Hiru milioi euro. Prezio horretan saltzear dago Arbonako (Lapurdi) hamabost hektareako laborantza lur bat, etxearekin. ELBk eta Lurzaindiak salatu dute saltze prezioa «espekulatiboa» dela, eta egoera salatzeko, lurra okupatzen hasi dira goizean. Izan ere, laborantza eragileek urrats administratiboak egin dituzte, SAFER laborantza lurren kudeaketarako egiturak erosketa horren berri eman bezain laster. Hala, Lurzaindiaren galdearen ondorioz, SAFERek erosteko lehentasun partziala lortzeko urratsak egin ditu, laborantza lurren parte bat berreskuratzeko, oraindik ez dute erantzunik jaso, ordea. Goizean, beraz, erosleari eta jabeari partzialki erosteko lehentasuna onartzeko eskatu diote, eta, anartean, lurra okupatzen segituko dute. SAFEReko Ipar Euskal Herriko Jean Claude Saint Jean lehendakariak ekintzan parte hartu du goizean: «desadostasunen gainetik, Lurzaindia eta ELB sostengatzen» dituela erran du.
ELBk eta Lurzaindiak lur bat okupatu dute Ahetzen, haren salmenta espekulatiboa salatzeko @berriapic.twitter.com/F6mIsZhQJX
— Oihana (@oi_tsr) June 23, 2021
«Laborantzan aritu nahi lukeen laborari batentzat funts honen prezio espekulatiboa ezin erosizkoa da», salatu du Ttotte Elizondo laborari eta ELBko kideak. Erosteko lehentasun partziala beharrezkotzat jo du, laborantza lurrak behin salduak izanda «galduak» izanen direlako. Arbonako lur horien erosle gaia «erretretadun aberats» bat da, ELB eta Lurzaindiaren arabera, laborantza proiekturik ez duena. «Elikadura ekoizteko laborantza proiekturik ez du; erosleak abusagailu gisa dituen zaldiendako baliatu nahi ditu lur horiek. Laborantza lurren defendatzaile gisa, laborari ez diren batzuengandik lurren ebastea, eta, ondorioz, lur horien laborantza bokazioa galaraztea salatzen dugu», erran du Maryse Cachenaut Lurzaindiako kideak. Jabeak eta erosleak datorren uztailaren 20a baino lehen erran beharko diote SAFERi erosteko lehentasun partziala onartzen duten.
Laborantza eragileek argi dute: laborantza lur horietan elikadura burujabetzara buruz joateko laborariak plantatzen ahalko lirateke. Baina, etxebizitzaren merkatuaren ondorioz, laborantza lurrak arriskuan ikusten dituzte. Cachenaut: «Laborariek laborantza lurrak prezio zuzen batean erosteko zailtasunak dituzten garai honetan, prezio ikaragarrietan egiten diren salmentek ez gaituzte axolagabe utzi behar». Hala, Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiei ere dei egin diete Ipar Euskal Herriko herrietan laborantza lur politika baten alde engaia daitezen.
Errepikatzen den arazoa
SAFERen arabera, 2015 eta 2018 artean Ipar Euskal Herrian 2.450 laborantza lur hektarea galdu dira. Ttotte Elizondok oroitarazi du azken urteetan pareko egoerak gertatu direla; hala nola 2016an Hazparnen (Lapurdi) eta Lüküze-Altzümartan (Nafarroa Beherea); 2020an Bidarrain (Nafarroa Beherea), Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta Urruñan (Lapurdi); 2021ean Itsasun (Lapurdi).
2020an, erraterako, Lurzaindiak SAFER egiturari erosketa lehentasuna aplikatzeko galdegin dio 34 kasutan, eta horietarik 23tan egitea onartu du. Horren bidez, «sei erosketa prezio zuzenean egin dira, prezio espekulatiboan egitekoak ziren sei salmenta ezeztatu dira, batez besteko prezioa %71 apaldu da, eta laborantza bokazioa atxiki da 60 hektareatan», Lurzaindiaren arabera.