Aixeindar enpresak ez du parke eolikorik eraikiko Laminorian (Araba). Arabako Foru Aldundiak haren ingurumen eraginei buruz ondutako txostenean ondorioztatu zuen kalte larriak eragingo lituzkeela eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak berretsi egin du hori: «Bat egiten dugu aldundiaren txostenarekin. Proiektu horren inpaktua kritikoa litzateke». Aldiz, esan du parke fotovoltaikoa egiteko modukoa dela.
«Erabaki horrek erakusten du erakundeek jartzen dituzten baldintzak erabilgarriak direla parke eolikoak behar bezala ordenatzeko»
RAMIRO GONZALEZArabako ahaldun nagusia
Urrian jakin zen Arabako Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen Sailak aholkatu zuela Laminoriako parke eolikoa ez eraikitzea. Erakunde horrek egindako txostenean, azaldu zuten proiektuak ondorio larriak izan zitzakeela. Eusko Jaurlaritzak —Energiaren Euskal Erakundearen bitartez— eta Iberdrolak osatzen dute Aixeindar, eta zortzi errota jarri nahi zituen. Txostenean, baina, ingurune horrek balio ekologiko handia duela nabarmendu zuten, eta proiektuak kalte «zuzena eta berehalakoa» eragingo zuela.
Gonzalezek azaldu duenez, erabaki horrek erakusten du erakundeek jartzen dituzten baldintzak «erabilgarriak» direla parke eolikoak behar bezala ordenatzeko. «Beste txostenak plazaratuz joango gara: parke batzuk bideragarriak dira, eta beste batzuk ez. Cantoblancokoak ere ez du aurrera egin. Horrek erakusten du administrazioa bere lana egiten ari dela».
58 hektarea
Haize errotak ez baina eguzki panelak jartzea bideragarria dela diote txostenean, eta, ahaldun nagusiaren ustez, proiektu hori egiteko modukoa da. Zentral fotovoltaikoa Arraia-Maeztun jarri nahi dute, lehengoratze bidean den harrobi batean. 58,10 hektarea hartuko ditu guztira, eta, ingurumen txostenaren arabera, ondorio «onargarriagoak» izango lituzke, eremu hori jada «antropizatuta» dagoelako.
Aurrera begira jarrita, Gonzalezek azaldu du Eusko Legebiltzarrean adostasun handia dagoela lurralde plan sektorialaren inguruan —EAJ, EH Bildu eta PSEk baiezkoa eman diote—, eta plan horrek «bide orri» bat ezartzen duela benetan bideragarriak diren proiektuak gauzatzeko.