Traktore istripu batean bi lagun hil dira gaur eguerdian, Aiherran, Nafarroa Beherean. Zabaltzeko bideko barruti batean, inausketa lanetan ari zen Martin Minjou 63 urteko laboraria, eta harekin zen 12 urteko mutil bat, haren bizilaguna, France Bleu irratiaren arabera.
Laborariaren emazteak larrialdi zerbitzuak deitu ditu 13:23an, senarra baserrira itzultzen ez zela ikusita. Lan egiten ari ziren lekura iritsi direnean, iraulita ikusi dute traktorea, eta zelaian zeuden nekazaria eta mutikoa, baina ezin izan dute ezer egin haiek salbatzeko. Ez dute argitu zer gertatu den, baina malda handiko pentze batean ari ziren, eta lurra bustita zegoen goizeko euriaren ondorioz.
Istripua izan den lekura bildu da Arño Gastanbide Aiherrako auzapeza. «Gertaera oso tragikoa izan da herriarentzat», azaldu du. Hil berri den laboraria hautetsi izandakoa da Aiherran.
LABen zenbaketaren arabera, gaurko istripua zenbatu gabe, 32 langile hil dira aurten lanean ari zirela. Zerrenda horretan azaltzen dira Euskal Herrian hildakoak, baina baita handik kanpo hildako garraiolariak eta arrantzaleak ere.