Koronabirusa. Nagore Alkorta. Azpeitiko alkatea

«Lan asko dugu egiteko; positibo gehiago atera daitezke»

GORKA RUBIO / FOKU.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Jende asko kutsatu da Azpeitiko agerraldian. Ostiralean egoeraren berri izan zutenean hasi ziren PCR testak egiten Betharrametako frontoian, baina atzo eta gaur probak osasun etxearen ondoan jarritako karpan egingo dituzte. Nagore Alkorta alkateak dio (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978) oraindik positibo gehiago aterako direla eta «lan asko» dutela egiteko.

Nolakoa da egoera?

Azken datuen arabera, beste bost positibo ditugu, eta, oraingoz, ez dugu ospitaleratzerik. Dena den, badakigu askotan positibo ematetik ospitaleratzera egun batzuk igarotzen direla; beraz, datu hau behin-behinekoa da. Astelehenean, 300 PCR proba egin ziren, eta, atzo, beste 200. Uste dugu azken datua ona dela, baina oraindik ere kautelaz jokatu behar dugu. PCR gehiago egiten ari dira, eta aurreikusten dugu positibo gehiago aterako direla; hortaz, lan asko dugu aurretik egiteko. Proba gehienak ostiral arratsaldean izan ziren, eta,larunbatean, 1.100 PCR egin ziren, 12 orduz segidan. Beraz, uste dugu guztira amaierarako 2.000 PCR ere egingo ditugula.

Nola ari zarete kudeatzen?

Ostiral eguerdian deitu ziguten Zumarragatik. Ordura arte, kutsatu kopurua igotzen ari zen, baina ez zen kopuru handirik. Ostiral eguerdian esan ziguten, beraiek zituzten datuen arabera foku bat egon zitekeela alde zaharrean, eta, horregatik, arratsalde horretan bertan PCR testak prest egon ziren, eta deialdia egin zitzaien alde zaharrean ibili ziren pertsona guztiei. Behin fokuaren berri eman zigutenean, eta Osakidetzakoekin harremanetan egon ondoren, udalak frontoia egokitu zuen, eta baliabide materialak jarri zituen probak egin ahal izateko. Segituan, ostalariekin ere bildu ginen, eta adostu genuen alde zaharreko tabernak ixtea.

Zein neurri hartu dituzue?

Eguneko zentroa ere itxita dago, eta zahar etxeko bisitak ere bertan behera utzi ditugu. Kiroldegia eta udal igerilekuak ere itxi ditugu. Astelehenean bertan hasi ziren itxita zeuden tabernak desinfektatzeko lanak, eta taberna horiek dagoeneko izan dute irekitzeko aukera. Oraingoz, ostiralean fokuaren berri izan genuenean hartu genituen neurri zorrotzak betetzen ari gara. Udal zerbitzuak ere itxita daude, eta, orain, larrialdi planaren neurriak aztertu behar ditugu eta eragile guztiekin mahai gainean jarri. Dudarik gabe, udaletxeak dagozkio neurri guztiak aplikatuko ditu.

Bestalde, udaletxeak erabaki du pandemia hasieran osatutako boluntario sare hori berriz aktibatzea, herritarren beharrei erantzuteko. Erosketak edo beste enkargu batzuk egin nahi badituzte, edo, besterik gabe, hitz egin nahi badute, telefonoak jarri ditugu. Dei berezi bat egin nahi dugu udaletxetik, eta esan laguntzeko prest gaudela. Gainera, herritar askok erakutsi dute laguntzeko prestasun hori, eta eskerrak ematea besterik ez dagokigu.

Nola daude herritarrak?

Kalean kezka sumatzen da. Uste dugu jende gutxiago dabilela kalean. Ia 100 positibo ditugu, kutsatu asko daude, eta zuzeneko harremana dutenak are gehiago dira. Beraz, horiek guztiak etxean konfinatuta daude. Gainera, adinez nagusiak direnek eta aurretik patologiak dituztenek ere beldurra dute. Gu positibo bakoitzak kezkatzen gaitu, baina 70 urtetik gorako kolektiboak eta aurretiazko patologia dutenek arduratzen gaituzte gehien, uste dugulako birusari aurre egiteko besteekbaino zailtasun gehiago izan ditzaketela. Horregatik, dei egiten dugu adin horretako pertsonak prebentzio neurriak zorrotz bete ditzaten, eta inguruan gaudenok haiek zaindu ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.