Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Nekane Artola: «Laguntza gehigarriak jaso ahala, hein berean jaitsiko ditugu kuotak»

Hezkuntza Legearen lanketaren lehen aroan ikastolek haren edukietan esperantza bazutela gogoratu du Artolak, eta ekarpenak egiten ahalegindu direla; ez ditu ase, ordea.

(ID_13384602) (maialen andres/@FOKU) 2023-11-28, Donostia. Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Nekane Artola, solasean. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

«Aukera galdua». EAEko Hezkuntza Legearen eduki behin betikoak zein izango diren argituz joan den heinean, hitz horiek etorri zaizkio usu gogora Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolari (Lezo, Gipuzkoa, 1975). Ez du balioko beste egoera baterako «oinarriak» jartzeko. 

Hezkuntza ituna onetsi berritan, esan zenuten «ausartak» zirela segregazioari aurre egite aldera hartu ziren neurriak. Lehengoan dira?

Bai, balorazio igualtsua egiten dugu. Neurri ausartak dira, guri ere konpromiso bat eskatzen digutenak, eta betetzeko prest gaude. Argi edukita segregazioa ez dagoela hezkuntzan bakarrik. Erronka honi herri moduan erantzun behar diogu: modu integral batean. 

Hasi dira segregazioaren aurkako neurriak. Ikasturte honen matrikulazio kanpainan, zaurgarritasun indize bati erreparatzen hasi zen Jaurlaritza. Ikastoletan zenbait sendiren kexuak eragin ditu horrek. Berriz sor daitezke txinparta horiek?

Bai, sor daitezke. Normala da; zuk espero ez duzun zerbait egokitzen zaizunean, egonezinak sortzen dira. Guk konpromiso batzuk hartu genituen, eta esan genuen prest geundela pauso batzuk emateko, baina, era berean, esan genuen matrikulazio prozesuan ikastetxe denek baldintza eta joko arau berdinak behar genituela. Gure ustez, prozedura ez da behar bezain gardena izan, eta ez dakigu zaurgarritasun indizea kalkulatzeko tresna horiek eraginkorrenak diren ere. Ez dakigu zein izan den emaitza ere: zaurgarritasun indizea ezarri da, izan da ikasleen mugimendu bat, baina ez dakigu zein izan den horren emaitza.

Ikasle zaurgarrien eta ez-zaurgarrien kuotez hitz egitea ekarri du gaiak. Umeak daude atzean, familiak. Ez al litzateke asmatu behar gaiaz aritzeko beste era bat?

Bai, guztiz ados, etiketatu egiten ditugu eta. Aniztasuna, inklusioa; landu behar ditugun kontzeptuak dira, eta terminologian ere igual lan bat egiteko daukagu. Sentsibilitate handiz egin behar da prozesua, terminologia zainduz, eta pertsona horiek kontuan hartuz.

Familiekiko komunikazioa garrantzitsua izango da hor, ezta?

Erabat. Horregatik dira inportanteak baliabideak erronka berri hauei aurre egiteko, eta koherentzia. 

Segregazioarekin lotuta dago gurasoek egun itunpeko zentroetan pagatzen dituzten kuoten gaia. Legearen arabera, bertan behar utzi beharko dira.

Bai, bertan behera utzi beharko dira Hezkuntza Sailak finantzatuko dituen kontzeptuei erantzuten diotenak: kuota horiek. 

Publikoki esan duzue, hala ere, heldu den ikasturtean ez dela aldaketarik izango alde horretatik ere. Diru kontuak ez datoz bat?

Oinarrizko irakaskuntzari dagokionez, legeak bi aipamen egiten ditu: batetik, «doakoa» izan behar duela, eta, bestetik, administrazioak hori bermatzeko baliabideak jarriko dituela ikastetxeen esku. Bigarren adierazpen horri dagokionez, administrazioak oraindik ez ditu baliabide horiek jarri. 2024ko aurrekontuetan ez dago oinarrizko irakaskuntza finantzatzeko diru sail gehigarririk; hortaz, ezin ditugu horri dagozkion kuotak murriztu edo desagerrarazi. Laguntza gehigarriak jaso ahala, hein berean jaitsiko ditugu kuotak, orain arte egin dugun moduan.

