Laborarien protestek baldintzatu dute aurrekontuen eztabaida Nafarroako parlamentuan

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera atera dituzte aurrekontuak, EH Bilduren abstentzioari esker. Otsailaren 6a plataformako kide batzuek legebiltzarrean sartu nahi izan dute bultzaka, baina Foruzaingoak galarazi egin die.

parlamentua
Maria Txibite, Adolfo Araiz eta Ramon Alzorriz, gaur osoko bilkuran. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko martxoaren 7a
15:46
Entzun

Azken hilabeteko nekazari talde baten protestak Nafarroako Parlamentura heldu dira. Goizean, parlamentuko inguruneko kaleak moztu dituzte, eta istiluak izan dira laborari talde bat eraikin barrura sartzen ahalegindu denean. Foruzaingoaren eta talde horren artean sortutako tentsioak oihartzuna izan du legebiltzar barruan baina ez du eztabaida baldintzatu. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera atera dituzte aurtengo aurrekontuak, EH Bilduren abstentzioari esker. UPNk, PPk eta Vox-ek kontra bozkatu dute.

Osoko bilkuraren hasieran, aurkeztutako ahozko 11 zuzenketak bozkatu behar ote ziren erabaki dute taldeek. Horietako batean UPNk proposatu du Nafarroako nekazariek ordaindutako zergak arabarren mailara gerturatzea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak atzera bota dute zuzenketa, aurrekontuen lege proiektua aldatzea eskatuko lukeela argudiatuta.

Erabakiaren berri izan dutenean, 10:20 aldera, Otsailaren 6a plataformako laborari batzuk eraikin barruan sartzen ahalegindu dira, bultzaka. Atariko foruzainek galarazi egin diete sartzea, eta borrak atera dituzte. Goizeko saioa amaituta, 15:00etan, irain egin diete autoz atera diren parlamentari batzuei eta Maria Txibite gobernuko lehendakariari. Autoetako baten atzetik joan dira. Istiluen aurkako foruzainak oldartu egin zaizkie nekazari horiei. 15:30ean, atzera egin dute, eta traktoreak atera dituzte ingurutik.

Unai Hualde Parlamentuko presidenteak eraikinean sartzeko ahalegina gaitzetsi du. «Demokratikoki, guztiz deitoragarria, onartezina eta gaitzesgarria da».  Gogora ekarri du legebiltzarreko ateak herritar guztientzat irekirik daudela, ohiko bidetik eginda. «Hau beste gauza bat da. Osoko bilkura bildua dela presio egin nahi izatea onartezina da erabat».

Txibitek kritikatu egin du laborari talde horren jarrera. «Okerrena da ez dakigula noraino irits daitekeen politikaren alorretik elikatua den mugimendu hori», esan du. «Zilegi da kritika, baina aldarrikapenetatik irain pertsonaletara eta errespetu faltara pasatu gara. Orain urrats bat gehiago egin dute Nafarroako Parlamentuari, nafar guztiak ordezkatzen dituen instituzio demokratikoari, eraso eginda». Kezkagarritzat jo du gorrotoaren mezua «oso azkar» zabaltzen ari delako.

Laborari talde horrek bereganatu du arreta guztia, baina 09:00etan beste mobilizazio bat egin da. Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak deituta, elkarretaratu dira hezkuntza publikoko irakasleen kezkak ezagutarazteko. Gogora ekarri dute, kasurako, irakasleek erosahalmenaren %17 galdu dutela azken urteetan eta lan zama handitu egin zaiela.

Eztabaida, ohiko bidetik

Aurrekontuen eztabaidak balio izan du beste behin islatzeko bi bloke nagusi daudela. Alde batetik, gobernuko hiru bazkideak eta EH Bildu; bestetik, eskuineko hiru ordezkariak —UPN, PP eta Vox—. Diskurtsoetan bakoitzak bere ñabardurak azpimarratu ditu, baina, aurrekontuak ardatz harturik, guztiz kontrako errealitatea marraztu dute batzuek zein besteek.

UPNko Javier Esparzak aurpegiratu dio Nafarroako Gobernuari «egun batean eta bestean beti gezurretan» ari dela. «Aurrekontua gezur bat gehiago da» erantsi du. Haren ustez, hura babesten duten alderdien «botere jokoari erantzuten dio, eta ez herritarren interesei». Esparzaren irudiko, «aurrekontua pakete handiago baten parte da, eta bertan daude Sanchez, Txibite eta Asiron. Dena elkar loturik dago». Salatu du sozialistek «beste talde bat gehiago balitz bezala» hartzen dutela EH Bildu. «Boterea lortzeko edozer egiteko prest egotea» leporatu die sozialistei, eta, Koldo Garciaren aferari erreferentzia eginez, ohartarazi die hori ere «ustelkeria» dela. 

Harmailetan Berako Toki Ona institutuko ikasleak zeuden, eta PSNko Ramon Alzorrizek haiei egin die keinu: «Esparza entzunda, ihes egiteko gogoa izango duzue». Alzorrizek gogoratu du boterea galdu dutenetik Nafarroaren hondamendia iragartzen dihardutela. «Gobernuaren aurka egiteko denak balio du». Alzorrizen diskurtsoaren berritasunetako bat izan da UPNren agintaldiko okerrak gogorarazi dizkiola Esparzari. «Zuentzat denak du ustel kutsua, Nafarroako Kutxak edo Los Arcosko zirkuituak izan ezik. [Iberdrolaren akzioekin] Burtsan jokatzea ongi zegoen, nahiz eta 20 milioi euro galdu. Nafarroako Kutxan ez zen ezer geratu. Dena zegoen ongi zuentzat».

EH Bilduko Laura Aznalek nabarmendu du bederatzigarren urtez eskuina «bazter batean» geratu dela, koalizioaren akordioari esker. «Ez dira guk nahiko genituzkeen aurrekontuak, baina posible egingo dute jendartearentzat funtsezkoak diren gaietan aurrera egitea. Gure ekarpenen bidez, tresnak ematen dizkiogu gobernuari politika publikoak anbizio handiagoz garatzeko». Haren ustez, «albiste ona» da hori, eta euren asmoa da akordioa legealdi osora eramatea. «Guk jarraitzen dugu negoziatzen eta akordioak lortzen, eskuinak zarata egiten jarraitzen duen bitartean».

Geroa Baiko Pablo Azkonak goraipatu du akordio politikoen emaitza dela aurrekontua: «Aurrekontu akordio honek eta legealdi osoko akordio programatikoak bat egiten dute gure koalizioaren estrategiarekin. Ona da, herritarren mesedetan delako». Gogora ekarri du bederatzi urtez aurrekontuak izateak egonkortasuna eman diola Nafarroari, baina aurreko garaian, UPNren agintaldian, hiru urtez ez zela aurrekonturik egon. «Egoera iraultzea lortu genuen».

Zurekin Nafarroako Miguel Garridok salatu du UPNk ez duela laborarien zergen inguruko zuzenketa aurrera atera nahi izan. «Nahi izan balu, deituko gintuen, baina ez dute halakorik egin». Haren irudiko, Iruñeko zentsura mozioaz geroztik, tentsio politikoa sortu nahian dabil eskuina, ez besterik. Aurrekontuei dagokienez, nabarmendu du 2015etik Osasun Sailaren aurrekontua %70 igo dela, eta Hezkuntzakoa, %56. «Gobernu honen ereduak eta UPNrenak ez dute zerikusirik».

Guztiz alderantziz, PPko Maite Royok esan du aurrekontuak kaltegarri izango direla hazkunde ekonomikoarentzat.

Datuak

6.355

Aurtengo aurrekontua, 6.355 milioi eurokoa izango da, inoizko handiena. Finantza gastuak kenduta, gasturako zein inbertsiorako 5.835 milioi euro izango ditu Nafarroako Gobernuak, aurreko urtean baino  597 milioi (+%10,5) gehiago.

355

Nafarroako Parlamentuan, urtarrilaren 19an, erregistratu zen lege proiektua. Hilabete eta erdi honetan, 983 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik 355 onartu dira. 355 zuzenketa horiek PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroarenak dira, eta, hasierako lege proiektuarekin alderatuta, beste 17 milioi gehiago erantsi dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.