Osasun arloko ituna adosten ari dira Eusko Jaurlaritza eta eragile politiko, sindikal eta sozial ugari. Irailaren 5ean eman zien Jaurlaritzak hark egindako diagnostikoaren berri, eta eragileak ekarpenak lantzen ari dira orain. Hilaren 25ean dira hurrengo bilera egitekoak, baina atzeratu egingo dute ziurrenik, ekarpenak ondo landu ahal izateko.
Bilera horietan parte hartzen ari ez diren eragileetako bat ELA sindikatua da, eta osasun arloko itunaren parte ez izateko arrazoietan sakondu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak gaur Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Kritiko azaldu da Jaurlaritzarekin: «Gobernu honek ez dauka konpromisorik Osakidetzarekin. Autokritika zintzoa izan beharko da: gauza bat esaten badut eta beste bat egin, autokritika horrek zer sinesgarritasun dauka?».
Batetik, nabarmendu du Osakidetzako mahai sektorialean ez dutela aurrerapausorik eman, eta, bestetik, salatu du Jaurlaritzak datozen aurrekontuei buruz ezarritako irizpide bat izan dela inbertsio publikoa ez handitzea Osakidetzan. «Gu mahai batean bagaude, Osakidetzako mahai sektorialean, baina ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela inolako konpromisorik proposamenekin eta Osakidetza publiko baten alde», adierazi du Lakuntzak. Lakuntzak salatu du Confebask mahaian dagoela, eta zehaztu du klinika pribatuen alde egingo duela patronalak. «Badugu arrazoi nahikorik osasun arloko mahaian ez egoteko».
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, berriz, ELAri mintzatu zaio gaur, esanaz sindikatu hark «bere burua baztertzea» erabaki zuela, «euskal gizartearen eskaera nagusiari» erantzuteko mahaian parte hartu beharrean: «Aulkia gordeta dago etorri nahi badu; espero dugu laneko arropa janztea».