«Noiz arte jarraituko dugun? Ez dugu zalantzarik: amaierara arte. Sinatu arte. Bitartean, kalean jarraituko dugu». Bizkaiko zahar etxeetako langileek 214 egun bete dituzte greban, «baldintza duinen alde». Hamasei hilabeteko gatazka da jadanik. Hamaika mobilizazio eta protesta. Eta, oraingoz, behintzat, jarraitzeko prest agertu dira.
Gaur hasiko dute greba aldi berria. «Nekatuta gaude, baina ez dugu amore emateko asmorik». Ainhoa Menendez beharginaren berbak dira; bost urte eta erdi daramatza Igurco Bilbozar zahar etxean lanean, eta 200 greba egun baino gehiago bete ditu: «Ez genuen espero gatazka horrenbeste luzatuko zenik, baina ez dugu beste erremediorik». Eskatzen dutena «oso ulergarria da», haren ustez: 1.200 euroko soldata, astean 35 orduz lan egitea, igandeetan plusak jasotzea eta ratioak gutxitzea. «Hori barik, ez dago hitzarmenik».
Hilabete hauetan, zahar etxe batzuetan akordioak lortu dituzte enpresarekin; azkena, Bilboko Miravilla egoitzan. Maila kolektiboan, ostera, akordioa oraindik urrun dago.
Negoziazioa, blokeatuta
ELAko arduradun Gaizka Miguelek ez du epe laburrean adostasunik aurreikusten: «Negoziazioa guztiz blokeatuta dago. Aldundiak oheen %70 finantzatzen ditu, eskubide bat kanpoko enpresen esku utziz. Enpresa horiek etekin erraldoiak lortzen dituzte bizkaitarren zergekin, eta, aldi berean, langileak baldintza prekarioetan kontratatzen dituzte».
Grabalariak oso kritiko agertu dira enpresekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta, batez ere, Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Gutxieneko zerbitzuen harira etorri da azken ika-mika: «%90eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkigute, eta makineria juridiko oso bat abiarazi dute gu isilarazteko, indargabetzeko eta itotzeko».
Hala ere, langileak ez dira errepresalien beldur: «Beldurrak ez du gure borroka baldintzatzen; bestela ez ginateke kalean egongo. Grebalari guztiok kontzientzia sindikala dugu».
Iritzi berbera du Marina Costa langileak ere. Hamasei urte bete ditu Sanitas Barakaldon lanean, eta, dioenez, euren borroka ez da ohiko lan gatazka bat, hortik harago doa: «Erakunde publikoen gizarte politika kolokan jartzen ari gara. Horregatik ez digute konponbiderik ematen».
Soraya Garcia langilearen arabera, gatazkak duen beste ezaugarri erabakigarria generoa da. 5.000 beharginetik, %88 emakumeak dira. «Borroka honen protagonistak gizonak izango balira, gatazka konponduta egongo litzateke».
Hori dela eta, ekainaren 22an elkarretaratzea egin zuten Emakunderen egoitzaren aurrean, Gasteizen: «Ez dira gai izan gurekin biltzeko, emakumeen lan-eremua izan arren eta baldintza prekarioak ditugun arren». Azpimarratu dute gizartean ez dela baloratzen zaintzaileen lana: «Gure lana zaintza da, emakumeek beti egin ohi duten lan ikusezina. Gaur egun, ez du inolako aitortza sozial edo ekonomikorik».
Aldunditik eta enpresetatik «presioa» jaso dutela aitortu du Garciak. Senideen aldetik, ostera, kontrakoa jaso dute: babesa. «Gure borroka haien baldintzak hobetzeko ere bada».
Iritzi berekoa da Josu Perea, zahar etxeetako senideak elkartzen dituen Babestu taldeko kidea. Kezka agertu du: «Ikusi dugu egiturazko gabezia asko dagoela, eta senideok ondorioak pairatzen ditugu modu zuzenean». Inplikazioa eskatu diote aldundiari: «Eskatzen ari direna bidezkoa da; prekaritate absolutuan bizi dira. Horrek nola ez du izango eraginik gure senideen osasunean?».
Lan gatazka batetik harago
Bizkaiko zahar etxeetako langileek 214 egun bete dituzte greban, beren «lan ikusezina» aitor diezaieten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu