Euskaldunak dira lau mutilak, nahiz haien artean erdara nagusitzen den. Hizkerari erreparatuta, bizkaitarra da bat, Lea-Artibai eskualdekoa; bestea, gipuzkoarra, Goierrikoa. Horiexek egiten dute euskara gehien, batez ere bizkaitarrak. Beste biak gipuzkoarrak ditugu: horietako bat lehorrekoa, Bizkaiarekiko mugatik hurbilekoa. Bestea, hiriburukoa, antza, Donostiari egiten dizkion erreferentziak direla eta. Esaldi bakan batzuk kenduta, erdaraz egiten dute biek. Euskaldun pasiboak ala euskaldun alferrak? Ez baita gauza bera.
Klasetik irten dira, eta autobusean doaz. Praktikak izan dituzte. «Gauza horiek bizi-bizian ikustea...». Etika eskola ere izan dute hizpide. Eta irakasle bat. Zahartua ikusi dute gizona. «Pena apur bat ematen dit», azaldu du hiriburukoak.
Unibertsitatean ikasten ari dira, baina beste bokazio batzuk dituzte. «Nik higiezin batzuen jabea izan eta horietatik bizi nahi nuke», adierazi du ustezko donostiarrak harro, paparra lehertu beharrean. Lehorreko gipuzkoarrak ere errentatzailea izatearekin egiten du amets. Mailegua eskatuko du Burgos aldean etxebizitza bat prezio onean erosi eta gero alokatzeko. «Bitartean, gurasoekin biziko nintzateke». Futbolariak, influencer-ak, musika izarrak. Orain espekulatzaile ere izan nahi dute zenbait gaztek. Zertarako ari dira medikuntza edo dena delakoa ikasten? Norbera haien kontsultan gaixo-kezkak azaltzen hasi eta haiek buruarekin «bai, bai», baina gogoan Hawaii.
Gimnasioari buruz mintzatu dira. Ez doaz egunero, baina bai sarri. Jarraian gaueko martxa aipatu dute. Eta neskak, ikasgelako neskak. Horietako bat dute gogokoena —testu honetan Laia izango da ezinbestean, badaezpada ere—. Haren izena entzun eta begiak piztu zaizkio goierritarrari. Donostiarrak putz egin du. «Buaaa... Ederra da Laia». «Bere lagunak ere bai, e?», segitu du hirugarrenak. Eta barre egin dute laurek.
Ederrak dira Laia eta bere lagunak. Enbra itzelak, bai. Lau mutilak erotzeko modukoak, amodio eta zalantzen saltsa-maltsan, Woody Allenen film batean bezala. Ahizpak izan gabe, baina ahizpak, funtsean. Neskak pisu batean bizi direla esan du goierritarrak. Ez omen dira askotan ateratzen. Ez dago haiekin topo egiteko aukera handirik. Gimnasiora joango balira...
Alta, gimnasioak leku seguruak dira egun emakumeentzat? Gero eta gehiago dira toki horietan gizonezkoekin batera egon nahi ez duten andrazkoak. Hori dela eta, taldeak sortu dituzte haientzat. Only Women. Baina hor ere, ez pentsa: pandemia garaian bi neskak izena eman zuten Hegoaldeko hiriburu bateko udal gimnasioan. Lehen egunean plantxa ariketa egiten ari ziren denak. 40 urtetik gorako monitorea hurbildu zaie gazteei. Makurtu eta eskua sabelean ipini die ondo uzkurtua eta gogortua duten frogatzeko edo. Beste emakume guztiak 50 edo 60 urtekoak dira, baina haiei halakorik ez. Ezer ez. Hogeita gutxi urteko neskak dira baldar bakarrak, antza. Bigarren egunean haiengana joan gizona, eta eskua sabelean berriro. Beste andreei, deus ere ez. Ez zen hirugarren saiorik izan. Neskak ez ziren gehiagotan agertu.
Laia eta bere ahizpak ez daude gimnasioan; bai, ordea, mutilen kolkoan. Goierritarrak ahotsa altxatu du. «Ni pisu horretara banoa inoiz, preso eramango naute», esan du, irri maltzurra ezpainetan. Eta besoak altxatu eta ukabilak bildu ditu, eskuburdinak ipini eta atxilotu balute bezala. Barre egin dute. Preso eramaten badute, nesken kontrako zerbait egiteagatik izango da, sexu-eraso bat, ez komunera joan eta txiza kanpoan egiteagatik. Norbait bortxatuko lukeela iradoki du matxitoak, eta barre, besteek. Zeinen jatorra den gure laguna. Horixe bai mutil bero eta abila! Luzaroan bizi bedi haren zakila!
Autobusa Bilbora iritsi da. Jaitsi dira lau gazteak. Lagunak agurtu eta badoa goierritarra. Ikasle pisurantz abia liteke. Zergatik ez tabernara, zerbait hartzera? Edo gimnasiora. Eta Laia eta bere lagunak topatuko banitu bertan? Ufa! Preso eramango nindukete.