Lehortea, Euskal Herrian

Laguntza, kanpoan

Ura falta duela eta, Karrantzak laguntza eskatu du. Esan du Bizkaian ez diotela eman. Ur partzuergoak ukatu egin du eskaerarik jaso izana. Azkenean, Kantabriatik ekartzen hasi dira ura, kamioietan: 200.000 litro egunero.

Kamioi bat, ura San Esteban auzoko biltegian deskargatzen, Karrantzan. Kantabriatik ekartzen dute ura. RAUL PALACIO
Ibai Maruri Bilbao.
2022ko irailaren 23a
11:34
Entzun

Karrantzan urtegi bi dituzte: Argañedakoa eta Cerrojakoa. Haietatik hornitzen dira, baina udako sikateak ia hustu egin ditu: edukieraren %13 eta %32 dute betea, hurrenez hurren. Hilabeterako daukate ura. Aspaldi ikusi zuen udalak arriskua: uztailean, ura neurriz erabiltzeko eskatu zieten herritarrei, eta, abuztuan, debekatu egin zieten ortuak eta lorategiak ureztatzea, baita igerilekuak betetzea eta autoak garbitzea ere. Irailaren 14tik, ura Ramales de la Victoriatik (Kantabria, Espainia) ekartzen hasi dira, kamioien bidez. Raul Palacio alkateak esan du lehenengo Bizkaian ahalegindu direla laguntza lortzen, baina ez dutela lortu. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ukatu egin du eurengana jo dutenik.

Zelan kudeatzen dute ura Karrantzan?

Karrantzako Udala arduratzen da uraren kudeaketaz. 2004an, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko asmoa agertu zuen orduko udal gobernuak —EAJ—, baina oraindik ez dute pauso hori eman, eta, gainera, egungo gobernua —Karrantza Zabala— ez da horren aldekoa. Sartzeko eskaera egin zenean, foru aldundiak Argañedako eta Cerrojako urtegiak eraiki zituen, ondoren partzuergoaren esku uzteko. 320.000 metro kuboko edukiera du Cerrojakoak. Argañedakoak, 120.000koa; baina eraikitzean egindako akatsak ditu, eta edukieraren %43 baino ezin da bete. Horregatik, ahal baino ur gutxiagorekin hasi ohi dute uda. Diputazioak egin ditu konponketak, baina, oraingoz, ez dira balekoak izan.

Zenbateko ur premia izan ohi du Karrantzak?

Bizkaiko herririk handiena da Karrantza: ia 138 kilometro koadro ditu. Baina 2.700 bat biztanle baino ez. Haienean behiek kontsumitzen dute ur gehien. Bizkaiko abelburuen %80 han daude: 12.000 inguru. Behiek ur asko behar dutela esan du Palaciok: “Bakoitzak ehun bat litro egunero; bero egiten duenean eta belarra lehor dagoenean, gehiago”. Azpiegiturak garbitzeko ere ur asko erabiltzen dute abeltzainek. Alkatearen arabera, urtegi biak beteta egongo balira, eskaera guztiari erantzuteko gai izango lirateke; “baita aurtengoaren moduko urte lehorretan ere”. Horregatik, Argañedako urtegia konpontzeko eskatu dio aldundiari.

Ur falta ikusita, zer egin du Karrantzako Udalak?

Karrantzako alkateak azaldu duenez, ura faltako zitzaiela ikustean, “diputazioarekin eta ur partzuergoarekin hartu-emanetan” ipini ziren: “Abuztuaren 16an, partzuergoko batzorde exekutiboko kide batekin izan nintzen, eta esan zidan oso zaila izango zela haiek guri laguntzea. Diputazioak partzuergoari ematen dio uraren kudeaketarako laguntza guztia, hark kideen artean banatzen du, eta kide ez garenontzat ez dago ezer”. 112 udaletatik hamahiruk kudeatzen dute euren kabuz.

Zer diote erakundeok?

Bizkaiko Hitza Bizkaiko Foru Aldundiarekin ipini da harremanetan, eta hark idatziz erantzun dio. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailetik esan dute Ingurumen Zuzendaritza abuztuaren 16an elkartu zela Palaciorekin, hark eskatuta. “Alkateak esan zuen Ramales de la Victoriatik 170.000-200.000 litro ekartzeko akordioa zutela, baina gutxi izango zela, eta foru aldundiarekin ur hornidura akordio bat egin nahi zuela. Erantzun zitzaion eskumen hori ez dela aldundiarena, eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin edo inguruko udalekin ipini beharko zela harremanetan, eskumena haiena delako”.

Foru aldundiaren arabera, ura Kantabriatik ekartzeak sortutako kostuekin laguntzeko ere eskatu zuen alkateak; ezetz erantzun zioten, diputazioak “ezin duelako eman bere aurrekontuan jasota ez dagoen diru laguntzarik eta ezin duelako ordaindu berak jaso ez duen zerbitzu baten fakturarik”. Aldundiak esan du ur partzuergoarekin konponbide baten bila aritu dela “uda osoan”, eta “ahalik eta lasterren” topatzea espero dutela.

