Thomas Lacostek ibilbide luzea du zineman, baina 2017an egin zuen euskal gatazkarekin lotura zuen lehen lana: ETAren armagabetzearen eta bakegileen ingurukoa. Iaz Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bide luze bat bakerantz) dokumentala aurkeztu zuen, eta atzo iluntzean lehen aldiz erakutsi zuen bere azken filma, Baionan, Atalante zinema aretoan: L’hypothèse démocratique une histoire basque (Hipotesi demokratikoa, euskal historia bat).
Aitzineko filmean bezala, Lacostek oraingoan ere gatazkarekin lotura desberdinak ukan dituen pertsona andana baten solasak bildu ditu haria osatzeko: Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Eugenio Etxebeste Antton ETAko solaskide ohia, Iñaki Anasagasti EAJko diputatu eta senatari ohia, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Gerry Adams Sinn Feineko buru izandakoa, Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohia, Brian Currin bitartekaria, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren albokoa, besteak beste.
Filmak seriean
Hari bereko hirugarren lan gisara aurkeztu du azken dokumentala. Luhusoko atxiloketen biharamunean, “armagabetze prozedura laguntzea” zuen xede Lacostek La paix maintenant Une exigence populaire filmarekin (Bakea orain, herri exijentzia); joan den urtean Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix filmarekin, berriz, narrazioa nazioarteko pertsonalitateen esku utzita, “gatazka eta irtenbideaz sarrera labur bat eskaini nahi” zuen telebista formatuan (52 minutukoa da dokumentala). L’hypothèse démocratique une histoire basque-rekin, “denbora luze batean (140 minutu) hitza eskaini nahi genien gatazka honetako aktoreei, biktimei eta negoziatzaileei”.
Segida ere ukan behar luke luzerako proiektuak, azken bost urteetako filmak osatzeko egin dituen 70 elkarrizketak formatu luzean eskuragarri eta libre utzi nahi lituzketelako, plataforma numeriko batean. Baina etapa horretarako, finantzaketak eskas dituzte oraindik.
Gaur aurkeztuko den filmarentzat, fama handiko zinemagile batek egin kritika baliatzen dute ekoizleek filmaren promozioa egiteko; nola ez, Ken Loachen hitzek jakin-mina pizten baitute: “Pozik naiz film hau ezagutu ahal izan dudalako. Lagungarria da bertan agertzen diren pertsonek euskal gatazkan zergatik parte hartu zuten ulertzeko. Hausnartutako kontakizun bat da, sakrifizio asko egin dituztenen ahotik kontatutakoa. Nabarmena da haien zintzotasuna”.
Zinemagilea, editorea eta saiakera idazlea da Thomas Lacoste (Bordele, Okzitania, 1972). Sorkuntza andana baten egilea da, eta, besteak beste, Pentsamendu kritikoa, krisia garaietan bizirauteko kit etiko eta politikoa plazaratu zuen 2012an, DVD batean, 47 zinema elkarrizketa bilduta. 2013an, Gure mundua filmarekin, argitara eraman zituen gizartearen disfuntzioak agerian ezartzen zituzten ikerlariak, proiekzio bakoitzarekin batean eztabaidak antolatuta.
Pentsamendu kritikoa eta hitza ematearen beharrak eraman zuen Euskal Herriko gatazka politikoaz interesatzera. 2017an, Bakea orain, herri exijentzia film laburrak Luhusoko atxiloketak eta ETAren armagabetze prozesua zituen aipagai. 2020an, formatu luzeagoan, telebista frantsesera eraman zuen 1936 urtetik bake prozesura Euskal Herrian egin zen bidea. Gaur iluntzean Baionan aurkeztuko duen dokumental luzean —L’hypothèse démocratique une histoire basque— gai berari heltzen dio, lekukotasun gehiago eta luzeagoekin, kamera aitzinean mintzatzeko denbora eskainita.
Zure filmekin ekarpen bat egin nahi ote diozu bake prozesuari?
Segur aski, eta Euskal Herrian gertatu den agertoki aldaketa laguntzea ere bai, borroka politiko-militar batetik arras agertoki politikora pasatu baita. Filma serie honekin [La Paix Maintenant, une exigence populaire, Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix eta gaur aurkeztuko duen filma], eta bereziki L’hypothèse démocratique-rekin, proposamena da entzunaraztea, gatazkaren aktore izan eta aterabidean engaiatu diren bozak, bekan gertatzen baita.
Euskal Herria eta askatasuna filma egin zenuen iaz. Nolako oihartzuna ukan du?
Ikus-entzule tasa ona ukan du, eta oihartzunak arras positiboak izan dira, salbuespen guti batzuk izan ezik. Denek azpimarratzen dute gatazkari eta aterabideari nazioarteko pertsonalitateek agertu interesaren garrantzia.
'Hipotesi demokratikoa' aitzineko filmaren ildo beretik ote doa?
Proposatzen du, zinemaren baliabideekin, Euskal Herriko historia honetan murgiltzea narrazio zabal batekin, lehen pertsonan kontatua.
Lekukotasun andana bat bildu duzu dokumentala osatzeko. Hitza hartzeko beharra sumatu duzu haien partetik?
Hitza hartzeko beharra agerikoa da, eta azpimarratzen du lurralde honetako bizitasun politiko eta sentsiblea.
Azken filma erakustearekin helburu bat bete nahi duzu?
Hitza askatzea bera ezinbestekoa iduri zait prozesu honentzat. Orain ikusleen esku da beren esku hartzea eta erabakitzea oihartzuna eman nahi dioten.