Protokoloa erabat bete zuen atzo NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea izendatzeko ekitaldiak. Julio Lafuentek hartu du unibertsitatearen gidaritza, bigarren aldiz. Botoen %58 eskuratu zituen apirileko hauteskundeetan. Unibertsitatearen egitekoa defendatu zuen atzo, errektoretza hartzeko ekitaldian: «Unibertsitatea da krisitik ateratzeko motorra, eta erabakigarria izango da haren rola». Iragan urteetan izandako ika-mikei izkin egin zien errektoreak hitzaldian.
Eztabaidakide izan duenak, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak —funtziotan da—, eman zion aginte makila. Unibertsitateko kideekin batera, herrialdeko agintariak ziren ekitaldian: besteak beste, parlamentuko presidente Elena Torres eta Iruñeko alkate Yolanda Barcina —funtziotan daude—, eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Elma Sanz.
Krisia harturik hizpide, errektoreak onartu zuen izango duela eraginik unibertsitatean: «Errealitate horrek markatuko du egin beharreko lanaren zati handi bat». Nolanahi ere, jardunean segitzeko asmoa azaldu zien bertaratuei: «Egoerari aurre egiteko behar duguna badaukagu: energia eta ilusioa ditugu sobran».
Finantzaketari eta NUP osasuna ikertzeko zentrotik kanpo utzi izanari buruz ez zuen hitz egin Lafuentek. Bai, ordea, Sanzek: goraipatu egin zuen unibertsitateak ikerketa bultzatzeko egindako «ahalegin handia» —osasuna ikertzeko zentrotik at utzi zuen bere garaian—. Finantzaketa izan da, hala ere, eztabaida handiena sortu duen gaia. Agintea uztear dela, itunerako eskua luzatu du Sanzek: «Urte anitzeko ituna behar du NUPek, egonkortasun finantzarioa izateko eta behar dituen jardunak egin ahal izateko».
Aurreko taldearekin alderatuz, lau dira kide berriak: Manuel Rapun (Ekonomia errektoreordea), Paloma Virseda (Ikasleak), Eloisa Ramirez (Gizarte Hedadura) eta Javier Etxeberria (Idazkaritza).
Lafuente: «Unibertsitatea da krisitik ateratzeko motorra»
Bigarren aldiz, NUPeko errektoretza hartu du Julio Lafuentek; onartu du krisiaren ondorioak jasan beharko dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu