Laminoriako parkeari buruzko eztabaida erabakirik hartu gabe amaitu da

Elkarrekin Arabak eraman du eztabaida Batzar Nagusietara, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko gelditu dezala proiektua, baina ez dute ezer onartu.

Haize errotak Nafarroan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Haize errota batzuk Nafarroan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 15a
13:30
Entzun

Aixeindarrek Laminorian jarri asmo dituen haize erroten proiektua izan dute gaur eztabaidagai Arabako Batzar Nagusietan, Elkarrekin Arabaren proposamenez, baina ez dira onartu ez koalizioaren proposamena eta ez gainontzeko taldeen zuzenketak. Orokorrean, talde politiko guztiek uste dute Eusko Jaurlaritzak aintzat hartu behar dituela Arabako Foru Aldundiak Laminoriari buruz egin dituen txosten teknikoak, baina ez daude ados proiektua gelditzeko eskakizunari dagokionez.

Arabako Mendiak Aske taldearen proposamena eraman du Elkarrekin Arabak Batzar Nagusietara, eta, azkenean onartu ez den arren, mozioaren helburua zen Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatzea txartzat jo zitzala Laminoriako proiektuaren ingurumen inpaktuei buruzko txostenaren emaitzak, Arabako Foru Aldundiak 2024ko urrian egin zuen moduan. Orduan, aldundiak ondorioztatu zuen zortzi haize errotako parke eoliko horrek ondorio kritikoak izango lituzkeela ingurumenean, eta, are, konponezinak izango zirela.

Bestalde, Azazetako parke eolikoaren tramitazioa gelditzeko eskatzea ere nahi zuen Elkarrekin Arabak; izan ere, proiektu horrek aldekoa du ingurumen inpaktuaren inguruko adierazpena, nahiz eta Arabako Foru Aldundiko teknikariek  zalantzan jarri duten. Hala ere, Elkarrekin-ek bakarrik bozkatu du mozio horren alde.

Gobernuko alderdiek, hau da, EAJk eta PSE-EEk zuzenketak aurkeztu dituzte, gai horretan eskumena duten erakundeei eskatzeko kontuan har ditzatela aldundiak egindako txosten teknikoak. Aurrez, legedia Aixeindarren neurrira eginda dagoela salatu du Elkarrekin Arabak, argudiatuta Eusko Jaurlaritza enpresa horren partaide dela. Hala ere, PSE-EEk ukatu egin du hori, eta gogorarazi Aixeindarren beste bi proiektu ez zirela aurrera atera.

EH Bilduk ere eskatu du Laminoriako proiektua bertan behera uzteko, eta erreferentzia egin dio Azazetakoari ere; izan ere, bi parkeak  gertu egin nahi dituzte, elkarrengandik 2,4 kilometrora, eta koalizio abertzaleak uste du bi proiektuek lerro zuzen bat osatuko dutela elkarrekin. EH Bilduren ustez, proiektu bakoitza bere aldetik tramitatu dute tramitazio trabei izkin egiteko.

PPk eta Voxek ere adierazi dute proiektuaren aurka daudela, baina uste dute Eusko Jaurlaritzako teknikariei ezin zaiela eskatu mota bateko edo besteko ondorioak ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.