Itsasun (Lapurdi) handitu da Maryse Cachenaut (1971), baserri munduan. Oroitu da nola bere gurasoen segida hartu zuen 1995ean. Laborariak gereziondoak ditu, eta ardiekin lan egiten du. Gazte-gaztetik gazte mugimendu batean murgilduz, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) sortzean ere parte hartu zuen. Elkarte horren izenean sartu zen Lurzaindian. Arbonako (Lapurdi) okupazioan parte hartu zuen Cachenautek. 3 milioi euroko saltzea oztopatzea lortu zuten, eroslea salmentatik erretiratu baitzen. Senpereko (Lapurdi) Olha etxaldearen okupazioan buru-belarri ibili da. Agorrilaren 29an bukatu zen etxaldearen okupazioa 1,3 milioi euroko salmenta burutu delako. Berriki, horren harira, abuztuaren 30ean Baionan eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginiko ekintzekin salmenta espekulatiboen salaketa egin zuten.
Nola sortu zen Lurzaindia?
1979an, Lurra Laborantza Lurren Elkartasun Taldea (GFAM) sortu zen. GFAMk 40 urtez hamabost eroste egin zituen, eta orotara 262 hektarea eskuratu. 2013an erabaki zen Lurzaindia SCA bihurtzea; hots, akzio bidez diruztaturiko sozietate bat. 2013tik 2023ra erosteak areagotu dira, eta orain 480 hektarea eta eraikin batzuk baditugu. 2016an sortu zen Lurzaindia. Elkartearen lana sentsibilizatze lana eramatea da. Iazko urte bukaeran Terre de Liens deituriko fundazioak baimena ukan duenez, Lurzaindia haren babespeko fundazioa gisa bihurtu zen.
Noiztik zabaltzen hasi dira laborantza lurren salmenta espekulatiboak?
Duela hamar urte jadanik sentitu genuen prezioen emendatze azkarra eta laborantza arlotik kanpo zen jendeak nahi zituela lurrak erosi. Kanpotik heldu da eroslea, edo bertako eroslea ere izan daiteke. Hor dago, adibidez, Senpereko Olha etxaldeko kasua. Lehen ez bezala, gaur egun erosleak etxearekin batera lur eremu zabalak nahi dituzte, bizpahiru zaldi emateko, bakean egoteko edo nork daki zer.
Laborantza lurren gainean zer motatako presioa da?
Eraikinen eta etxeen prezioa emendatzen bada, bortxaz lurraren prezioa ere handituz doa. Automatikoki gertatzen da. Eraikitzeko ereduarekin lehian dira laborantza lurrak eta eraikitzeko lurrak. Begi bistakoa da laborantza lurren jatea. Bada zenbaki deigarri bat. Lurraren Artifizializazioaren Behatokiak erakusten du Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherea zein Seinautze eskualdean [Okzitania] lurrak galtzen diren artifizializatzeko. 35 urtez, banaz bertze, urte guziz 200 hektarea galdu dira artifizialtzeko; 7.000 hektarea inguru artifizialdu dira. Hala ere, iduri du azken hamar urte hauetan fenomenoa eztitzen ari dela, legearen presioarengatik. Zero artifizializazio esperantza hori ere garatzen ari da. Ttipituz goaz, baina, hala ere, laborantza lurrak galduz doaz.
Nola eragin dezakezue laborantza lur eremu bat prezio ikaragarrian salgai delarik?
Laborantza lur eremua eraikigarri gisa sailkatua delarik, Lurzaindiak ez du deus egiten ahal. Saltzeko lurra, laborantza lurra delarik, notarioak SAFER laborantza lurrak kudeatzeko egitura publikoari saltze horren berri ematen dio. SAFER-ak sindikatuak abisatzen ditu, eta bi hilabete dituzte erreakzionatzeko. Guk guti gorabehera badugu hilabetea kasua ikertzeko.
Zer galdegin dezake Lurzaindia laborantza lurren salmenta espekulatiboen kasuetan eragin ahal izateko?
Lur eremua bakarrik bada, edota etxearekin, eta prezioa espekulatiboa bada, galdegiten diogu SAFER erakundeari prezio berrikusketa egitea. Biziki maiz egiten dugu Lurzaindia sortuz geroztik. Arbonan eta Senpereren kasuan, aldiz, etxeak galdu zuen bere laborantza erabilera, hots, etxea ez delarik aspalditik laborantzako erabilia izan. Alabaina, behar duzu frogatu azken bost urteetan salmenta espekulatiboan diren etxe horiek laborantzarako erabiliak izan direla. Ez bada hala, SAFER-ak ez du erosteko lehentasuna aplikatzen ahal, osoki behintzat ez. Lurretan galdegin dezake bakarrik erosteko lehentasuna. Legearen hutsa gertatzen da kasu horietan. Arbonako okupazioaren ondotik, hainbat diputatu eta senatarirekin lege proposamenak landu genituen, legelari batzuek lagundurik. Zinez proposamen interesgarriak izan ziren, baina arazoa da diputatuek ez dituztela proposamen horiek plazaratzen. Ez dute deus egin. Ez dute beren lana egiten.
Okupazioaren bidezko ekintzekin zer lortu nahi da horrelako kasuetan?
Arbonan lortu zen salmenta gelditzea. Jabeak gibelerat egin zuen, eta ez zen saldu. Etxe inguruko lurrak ez dira saldu. Eremu ederrenak, berriz, emazte batek erosi ditu, gozamenik gabe eta biziki kario. Hala ere, helegitea pausatu dugu. Nahi dugu erakutsi jabeak kasu honetan desbideraketa egin duela, gorago aipatu dudan SAFER-ari ihes eginez. Senpereren kasuan, aldiz, saltzailea eta eroslea hemengoak dira. Alde horretatik, horrek erakusten du herriarentzat ez dela batere erosoa, jendea ez dela hainbeste mugitzen saltzailea eta eroslea hemengoak badira, nahiz eta salmenta espekulatiboa den.
Lurzaindia fundazioa bihurtu izanak zer aldatuko du salmenta espekulatiboen oztopatzeko mekanismoetara begira? Erraztu egingo dira gauzak?
Fundazio bati konfiantza egiten dio jendeak. Abantaila da jendeak oinordetzan ematen ahal duela dituen ondasunak. Norbaitek nahi badu bizi delarik edo hil ondotik ondasunak oinordekotzan utzi, SCArekin zaila zen hori egitea. Proposamenak areagotuz joan direnez, fundazioa bihurtu da Lurzaindia. Lehen proposamena 2022 bukaeran ukan dugu. Beskoitzeko [Lapurdi] gizon batek oinordekotzan utzi zituen Lurzaindiari Urketan [Lapurdi] zituen lurrak. Fiskalitate kontu bat da, fundazio gisa anitzez gutiago pagatzen da oinordekotza jasotzen delarik.
Euskal Elkargoa lanketa politiko bat eramaten ari da laborantza lurren alde?
Ez, ez du funtzionatzen. Gure posizioa ez da errazena. Alde batetik, galdegiten diogu Euskal Elkargoari sostengua, eta diru laguntza ttipi bat ematen duen bitartean, kritikatzen dugu eta haren kontra goaz. Gauzak blokeatuak dira.
Senpereko okupazioaren kasuan, hautetsiak eta Euskal Elkargoa mugitu al dira?
Olha etxaldearen kasuan, Euskal Elkargoaren sostengurik ez dugu ukan; ez da busti. Hautetsien aldetik, erdiek baino gehiagok izenpetu dute sinadura bilketan. Barnealdeko hautetsiak dira gehien mugitzen. Kostaldekoak, aldiz, ez dira bustitzen.
Maryse Cachenaut. Laboraria eta Lurzaindiko lehendakaria
«Laborantza lurrak galduz doaz: 35 urtean, 7.000 hektarea inguru»
Laborantza lurren salmenta espekulatiboen kontrako borrokaz aritu da Cachenaut. Lurzaindiaren sortzeaz eta haren engaiamenduaz oroitzeaz gain, fundazioaren nondik norakoak eta ekintzak azaldu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu