Maskararen derrigortasuna. Pertsonen artean metro eta erdiko distantzia etengabe mantendu ezin den guztietan erabili beharko da maskara. Jaurlaritzak dio maskara jantzita erabiltzea dela irizpide nagusia, eta salbuespen egoera batzuetan ken daitekeela. Ostatuetan-eta ere beti soinean eraman beharko da; jateko eta edateko unea izango da salbuespen bakarra. Kirol jarduerak-eta egiteko kentzeko aukera egongo da. Hondartzetan-eta, joan-etorrietan jantzi egin beharko da beti.
Itxiera, lehenago. 01:00ean amaitu beharko dira jardun komertzial, sozial eta kultural guztiak. Bide batez, gaueko mugikortasuna mugatzeko eskatu zaie herritarrei: 01:00etik 06:00etara.
Edukierak, murriztuta. Lokal eta instalazioetan gehieneko edukiera %35era murriztuko da. Hainbat jarduera motatan ere mugak jarriko dira. 1.600 pertsona kabitzen diren esparruetan, 400 pertsona batu ahal izango dira gehienez, eta kanpoaldean daudenean, 600. 1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan, 600 pertsona onartuko dira gehienez, eta 800 kanpoaldean daudenean. 5.000 pertsonatik gorako tokietan %20 arteko edukiera onartuko da.
Betebehar zibikoak. Dekretuak zehaztuko du positiboren batekin lotutako pertsonek ezinbestean lagundu beharko dutela kasuen trazabilitatea errazten, ahalik eta egiazkotasun handienarekin, gainera. Halaber, osasun sistemak ematen dizkien jarraibideak bete behar dituzte beti, eta, bakartzeko esaten badiete, esana konplitu beharko dute.
Jende pilaketak, sei pertsonakoak. Elkarrekin bizi ez diren pertsonen taldekatze muga sei pertsonakoa izatea eskatu zaie herritarrei.