Herri txikiak (I)

Lagran: despopulatzea gelditzea dute erronka

Arabako Mendialdean dago Lagran, eta biztanleriaren zaharkitzea du arazo nagusi: 174 biztanle ditu, 65 urtetik gorakoak hirutik bat baino gehiago. Garraio zerbitzu eskasa, enplegu falta eta etxebizitzaren arazoak traba dira biztanle berriak erakartzeko.

Arabako Mendialdean dago Lagran herria. RAUL BOGAJO / FOKU
Arabako Mendialdean dago Lagran herria. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Lagran
2024ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Abendu erdialdeko astelehen eguerdi batean, herriko iturriaren hotsa eta txorien kantuak baino ez dira entzuten Lagranen (Araba). Etxe bateko teilatua konpontzen ari diren langile batzuen mailukadek urratzen dute isiltasuna noizbehinka. Ia hutsik daude kaleak, bare: txakurra paseatzera atera den emakumea, herria alderik alde gurutzatzen duen gizona, eta herriak zeharkatzen duen errepide estutik aldian behin igarotzen den autoren bat. BERRIAren presentziak arreta emanda-edo gerturatu da gizon bat. Gasteizen bizi da emaztearekin, eta Lagranen du bigarren etxebizitza, asteburuetarako eta opor garairako baino ez. Haren etxearen teilatua da langileak konpontzen ari direna. «Hemen ez dago zer eginik. Lasaitasuna besterik ez duzu topatuko; aspertzeraino da lasaia», adierazi du.

Arabako Mendialdean dago Lagran herria. RAUL BOGAJO/ FOKU
Toloño mendilerroaren magalean dago Lagran herria. RAUL BOGAJO / FOKU

Alabaina, herrian bizi direnei galdetuta, ez da sumatzen halako aspergurarik eta atsekaberik. Arabako Mendialdeko herri txiki batek izan ditzakeen desabantaila eta gabezia batzuk gorabehera, Lagranen «gustura» eta «pozik» daudela aitortu dute askok. «Komunitatea indartzen ari gara, herritarrak herriaren parte sentitu daitezen», azaldu du Urtzi Gaintzarain alkateak (EH Bildu). Nahi baino baliabide gutxiagorekin, baina elkarlanean gauzak egitea du helburu udal gobernuak, eta asmo horrekin ari da lanean despopulatzeari aurre egiteko eta bertan geratu nahi duten gazteei aukerak emateko, eta garraio zerbitzua hobetzeko, besteak beste.

Izan ere, Arabako Mendialdeko herri gehientsuenen gisara, despopulatzea eta biztanleriaren zaharkitzea dira Lagrango mehatxu behinenak. Eustaten azken datuen arabera, Arabako 330.209 biztanleetatik 3.232 baizik ez dira bizi eremu zabal horretan. 174 biztanle ditu Lagrango herriak, eta 65 urtetik gorakoak dira hirutik bat baino gehiago. Nolanahi ere, herrira biztanle gazteagoak iritsi dira azken hamar urteetan, eta horri esker lortu da batez besteko adina koska bat gaztetzea. Pozik dago alkatea: «Lehen 64 urtekoa zen batez besteko adina, eta 56 urtekoa da orain. Herria apur bat gaztetu da».

«Garraio publiko eskasa izatea deserosoa da premiazko bidaia egin behar duenarentzat edo aurreikusi gabeko bidaia bat egin nahi duenarentzat»

URTZI GAINTZARAINLagrango alkatea

Gasteiztik 40 kilometrora, Toloño mendilerroaren magalak ingurune ederrak eskaintzen dizkie bertakoei; naturaz gozatzeko parada eta sosegua nahi adina dituzte, baina badira herritarren egunerokoa hain samurra egiten ez duten aldagaiak. Mugitzeko zailtasuna da horietako nagusia. Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du Gasteiz-Lagran autobus zerbitzua, baina «oso eskasa da», eta are eskasagoa udan, asteburuetan zerbitzurik ez baitu eskaintzen. «Deseroso samarra da premiazko bidaia egin behar duenarentzat edo aurreikusi gabeko bidaia bat egin nahi duenarentzat», azaldu du Gaintzarainek.

Garraio publikoaren gabezia landa eremuko taxi zerbitzuak betetzen du, baina hura ere ez da aski. Zerbitzua aurreko egunean eskatu behar da, eta horrek ere zailtasunak sortzen ditu. Jende helduak erabiltzen du zerbitzua gehien, eta «argi dago halakorik egongo ez balitz herritar batzuek ez luketela nola mugitu», alkateak dioenez.

