Laffageren hilketa homizidioa izan zela berretsi du Auzitegi Gorenak

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezarritako hamabi urte eta erdiko espetxe zigorra baieztatu du, helegite guztiak atzera botataEpaiaren arabera, ez da frogatu Yllanesek aurrez pentsatu zuenik Laffage hiltzea

Astelehen Lilak ekimenaren barnean maiatzean egindako elkarretaratzea, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenaren ustez ere Nagore Laffageren hilketa homizidioa izan zen, eta, ondorioz, berretsi egin du Jose Diego Yllanesen aurka Nafarroako Auzitegi Nagusiak jarritako zigorra: hamabi urte eta erdiko espetxe zigorra. Horrenbestez, atzera bota ditu Laffage gazte irundarraren senideek eta lau herri akusaziok —Irungo eta Iruñeko udalek, Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak— aurkeztutako helegiteak. Hain zuzen, helegite horietan Yllanesi hilketa egozteko eskatu zuten, baina gorenak baztertu egin du aukera hori, nahiz eta epaile batek boto partikularra eman hilketa ebaztearen alde. Behin betikoa da epaia.

Nagore Laffage 2008ko uztailaren 7an hil zuen Yllanesek, Iruñean. Gorenak frogatutzat eman du Jose Diego Yllanesek — Nafarroako Unibertsitate Klinikako 27 urteko mediku egoiliarra— eta Nagore Laffagek —Erizaintzaikaslea— «kasualitatez» egin zutela topo, mutilaren etxera joan zirela eta harreman fisiko «sutsua» hasi zutela. Gaztearen «zakartasuna» Laffagek «gaizki ulertu» zuela dio epaiak: «Sexu eraso gisa jo zuen, eta bere ikasketak suntsituko zizkiola eta salatu egingo zuela egin zion mehatxu. Horren ondorioz, Yllanesek jo egin zuen, eta estrangulatu». «Gorpua berehala desagerrarazteko helburuz», gorpua zatikatzen saiatu zela zehaztu du epaiak, «hatz erakuslea ebakiz». Gero, Yllanesek gorpua izara batean bildu, etxebizitza garbitu, eta gorpua Orondritzen (Nafarroa) ezkutatu zuen. Lagun bati gorpua ezkutatzeko laguntza eskatu ziola gogorarazi du gorenak, baina hark laguntza ukatu ziola eta Poliziarengana ez joatea erabaki zuela. Laffageren gorpua egun berean aurkitu zuen Poliziak, herritar batek emandako abisuari esker. Ordu gutxira atxilotu zuen Foruzaingoak Yllanes. Berehala aitortu zuen errudun zela, bai atxilotu zutenean bai epailearen aurrean.

Zinpekoen epaimahaiak 2009ko azaroan kaleratutako epaian homizidioa egotzi zion Yllanesi, eta aringarritzat jo zituen hilketa jazo zen momentuan intoxikazio etiliko arina izatea, kalte-ordain gisa justiziaren esku utzitako 126.853 euroak, zoroaldia eta aitorpena. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, aldiz, ez zituen ontzat eman zoroaldia eta aitorpena, eta zigorraren larrigarri gisara kontuan hartu zuen Yllanesek biktimarekiko zuen nagusitasun fisikoa. Laffageren familiak eta herri akusazioek epaia errekurritu zuten, «aurrez pentsatutako hilketa» izan zelakoan.

«Ezin da frogatutzat eman»

Auzitegi Gorenaren ustez, baina, ezin da frogatutzat eman Nagore Laffage hiltzea aurrez pentsatu zuenik Yllanesek: «Zinpeko epaimahaiak eta Nafarroako Auzitegiak gertakariak zehatz aztertu zituzten, eta ez da atzematen azpikeriarik; izan ere, erabilitako bitartekoek eta moduak ez zuten utzi ezerezean erasotuaren defentsa gaitasuna». Zentzu horretan, Auzitegi Gorenak gogorarazi du epaimahaiak ez zuela frogatutzat eman jipoiaren ostean «Nagore babes gabe zegoenik» ezta egoera horretan zegoenik ere lepoa estutu zionean. Asfixiaz hil zen. «Nekez esan daiteke, beraz, ustezko azpikeria kasu horietan biktima guztiz babes gabe zegoela».

Jose Diego Yllanes akusatuaren helegitea ere atzera bota du Auzitegi Gorenak, eta biktimarekiko nagusitasun fisikoa larrigarri gisara hartzea «egoki» ezarri zela nabarmendu du: «Garbi geratu da indar desoreka izan zela biktimaren eta akusatuaren artean, eta ez dago dudarik egoera horretaz baliatu zela akusatua, izan ere, biktima gutxitasun egoeran zegoen fisikoki, jasandako jipoi gogorraren ondorioz». Halaber, atzera bota du ere zoroaldiagatik zigorra arintzeko egindako eskaera. «Ikasketak suntsitu eta salatu egingo zuela esan bazion ere Nagorek, hori ez da nahikoa hiltzeko». Hala, akusatuaren erreakzioa «gehiegizkoa» izan zela dio gorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.