Laborantza lur batzuen gozamenik gabeko salmenta oztopatu du Lurzaindiak

Eroslearen etxean elkarretaratzea egin dute Makean, eta notarioaren bulegora joan dira Baionan. Parte guzien arteko bilkura lortu du Lurzaindiak, lurrak laborantzarako gelditzea adosteko.

Elizondo eta Ameztoi, gaur goizean, notarioare bulegotik atera diren unean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urriaren 18a
11:50
Entzun

«Kolpe handi bat eman dugu». Pozik atera da Ttotte Elizondo ELBko laboraria notarioaren bulegotik. Laborantzako lur batzuen gozamenik gabeko salmentaren berri jakin ondotik, protesta bikoitza egitea erabaki dute Lurzaindiak eta sindikatuak. Elkarretaratzea egin dute Makean (Lapurdi) eroslearen etxean, eta notariak Baionan duen bulegora jo dute harekin mintzatzeko. «Salmenta hautsia da», adierazi du Dominique Ameztoi Lurzaindiako buruak notarioarekin bildu ondotik.

Ondoko asteetan bilkura bat eginen dute saltzailea, eroslea, notarioa, SAFER eta ELBren artean, salmenta berri baten inguruan adostasuna erdiesteko: «Helburua da lurrak SAFER, Lurzaindia edo antzeko egitura batek erostea, laborantzarako egon daitezen», esplikatu du Ameztoik.

Senperen (Lapurdi) kokatuak diren kasik lau hektareako lurrak eta etxebizitza bat dira auzi honen funtsa. Erosleak ez du inolako laborantza jarduerarik, eta SAFER laborantza lurrak kudeatzeko egiturak lehentasunez erosteko aukera izan zezan eragozteko «jukutria» egina zuen. Behin baino gehiagotan agertu den jukutria da: lurren jabetza soila eskuratzen dute, gozamenik gabe; asmoa da urte batzuen buruan gozamena eskuratzeko lehentasuna ukaitea.

Lege proposamena

Azken urteetan «aski usu» gertatu dira halako kasuak Maryse Cachenault laborariaren hitzetan. «Gertatu da Arbonan, Donibane Lohizunen, iaz ere Bidarrain... Guretzat ez da onargarria. SAFER egituraren eskubidea desbideratzeko jokamoldea da», salatu du.

Arbonan egin zuten okupazioaren ondotik, lege proposamen bat landu zuten, besteak beste, Vincent Bru Modemeko diputatuarekin. «Hainbat neurri badira, SAFER egituraren eskubidea indartzeko, laborantzaren erabilpena babesteko eta espekulazioaren aurka borrokatzeko.

Frantziako Asanbleara iritsia da testua, baina ez da oraindik eztabaidatua izan. «Hautetsiek lan egin behar dute parlamentuan lege hori pasa dadin, baina anartean kasuak badira, eta gu ez gara egoten ahal beha deus egin gabe», adierazi du Cachenaultek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.