Gazteak nola errotu

Ohikoa izaten da gazteak landa eremuetatik hiriguneetara joatea, eta, ondorioz, herri txikietan biztanle gutxiago eta zaharragoak izatea; Lagran ez da salbuespen bat. Hala ere, azken urteetan joera hori apur bat etetea lortu dute herrira bizitzera joan diren familia berriei esker. Eta duela hamarkada bat pentsaezina zena gertatu da: gaur egun hamar ume bizi dira herrian; Bernedoko haur eskolara doaz horietako hiru, eta Kanpezuko ikastolara beste zazpiak.

Nolanahi ere, Lagranen bizitza proiektuak modu integralean garatu nahi dituzten gazteentzat aukera gutxi dago, batez ere etxebizitza bat eskuratzea zaila dutelako. Herrian salgai direnak merkeak dira, baina zaharberritu behar dira, eta, beraz, gazte gehienek gurasoen habia uzten dutenean, Gasteizera joaten dira bizitzera. «Etxebizitza muga bat da gazteak hemen gera daitezen».

Lagran
Lagrango etxebizitza bat, salgai. RAUL BOGAJO / FOKU

Enpleguarekin ere lotuta dago arazoa. Biztanleria zahartuta izanik, zailagoa izaten da jardun ekonomikoa sortzea, eta Mendialdeko ekonomian industriak pisu txikia du: enpresa farmazeutiko handi bat dago Bernedon, eta tamaina erdiko bizpahiru izango dira inguruan, gehienez ere. Baina familia enpresa txiki asko daude. Lehen sektoretik bizi direnak badira, baina hirugarren sektoreak (zerbitzuak) du indar handien. Beraz, asko dira lan egitera kanpora joaten direnak, Gasteizera, Lizarrara (Nafarroa) edo Logroñora (Errioxa, Espainia); baina gero egunerokoa herrian bertan egiten dute.

Oinarrizko zerbitzu gehienak urrun ditu Lagranek. Ez du ez eskolarik, ez osasun zentrorik. Hala ere, astean bitan kontsulta irekia du medikuak, eta hilabeteko lehen asteazkenean odol analisiak egiten ditu. Egun horietatik at artatua izan nahi duenak Bernedoko edo Kanpezuko osasun etxeetara joan behar du. 27 kilometrora dago Lanbideren bulegoa, Oionen, eta 23 kilometrora Ertzaintzaren polizia etxea, Guardian. Eta garraio publikorik ez dago bi herrietara. Denda bakar bat ere ez da herrian, eta aste barruan ogia, arraina, fruta eta bestelakoak saltzera joaten direnei erosten diete bertakoek. Erosketa handiak egiteko, berriz, Gasteizera edo Logroñora joan beharra dago.

Eguneko zentroa edadetuentzat

«Terek oso ogi goxoa saltzen zuen, baina garai bateko dendak itxita daude jada. Orain erosketak egiteko Gasteizera joan behar da, zer egingo diogu!». 93 urte ditu Maria Markinezek, eta Lagrango eguneko arreta zentroan eskulanak egiten dituen bitartean hasi da herriaz hizketan. Madrilen bizi izan zen 40 urtez, eta senarrak erretiroa hartuta erabaki zuten Lagranera bueltatzea, jaioterrira. Alargun geratu zen duela bi urte, eta semearekin bizi da orain. Eskertzen du haren konpainia: «Ez dut gustuko gauez bakarrik egotea».

Lagran
Egoiliarrak eta Maria Angeles Teso zaintzailea Lagrango eguneko zentroan. RAUL BOGAJO / FOKU

Egoiliarrentzako bazkaria han bertan prestatzen dute, eta beharrezkoa duten arta ematen diete: astean bitan pasatzen da medikua, farmazialariak botikak eramaten dizkie eta aldiro podologoa ere joaten da. Anbulantzia bat ere izaten dute atarian, larrialdietarako eta egoiliarren joan-etorrietarako.

«Garai bateko dendak itxita daude jada. Orain erosketak egiteko Gasteizera joan behar da, zer egingo diogu!»