Eta nola egin zio ekonomikoengatik inori aterik ez ixteko?

Guk ez diogu inori aterik ixten. Areago, ikastoletan oso sozializatuta daude barne bekak halako egoerei aurre egiteko. 

«'Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa' kontzeptu bezala aipatzea aurrerapauso garrantzitsua da guretzat. Gure bokazioa, jaiotzetik, publikoa izan da»

Euskal Eskola Zerbitzua Publikoa aipatzen da legean. Pozik zaudete eman zaion taxuarekin?

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa kontzeptu bezala aipatzea aurrerapauso garrantzitsua da guretzat. Ikastolok ere hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen dugu: gure bokazioa, jaiotzetik, publikoa izan da. Zein da kontua? Hor printzipio batzuk zehazten dira, gu ados gaude horiekin, baina uste dugu betebeharrek askoz ere zehatzagoak izan beharko luketela. Euskal Eskola Zerbitzu Publiko horretan ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta betebeharrak zehaztu behar dira. 

Zertan, adibidez?

Bada, laikotasunean, segregazioari aurre egiteko neurrietan, hizkuntza proiektuetan... Gero horiei jarraipen bat egin behar zaie, eta jarraipen hori administrazioak egin behar du. Betebeharrak betetzen diren momentuan izango gara denok Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte; denak, edo batzuk.

Azkenean, hizkuntza ereduak aipatu dira legean. Zer diozue?

Kezka eragin digu. Beste zerbait behar dugu. Guk murgiltze eredua dugu ikastoletan, eta orain arteko eraginkorrena da; hori egiaztatuta dago...

Eta, hala ere, gero eta nekezago ari da...

Bai, datuak hor daude: hor ere ez da urre dena, ezta gutxiago ere. Orduan, esaten dugu: «Murgiltze eredua da eraginkorrena; bada, egin dezagun plan bat denak murgiltze eredurantz joateko». Lehen segregazioaz aritu gara; bada, iruditzen zaigu euskara ezinbesteko osagaia dela gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako, eta ereduek justu kontrakoa egiten dute: segregatzaileak dira. 

Kezkatzen zaituzte hilabeteotan hezkuntza publiko eta pribatu deituen artean sortu den debatearen gordintasunak?

Uste dugu modu eraikitzailean erantzun behar diegula herri honen erronkei; horregatik, askotan ez gara sartzen halako eztabaida polarizatuetan. Ekarpen bat egiteko gaude hemen; hala sortu ginen. Hori oraindik oso barneratuta daukagu, eta nahi duen guztiarekin partekatzeko prest gaude. 

«Euskal curriculuma, euskal kulturaren transmisioaren ingurukoak... Euskal dimentsioa duen horrek oso toki txikia du lege honetan»

Ikastolak elitista diren ideia sortu da hainbat tokitan. Lege honek lagun dezake apurtzen?

Egia da: ez guk sortu ditugulako, baina hezkuntza sistema antolatua dagoen eragatik, ez zaie erantzun hainbat erronkari behar bezain azkar, eta egoera gordinak sortu dira, ikastetxeen arteko segregazio egoerak-eta. Baina esan dut: guk ez diogu inori aterik itxi, eta ez diogu itxiko. 

Pena duzue legean ez delako aipatzen Euskal Herria bere zabalean. Euskal Herri osora begira ari zarete zuek. Nola lagunduko luke aipamenak?

Izugarri. Ez bakarrik Euskal Herria kontzeptu bezala aipatzea, baizik eta euskal curriculuma, euskal kulturaren transmisioaren ingurukoak... Euskal dimentsioa duen horrek oso toki txikia du lege honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.