Urriaren 15 goizaldeko istiluen atzean terrorismoa ikusten du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atzo goizean, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegiko magistratuaren aginduz, Guardia Zibilak zortzi altsasuar atxilotu zituen, eta 22:30ean horietatik sei kartzelatzeko agindu zuen —Iñaki Abad, Oihan Arranz, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Jokin Unamuno eta Aratz Urruzola dira espetxeratu dituzten seiak—. Arratsaldean epailearen aurrean deklaratu zuten zortziek. Aurretik, fiskaltzak sei gazterentzat behin-behineko espetxealdia eskatu zuen. Fiskalak Zigor Kodeko 573. artikulu barruan ikusten du erasoa. Lamelak fiskalaren eskaria aintzat hartu zuen. Auzia instrukzio fasean egonagatik, epaimahaiak Lamelaren tesia onartuko balu, hamar eta hamabost urte arteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua dute.
Fiskalaren eskaria eta epailearen erabakia jakin aurretik, Madrilera bidean zihoala, Amaia Izko defentsako abokatuak aitortu zuen arratsaldean ez zekiela zerekin topo egingo zuten, «auzia bere onetik atera baita». Izkok itxaropena agertu zuen guztiak libre utziko zituztela eta «zentzugabekeria erabatekoa» ez zuela gauzatuko Lamelak. Alta, bere iritzia ez zuen aintzat hartu epaileak. Izkoren ustez, azken helburua Alde Hemendik mugimendua kriminalizatzea da: «Juridikoki eta eskubideen errespetutik, ez du inongo justifikaziorik».
Atxiloketak atzo goizean egin zituzten. Haietako hainbat, ikastetxera zihoazela atzeman zituzten. Hitzondo Altsasuko webgunearen arabera, beste pertsona baten etxera ere joan ziren, baina ez zegoen bertan. Altsasuz, Iruñean, Ordizian (Gipuzkoa), Gasteizen eta Agurainen (Araba) egin zituzten atxiloketak. Operazioari euskaraz Ausiki (alegia, hozkada) izena eman zion Guardia Zibilak.
Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak iragan astean kaleratutako autoan hamabi izen-abizen agertzen ziren, baina horietako bi adin txikikoak ziren. Horiek eta atxilotuak aparte utzita, Poliziek atzo atzeman ez zituzten beste biak bere kabuz aurkeztu ziren, atzo arratsean, Auzitegi Nazionalera.
Hasieratik azaldu dute borondatea denek. Izan ere, aurretik, euretako bi urriaren 15ean atxilotu zituzten, eta Iruñeko epailearen aurrean deklaratu zuten. Gainera, beste sei Iruñeko epaitegian euren kabuz aurkeztu ziren deklaratzeko prest, baina une hartan Maria Paz Benito Iruñeko 3. Instrukzio epaitegiko magistratua epaitegian ez zegoenez, euren izen-abizenak hartu zituzten eta deituko zituztela jakinarazi.
Alta, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio epaitegiko magistratuak ez zuen borondate on hori aintzat hartu , eta euren datuak eskura izan arren, atxilotzeko agindua eman zuen. Hasieran Iruñeko epaitegiak hartu zuen ikerketa bere gain, baina atzean terrorismo delituaren zantzuak egon zitezkeela ebatzi ostean, Lamelak hartu zuen ikerketa, urriaren 25ean.
Gertaerak, berez, urriaren 15eko goizaldean izan ziren. Kalez jantzitako Guardia Zibilaren teniente bat eta sarjentu bat, bikotekideekin zirela, kolpatu egin zituzten hainbat pertsonek, Altsasuko Koxka Tabernaren inguruetan. Tenienteari orkatilan ebakuntza egin behar izan zioten. Istilua gertatu eta gutxira, Guardia Zibilak 40-50 lagunek «segada» antolatu zutela azaldu zuen, eta berehala terrorismo delitu bat egon zitekeela aipatu zuen. Lamelak iragan asteko autoan aipatzen duenez, bi poliziak zerbitzuz kanpo zeuden hamabost eta hogei lagun arteko talde batek hainbat irain eta mehatxu egin zizkienean, eta kolpeak jo ere.
