku uzten ari dela.
Zaintza eredua aldatzea lehentasuna dela aldarrikatu dute, gainera. «Zaintzak publikoa eta kalitatezkoa izan behar du. Erresidentzia pribatuen eta itunpekoen kontrola bermatu behar da». Ohartarazi dute, halaber, familien parte hartzea eskubide bat dela, baina egoitza pribatu gehienetan eta publiko batzuetan ez dela bermatzen.
Adinekoen egoitzak
Lan hitzarmenaren aldeko greba eguna izan dute Nafarroako egoitzetako langileek
Gasteizen, berriz, elkarretaratzea egin dute Babestu elkarteak deituta: zaintza eredua aldatzeko exijitu dute eta egoitzen pribatizazioa salatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu