La Ligak Cloudflareri jarritako betoak BERRIAren webguneari ere eragin dio

Futbol emisio piratei aurre egitea erabaki du La Ligak, eta atzeman du horietako asko Cloudflaren ezkutatzen direla. Bitartekari hori era legitimoan baliatzen duten webguneei ere kalte egin die beto eskariak.

Realaren eta Bartzelonaren arteko partida, atzo. ANDREU DALMAU / EFE
Realaren eta Bartzelonaren arteko partida, atzo. ANDREU DALMAU / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko martxoaren 3a
11:15
Entzun

Larunbat eta igande arratsaldean BERRIA egunkariaren webgunean sartu ezinda ibili ziren irakurle asko; esaterako, Euskaltel operadorea kontratatua dutenak. Zergatik? La Liga eta Cloudflare enpresen arteko gerragatik. Futbol emisio piratei aurre egitea erabaki du La Ligak, eta atzeman du horietako asko Cloudflarek eskaintzen duen zerbitzuan ezkutatzen direla. Bitartekaria hiltzea erabaki du Espainiako futbol emisioen monopolioa duen enpresak, eta operadoreei eskatu die Cloudfare kontratatuta duten webguneak blokeatzeko. Beto eskaria onartu dute operadore batzuek; Masmovilek, adibidez —haren zerbitzua darabil Euskaltelek—. Ondorioz, gerra horrekin zerikusirik ez duten webgune askori ere egin diote kalte.

Webgune baten jabeen eta haren erabiltzaileen arteko harremana errazten dute Cloudflare enpresak eta haren tankerakoek. Bitartekariak dira: webguneetan sartzea azkartu eta babestu egiten dute, eta, ondorioz, webguneetako trafikoa eta erabiltzaileen esperientzia hobetzen dituzte. Bitartekaritza lan hori erabiltzaileek ez dute nabaritu ere egiten; webguneetako tripetan aritzen dira, digestioa arintzen. Horrelako bitartekari bat kontratatuta ez daukaten webguneetan sartzea mantsoagoa da, eta segurtasuna ere murriztu egiten da. Horregatik, denetarikoak dira Cloudflareren bezeroak; BERRIA eta Tokikom dira horietako bi, esaterako.

Hala ere, La Ligak atzeman du piratak ere badirela Cloudflareren bezeroak. La Liga arduratzen da Espainiako futbol ligako partidak emateaz, eta haren negozioari kalte egiten diote piratek, doan eta legez kanpo eskaintzen baitituzte futbol partida berak. Horregatik, aspalditik ari da haien aurkako gerran. 

Albo ondorioak

La Ligak Cloudflareri eskatua dio piraten aurkako neurriak hartzeko, uste baitu bitartekariak «babestu» egiten dituela. Harago joan da La Liga, eta operadoreei eskatu die Cloudflare baliatzen duten webgune guztiak blokeatzeko Espainiako futbol ligako partiden garaian. Horren albo ondorioak nabariak izan dira: piratei ez ezik, Cloudflare era legitimoan baliatzen duten webguneei ere kalte egin die beto eskariak.

Ez dago argi zenbat operadorek erabaki duten La Ligaren eskariarekin bat egitea, baina jakina da Masmovilek onartu duela. Horregatik, Euskaltel kontratatua dutenak, besteak beste, ezin izan dira BERRIAren webgunean sartu izan une jakin batzuetan. Otsailaren 23an nabaritu zuen blokeoa BERRIAk lehen aldiz, eta joan den asteburuan nabaria izan da etena: herenegun 16:00etatik ia gauerdira arte webgunea blokeatuta egon zen erabiltzaile gehienentzat, eta atzo, 14:00etatik 18:00etara. Espainiako futbol partiden garaian, hain zuzen ere. Atzo, adibidez, 16:15ean hasi zen Realaren eta Bartzelonaren arteko partida.

Ordea, ez dute operadore guztiek aintzat hartu La Ligaren eskaria; Orangek eta Movistarrek, esaterako. Operadore horiek ez dute betoa gauzatu, eta haiekin kontratuak dituztenak BERRIAren webgunean sartu ahal izan dira. Hain justu, operadore horien bidez eskaintzen ditu La Ligak futbol partidak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.