Azkenean, L'Alegresse berrizendatuko dute Miarritzeko La Negresse karrika (Lapurdi): alaitasuna erran nahi du. Izen horren hautatzeko, Miarritzeko Herriko Etxeak galdeketa bat abiatu zuen hilaren 17an, Bordeleko Administrazio Auzitegiak haren helegiteari uko egin ondoanLa Negresse auzian. Hiru izenen aukera zegoen: Lana Gresa (buztinezko lurra, gaskoiz), Buztinlurra eta l'Allegresse; auzoak jatorriz zuen izena, euskarazko Harausta, ez zuten proposatu galdetegiaren hautagaietan.
Azkenean, frantsesezko bertsioa hautatu dute galdeketari erantzun diotenen %50,49k, Lana gresa %29,53k eta Buztinlurra %19,97k. Miarritzetik kanpokoek ere bozkatu ahal izan dute: 2.018 parte hartzaileetatik %59,16 Miarritzekoak izan dira eta %40,83 kanpotarrak. Maiatzaren 5ean, astelehenean, herriko kontseilua bilduko da, eta galdetegitik atera izen berria bozkatu beharko dute. Horretaz gainera, La Negresse auzoaren izendapenari dagozkion auziak ere izanen dituzte aipagai.
Jatorrizko izenari uko
Badu hamar urte Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak auzoaren izen «sexista eta arrazista» salatzen duela. Bataila juridikoa 2020an abiatu zuten, 1861ean auzoari izena emateko herriko etxeak hartu zuen deliberoa bertan behera uzteko eskatuta. Paueko Administrazio Auzitegiak elkartearen argumentuen kontra egin zuen, baina Bordeleko Administrazio Auzitegiak besterik ebatzi zuen, eta auzoaren izena aldatzera behartu zuen Miarritzeko Herriko Etxea.
Orduan iritsi zen «akats materialean» oinarritutako helegitea. Herriko etxeak adierazi zuen ez dela inon ageri auzoari izena eman zion delibero hori, eta, beraz, ezinezkoa dela haren kontra egitea. Saiakerak ez zuen luze iraun, eta, hilaren 17ko ebazpenak, beraz, akats materiala izatea ukatu zuen.
Erabaki horrekin, beraz, izena aldatzea falta zen. Oroimenak eta Partekatzeak elkartearen sortzaile Karfa Diallok Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezari dei egin zion «arduraz joka dezan, historia malurus honetatik ateratzeko». Eta, izenaren aldaketari dagokionez, galdetu zuen karrikak eta auzoak jatorrizko euskal izena berreskura zezaten. Baina horretarako aukerarik ere dute utzi, galdeketako hautagaietan ez baitzen agertzen Harausta.
Arras berriki arte, oraino euskal toponimoz izendatzen zen auzoa. Hector Iglesias ikertzaileak, 2000. urtean aurkeztu zuen tesi lanean, xehe-xehe ikertu zituen Baiona, Angelu eta Miarritzeko leku izenak. Argiki erakutsi zuen nola Miarritzeko geltokiaren inguruko auzo hori Harausta, Harrausta, Heustarre edo Eguastarre deitzen zuten euskaldunek, baita dokumentuetan ere. Arbonako, Bidarteko eta inguruko beste euskaldunek Heustarre izena komunzki baliatzen zuten oraino XX. mendearen hondarrean.