Ur partzuergoak ukatu egin du alkateak salatutakoa: “Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ez du Karrantzarako zerbitzuari dagokion eskaera bakar bat ere jaso. Jaso izan balu, beste udalekin egingo zukeen moduan, Karrantza ere lagunduko luke”. Pedro Barreiro partzuergoko kudeatzaileak elkarrizketa bat eman du Radio Bilbao irratian, eta esan du partzuergoak ez duela kide ez direnei laguntzeko obligaziorik, baina eskatu izan diotenean beti egin duela. Haren ustez, partzuergoan sartzeak konponduko lituzke urarekin dituzten arazoak.

Udalak zergatik ez du sartu nahi partzuergoan?

Karrantzako udal gobernuaren esanetan, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzea ez da “bideragarria”. Alkatearen arabera, sartu ahal izateko, partzuergoak hamar milioi euroko inbertsioa eskatu zien, udalerriko sarea “haiek exijitutako egoerara egokitzeko”. Haraneko ekonomiarentzat kaltegarria litzatekeela ere esan du: “Deloite aholkularitza enpresak ikerketa bat egin zuen, ur partzuergoan sartzeak abeltzaintzan izan ditzakeen ondorioak ezagutzeko: ustiategien %70 zarratuko lirateke, uraren faktura ordaindu ezinik”.

Karrantzako EAJk, ostera, ez du partzuergoan sartzea beste irtenbiderik ikusten. Aitortu du faktura garestituko litzatekeela, baina ohartarazi du orain kostuaren azpitik ordaintzen dutela ura, eta Europako Batasunak derrigortzen duela balio duen beste ordaintzera. “Prezioa egokitu ezean, isunak iritsiko dira”, ohartarazi du. EAJk esan du diputazioak abeltzainentzako laguntzak dituela uraren kostuari aurre egiteko.

Partzuergoaren arabera, udalak kide egiteko asmoz joaten zaizkienean, herriak ur hornikuntzan eta saneamenduan duen egoera aztertzen dute. “Sartzeko hitzarmenaren baldintzak udalaren eta partzuergoaren artean adosten dira”. Partzuergoak esan du duela urte batzuk egin ziola Karrantzari tarifa proposamena: “Progresiboa da, kontsumoaren araberakoa. Horrela, herritarrek kontsumitzen dutenaren arabera ordainduko lukete, eta ez abeltzain baten moduan, gaur egun gertatzen den bezala”.

Zer gertatzen da araztegiekin?

Ur partzuergora sartzeko asmotan zebiltzala, Karrantzako orduko udalak eta diputazioak ur zikinen araztegi bat egiteko akordioa sinatu zuten 2011n. 2014an, bigarrena egitea adostu zuten, diputazioak egindako araztegi bat egungoekin lotzeko eta martxan jartzeko. “Diputazioak ikusi zuenean ez ginela partzuergora sartuko, obrak bertan behera uztea erabaki zuen. Haren kabuz, akordioa eten zuen”, gogoratu du Palaciok. Udal gobernuak auzitegietara jotzea erabaki zuen. Joan den uztailaren 1ean, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia iritsi zen. “Epaiak dio erakunde arteko akordioek baliagarri diren epe bat izan behar dutela zehaztuta, 2015eko lege baten arabera, eta, gure kasuan, bi horiek ez zuten. Beraz, bi akordio horiek iraungita daude”, azaldu du alkateak. Beraz, alde horretatik, Karrantzak ez du zer eginik.

Baina udalean pozik daude epaiarekin: “Atea zabalik utzi du hainbat azpiegituratarako laguntza behar dugunean diputazioaren babes ekonomikoa eskatzeko; besteak beste, urari lotuta daudenetan”. Orain hori egingo dutela esan du alkateak, eta diputazioak ur horniduraren auzia konpontzeko laguntza ekonomikorik eman gura ez badie, berriro auzitara jotzeko prest daude.

Zenbateko gastua da ura kanpotik ekartzea?

Ramales de la Victoriatik egunero 200.000 litro ekartzen ari dira. Lehorteak jarraituko balu, kopurua handiagoa litzateke. Kantabriako Ampuero ere laguntzeko prest dago. Kamioi bakoitzak 28.000 litro garraiatzen ditu. Hala, egunero ura dakarten sei-zazpi-zortzi kamioi iristen ari dira Karrantzara, eta hori egunean 2.000 euroko kostua da udalarentzat. “Ez dakigu noiz arte ibili beharko garen ura ekartzen; beraz, ez dakigu zenbat ordaindu beharko dugun guztira. Udalaren aurrekontua lau milioi eurokoa da, baina han ez dago horretarako dirurik gordeta. Ez dakigu nola moldatuko garen ordaintzeko”, kezkatu da alkatea.

Ez da horrelako egoera batean dauden lehen aldia. 2019an, Matienzo auzoko iturburu batetik ura hartu, eta Argañedako putzuak hornitzen dituen ur biltegietara eroan zuten, kamioiekin. Horrela saihestu zituzten ur mozketak. Erabaki hori 50.000 euroko gastua izan zen udalarentzat. Saiatu ziren faktura diputazioari pasatzen, baina alferrik. Orduan sinatu zuten protokoloa Ramales de la Victoriarekin, hurrengo eskasian ura handik ekarri ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.