DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforman eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoan «murrizketak» egin dituztela eta horien bidez «pertsonarik pobretuenak, prekarizatuenak eta zaurgarrienak laguntzetatik baztertu» nahi dituztela salatu dute gaur, Bilbon, manifestazio batean. Prestazio sozialetan egindako murrizketa berriei ez. Kriminalizazioari eta pobretzeari aurre egin lelopean, ehunka lagunek hartu dute parte protestan, gizarte eragile ugarik deituta.
Gizarte laguntzak eskuratzea zailtzea egotzi diete neurri berriak hartu dituztenei. Izan ere, deitzaileek azaldu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iaztik indarrean den DSBE berria jaso ahal izateko, etxebizitza kontratu bat aurkeztu behar da, eta horrek kanpoan uzten ditu halakorik ez dutenak, bizitoki huts bat okupatzen ari direnak edo berralokatuta bizi eta logela bakoitzeko komun propiorik ez dutenak. Era berean, etxebizitza prestazioa jasotzeko, Etxebiden hiru urtez izena emanda egon behar da. «Murrizketa politika honek errenta baxuenak dituztenei eragiten die: migratzaileak, hilabete amaierara zailtasunez iristen diren familiak, enplegu prekarioak dituztenak, langile gazteak, guraso bakarreko sendiak...».
Erreforma horiek «pobretze orokorraren testuinguruan» kokatu dituzte: «Instituzioek gastu publikoa murriztu nahi dute, sektore prekarizatuenei prestazioak murriztuz». Gainera, pobretzearekin lotu dute kriminalizazioa, prozesu beraren parte direlakoan: «Batetik, gizarte sektore batzuk prestazioetatik baztertzen dituzte, eta, bestetik, bazterketa hori zilegi bihurtzeko abagune kultural, politiko eta sozial bat sortzen dute. Horren seinale da egoera irregular edo legez kanpoko baten adierazletzat jotzea irizpide burokratikoak ez betetzea; hau da, pobreegia bazara eta etxebizitza kontraturik ez baduzu, ardura zure gain eroriko da, egoera irregularrean bizi zarela ondorioztatuko dute, eta laguntza eskuratzeko aukera kenduko zaizu».
Askotariko eragileak izan dira gaurko mobilizazioaren deitzaileen artean, hala nola Eskubide Sozialen Gutuna, Argilan-ESK, Berri-Otxoak, Argitan, Ekologistak Martxan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Kakitzat, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bizkaiko SOS Arrazakeria, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista... Manifestazioan zehar, murrizketen aurkako aldarriak bota dituzte, eta antolatzera deitu dute. «Mobilizazioei esker, erreforma horiek hartzen ari diren norabidea azaleratu ahal izan dugu», adierazi dute amaieran.