MARIA MARKINEZEguneko zentroko egoiliarra

Sei egoiliar daude arreta zentroan, eta han igarotzen dute eguna, goizetik arratsalderaino. Bi emakume aritzen dira zaintzaile, eta horietako bat da Maria Angeles Teso gasteiztarra. Guardian hogei urtez bizi ondotik, Villafrian bizi da egun, eta ongi daki zer den herri txiki batean bizitzea. Gustuko du. Bi gabezia baino ez dizkio ikusten Lagrani: Interneterako konexio «kaskarra» eta garraio publiko «eskasa». «Hori kenduta, ez dut ezer faltan. Lasai bizi gara».

Taberna eta auzolana

Zerbitzuak gertu ez izatera ohituta daude bertakoak, eta askorentzat herri txiki batean bizitzea ez da desabantaila. Lagranen bi taberna daude, eta El Fronton izenekoan lan egiten dute Jesus Mari Saenz Ozaeta eta Tere Valderrama senar-emazteek. Barraren bestaldean dabil Valderrama garbiketa lanak amaitu berritan. Goizeko lehen orduko kafe katiluak ongi paratu ditu, eta sukaldera sartu-irtenak egiten hasi da. Hutsik dago taberna, baina ez da beti horrela egoten: «Beti dator bezeroren bat, hamaiketakoa hartzera, bazkaltzera... Langileak dira gehienak, edo herritik igaro eta bazkaltzera gelditzen direnak».

Hirigunea utzi eta landa eremura lekualdatu zen bikotea orain dela 30 urte. Gasteizen bizi ziren, baina bizimodua errotik aldatu eta Mendialdera joan ziren, bertan bizi eta lan egiteko xedez. Lagranen aurkitu zuten aukera hori. Aldi baterako bizitzeko asmoarekin joan ziren hara: «Gasteizen bizi ginen, eta esan genuen pare bat urtez probatuko genuela. Bada, 30 daramatzagu».

Lagran
Tere Valderrama El Fronton tabernan lanean. RAUL BOGAJO / FOKU

Bi haur txikiekin joan ziren Lagranera: 10 urte zituen nagusiak eta 5 txikienak, eta garai hartan ez zegoen umerik herrian, baina uste baino samurrago moldatu ziren. Handik urte batzuetara izan zuten hirugarren alaba, eta hura izan zen denbora luzez Lagrango ume bakarra. «Urte askotan autobusean bakarrik joaten zen haur eskolara», gogoratu du Valderramak. Hasierako urteak «nekezak» izanik ere, Lagranen bizitzeko hartutako erabakia ez zaio damutu bikoteari. Garraio publikoa hobetzea eta etxebizitzaren arazoa konpontzea lehentasunezkoak direla onartzen dute, baina pozarren daude herrian: «Ez nuke aldatuko hiriarekin».

«Gasteizen bizi ginen, eta esan genuen pare bat urtez probatuko genuela. Bada, 30 daramatzagu»

TERE VALDERRAMATabernan egiten du lan

Duela urtebete hartu zuten alokairuan taberna. Eguneko menuak-eta eskaintzeaz gain, asteartero barbakoa bat egiten dute herritarrekin, eta astelehenero joste eta eskulan tailer moduko bat antolatzen hasiak dira han bertan. Valderramak dioenez, herri txikietan ezinbestekoa den auzolana eta «komunitate izaera» indartzeko ale bat jartzen du tabernak.

Beste ale bat San Kiliz kultur elkarteak jartzen du. 30 urte inguru daramatza Lagrango eta inguruko herritarren arteko harremanak eta topaketak sustatzen, kultur eta kirol jarduerak sustatu eta antolatuz. Txangoak, tailerrak, bazkariak eta gisako jarduerak egiten dituzte urte osoan, herritarrak «saretzeko» asmoz, Unai Ibañez elkarteko arduradunak azaldu duenez. Elkarteari esker urtean behin gutxienez bidaiatzeko aukera dute adineko herritarrek: «Guk antolatuko ez bagenu, zahar askok ez lukete bidaiatuko».

«Hemen autoa edozertarako behar duzu, eta lan eskaintza oso murritza da. Oso nekeza da bizitza proiektu bat garatzea»

UNAI IBAÑEZSan Kiliz kultur elkarteko kidea

Gasteizen bizi da Ibañez, baina herriari estuki loturik dago, bertakoa baitu aita. Asteburuero doa herrira, eta ongi daki arazorik handienak garraioari eta lanari lotuta daudela. «Hemen autoa edozertarako behar duzu, eta lan eskaintza oso murritza da. Oso nekeza da bizitza proiektu bat garatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.