Laminoriako parke eolikoaren inpaktua «kritikoa» litzateke, Arabako Aldundiaren ingurumen txostenak dioenez

Aldundiaren arabera, Aixeindar enpresak aurreikusitako zentral eolikoaren ingurumen eragina «ez da onargarria», eta kalte «konponezinak» eragingo dizkie hegaztiei. Ohartarazi du Azazetako parke eolikoa gertu egoteak areago eragingo liokeela ingurumenari.

Haize errota bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Haize errota bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
edurne begiristain
2024ko urriaren 22a
15:30
Entzun

Aixeindar enpresak Laminorian (Araba) eraiki nahi duen parke eolikoak ondorio «kritikoak» izango lituzke, eta eragingo lukeen ingurumen inpaktua «ez litzateke onargarria». Arabako Foru Aldundiak Laminoriako parke eolikoaren ingurumen eraginei buruz ondutako txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten: parke eolikoa eraikitzeak «kalte oso larriak» eragingo lituzke interes komunitariokotzat eta lehentasunezkotzat jotako landare eta habitatetan, eta Natura 2000 sareko gunean. Argia aldizkariak aurreratu ditu txostenaren ondorioak.

Arabako Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen Sailak joan den ekainaren 14an igorri zion Eusko Jaurlaritzari Laminoria izeneko zentral eoliko eta fotovoltaikoaren ingurumen eraginei buruzko txostena, eta argia da ondorioetan: parke eolikoaren inpaktuaren eragina «oso larria» litzateke ingurumenarentzat.

Eusko Jaurlaritzak —Energiaren Euskal Erakundearen bitartez— eta Iberdrolak osatzen duten Aixeindar S.A. sozietateak bi proiektu martxan jarri nahi ditu Laminorian: zentral eoliko bat eta parke fotovoltaiko bat. Parke eolikoa Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan jarri nahi dute. Zortzi aerosorgailu izango ditu, eta 40 megawatteko potentzia gordina. Zentral fotovoltaikoa, berriz, Arraia-Maeztun jarri nahi dute, lehengoratze bidean den harrobi batean. 58,10 hektarea hartuko ditu guztira.

Aixeindarrek bi proiektu aurreikusiak dituen arren, Arabako Aldundiaren txostenak bereizi egiten ditu, ingurumen inpaktu ezberdina izango dutela iritzita. Hala, parke eolikoaren eragina oso kritikotzat jotzen du, baina zentral fotovoltaikoak ondorio «onargarriagoak» izango lituzkeela dio, eremu hori jada «antropizatuta» dagoelako.

«Balio ekologiko handia»

Laminorian aurreikusita dauden haize errotei dagokienez, txostenak azpimarratzen du Aixeindarrek egindako proiektua eremu «estrategikoan» kokatuta dagoela, korridore ekologiko batean: Entzia, Izki parke naturala, Gasteizko mendiak eta Lautadako hariztiak hartzen ditu, eta eremu horren zati zabal bat hegaztiak eta biodibertsitatea kontserbatzeko eremu garrantzitsu gisa izendatuta dago. Faunarentzat, eta hegaztientzat bereziki, «balio ekologiko handia» du gune horrek, eta proiektuak «eragin zuzena eta berehalakoa» izango luke haiengan, txostenaren arabera.

Kontuan hartu beharko litzateke, gainera, hainbat hegaztirentzat —horietako batzuk mehatxatutako espezieak eta hegazti migratzaileak— ohiko pasabidea dela Zadorrako urtegien eta Salburuko hezegunearen arteko bidea egiterakoan, eta gune egokia dela hegaztiek bertan habiak egiteko eta janaria biltzeko, dokumentuak dioenez.

Aldundiak gogora ekarri du mehatxaturiko espezie ugari dagoela eremu horretan: 122 espezie detektatu ditu bertan Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak. Aldundiaren txostenak xehe jaso du zein hegaztik duten bertan presentzia; besteak beste, hauek aipatu ditu: bonelli arranoa, sai zuria, sai beltza, miru beltza, miru gorria, ugatza eta belatz handia. Ordea, Aixeindar enpresak egindako azterketak soilik bertako hegaztien %40 identifikatu ditu, eta aldundiak uste du ez dela aski. Gainera, hegazti horiei «kalte iraunkorrak eta konponezinak» eragingo lizkieke Laminorian parke eolikoa eraikitzeak, txostenak ohartarazi duenez.

Txostenak dio Aixeindarrek egindako proiektua eremu «estrategikoan» kokatuta dagoela, korridore ekologiko batean, eta eremu horren zati zabal bat hegaztiak eta biodibertsitatea kontserbatzeko eremu garrantzitsu gisa izendatuta dago

Horrez gain, Aixeindar enpresak Jaurlaritzari aurkeztu dion beste proiektu bat nabarmendu du aldundiak, Azazetako zentral eolikoarena: Laminorian egin asmo duen parketik «gertu» egongo litzateke — 2,4 kilometrora, hain justu—, eta horrek are kalte larriagoak eragingo lizkioke ingurumenari, haren esanetan. Areago: aldundiak ohartarazi du Azazetako proiektua martxan jarriko ez balute ere ez liratekeela onargarriak izango Laminoriako parke eolikoak hegaztiei eragingo lizkiekeen kalteak. Ez hori bakarrik: aldundiak uste du Aixeindar enpresak aurreikusi dituen babes neurriak ezarriz gero, detekzio sistema automatikoak instalatuz gero edo hegaztien espezialistak egonez gero ere ez litzatekeela inpaktua «maila onargarrietara» apalduko.

Parke fotovoltaikoa, «onargarria»

Eguzki parke fotovoltaikoaren ingurumen kalte negatiboei dagokienez, «onargarriak» direla ondorioztatu du aldundiak, dagoeneko «antropizatuta» baitago eremu hori. Txostenak dio parke eolikoak baino askoz eragin txikiagoa izango duela parke fotovoltaikoak, baina moldaketak egitea aztertu beharko dela, ingurumenari buruzko ondorioak kontuan hartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.