Beste bertsioa
Haatik, Altsasun bestelako bertsioa eman zuten. Ohar bidez zabaldu zutenez, gaueko ordu txikietan mozkortutako guardia zibilek irain larriak bota zituzten bertan zirenen aurka: «Hilko zaitut» eta «tiro bat botako dizut bekain artean» gisako mehatxuak egin zituzten. Polizien bikotekideetako batek biharamunean Foruzaingoaren aurrean kolokan jarri zuen guardia zibilen bertsioa, eta ukatu zuen 40-50 lagunek parte hartu izana. Foruzaingoaren atestatuak ondorioztatu zuen taberna giroko liskarra izan zela. Bi guardia zibilek nahiago izan zutela Foruzaingoaren aurrean deklaraziorik ez egin, erakunde militarrak hala aginduta. Guardia Zibilak ere, Iruñeko epaitegira bidalitako txostenean, bere hasierako bertsioa gezurtatu, eta ondorioztatu zuen ez zela antolatutako eraso bat. Orduan, ustezko gorroto delitu baten zantzuak zeudela aipatu zuen.
Haatik, Covite biktimen elkarteak Madrilen salaketa jarri, eta Lamelak bere gain hartu zuen auzia, gertaerak terrorismoarekin lotuz. Ezinbesteko zuen lotura juridiko hori egitea, auzia Iruñeko epaitegiari kentzeko. Atxilotuetako batzuk Ospa Mugimenduarekin lotzen ditu Lamelak iragan asteko autoan. Argudio horren arabera, guardia zibilen egunerokotasuna kaltetu nahi dute, «beldurra eraginez» eta «gizartearen aurrean baztertuz». Tesi horren arabera, guardia zibilei ezinegona eragin nahi izan zieten.
Atxiloketak pozarren hartu ditu Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak. «Albisteok agerian uzten dute legeak betetzen direla eta Zuzenbide Estatua egunero errealitate bat dela Espainian. Hura urratzen duenak Justiziaren aurrean erantzun behar du. Ziur nago epaileak nahikoa zantzu bilatu dituela herritarren mesedetan lan egiten duten bi pertsonen aurkako eraso larriaren aurka». Bere aldetik, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministro berriak Twitter bidez eman du bere iritzia: «Indarkeria ez da zigorgabe geratuko. Gure askatasuna defenditzen dutenen aurka eraso egiten dutenek ordaintzen amaituko dute».
Bestelako irakurketa egin du Maria Jose Beaumont Nafarroako Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak. Beaumonten arabera, «ez zen beharrezkoa» atxiloketok egitea, epailearen aurrean deklaratzeko borondatea agertu dutelako aldez aurretik.
Atzo eguerdian elkarretaratze bat egin zen Altsasuko udaletxe aurrean atxilotuak libre uzteko eskatzeko. Era berean, 19:00etan ehunka lagunek manifestazioa antolatu zuten herrian atxilotuak askatu lelopean. Manifestazioa amaitu ondoren, foruen plaza jendez bete zen, Madrildik zetozen albisteen zain.
Altsasuko udalaren agiria
Altsasuko udal batzak agiri bat onartu zuen, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta Goazen Altsasu (Ahal Dugu) udal taldeen aldeko botoekin. UPNk ez zuen babestu. Alde batetik, agirian harridura agertzen dute hainbat altsasuarren izenak, «euretako batzuk adingabeak», eurei jakinarazi gabe komunikabideetan agertu direlako. Azpimarratzen dutenez, gazteon gurasoek «babesik gabe eta oso kezkatuta daude» seme-alaben etorkizuna dela-eta, Auzitegi Nazionalaren mehatxuaren jakitun. Erakundeei babesa eskatu diete eta auzia Iruñeko epaitegira itzul dadin galdegin dute.
Sortuk prentsa ohar bidez gogor salatu ditu atxiloketak. Sorturen arabera, oraingo honetan terrorismo delitua fabrikatu dute «desmilitarizazioaren aldeko mugimendua kriminalizatzeko helburuarekin». Sorturen arabera, bigarren helburua da «Guardia Zibilak urte guzti hauetan egindakoa zuritzea».
Lamela epaileak Altsasuko zortzi atxilotuetatik sei espetxeratu ditu
Auzitegi Nazionalaren aginduz, zortzi lagun atzeman ditu Guardia Zibilak. Aurretik epailearen aurrean deklaratzeko asmoa agertu zuten, eta Izko abokatuaren ustez, auzia «bere onetik atera da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu