Ez Athletic, ez txertoak, ezta eguraldia ere, atzo beste bat izan zen solasgai nagusia Bilboko tabernetan: epaileek bezperan baimenduriko irekiera. Ia bezero guztiek aipatu zieten tabernariei. Batzuk ezustean harrapatu zituen ebazpenak, eta beste batzuk, irekitzeko prest. Batzuek garaipen gisa hartu zuten, eta beste batzuek, mesfidantzaz. Labik bilera du bihar, eta, Bilbo eremu gorrian egonda, neurri murriztaileak espero dituzte ostalari gehienek. «Jaurlaritza haserre egon daiteke, ea nola erreakzionatzen duen...», zioen zalantzati Aurelio Sedanok Kalderapekoko barraren atzetik: «Baina nik uste dut bi aste itxarongo dutela zerbait egin aurretik, ea datuek zein bilakaera duten».
Goiz lasaia izan zuen Sedanok: bezperan erreakzionatzeko betarik ez, eta ezin izan zuen eguneko menu eskaintza martxan jarri. Halere, nahikoa lan izan zuen ohiko bezero diren txikitero kuadrillei launaka eseri behar zirela esaten. «Neurriak errespetatzen badira, ostalaritza segurua izan daiteke. Hori bai, ez dugu irabazirik lortuko; horrela, asko jota galerak murriztu daitezke». Txakur kalean du negozioa, Zazpikaleetan, eta handik urrun ez, Plaza Barrian, Cafe Bar Bilbao dago, hiriburuko taberna ikonikoetako bat. Eta hura gobernatzen, Mikel Martinez. «Ez nuen garbi epaileak zer esango zuen. Gu irekitzeko prest geunden: jeneroa genuen, lokala garbi, taberna bero... Etsipenak jota, kafetxoak eskaintzen ari ginen azken egunetan».
Terraza dotorea atonduta, irekitzeko zalantza gutxi zituen, baina argi du ez dela konponbidea: «Baldintza hauetan zaila da mantentzea. Lantalde handia dugu hemen, eta aldi baterako espedienteekin, oporrekin eta halakoekin jokatu behar dugu. Taberna bakoitza ezberdina da, gainera: lantaldea, kokagunea, konpetentzia... Guk terraza polita dugu, baina otsailean gaude, eta taberna asko ditugu inguruan». Ez zuen igarle lanetan sartu nahi izan, eta uste du Labik «ongien iruditzen» zaiona erabakiko duela.
Hori bai, ostalarien inguruan dagoen irudia aldatu nahiko luke: «Batzuetan zabaltzen da kosta ahala kosta ireki nahi dugula. Guk egin beharrekoa egin nahi dugu, baina tabernek kostu bat dute. Itxi behar bada, itxiko dugu, baina agian gizarte honek osasun zerbitzu ona eta adinekoen egoitzen segurtasuna bermatu ez duelako itxiko dugu». Hausnarketa sakona da, eta ziur asko Gorka Ganboak ere bere egingo luke. Hark Deustu auzoan du negozioa, Bordatxo taberna: «Gu ez gara irla bat Europan. Leku guztietan tabernak itxi badituzte, zerbaitegatik itxi dituzte. Ostiralean ez bada, asteartean izango da. Eztabaida ez da itxi edo ireki, kontua da ixten badira kalte-ordainak behar direla».
Tabernaren barnealdea ireki zuen atzo Ganboak, baina ez du itxaropen handirik. «Abendu eta urtarrilean horrela egon ginen, eta hilabete oso txarrak izan ziren. Horrela ez du merezi irekitzea; tira, psikiatra aurrezten duzulako bakarrik», bota zuen umoreko. Diru laguntza bakarra jaso duela dio, eta bankuek arnasa gutxi eman diotela. Egun bazkidea eta bera ari dira bakarrik lanean: «Desastre bat da. Langile batzuk erregulaziotik ateratzea aztertzen ari gara, baina zalantzak ditugu. Eta asteartean atzera bagoaz, zer? Berriz erregulaziora? Mugimendu horiek egiteko aholku emaileari ordaindu behar diot, eta horretarako ere ez dut aterako».
Bulegoetan, antzera
Tabernetan zalantza izan zen nagusi, eta ostalaritza bulegoetan ere bai. Bizkaiko Ostalarien Elkarteko presidentea da Hector Sanchez, eta uste du Labik pazientzia izan beharko lukeela: «Ondo legoke denbora pixka bat ematea neurri eta egoera hauek kutsatze tasetan eragina duten ikusteko. Guk ez dugu nahi egoera okertzea, eta, horregatik, segurtasunez lan egin behar dugu». Ostalarien elkarteak «arduraz» jokatzeko eskatu zien afiliatuei, «egoera zaila» delako.
Sanchezen kargu bera du Kiko Martinezek Gipuzkoan, eta hitz gogorragoak izan zituen Onda Vasca irratiari emaniko elkarrizketan. «Ebazpenak erakutsi du beste erreminta batzuk behar direla, eta ezin dela beti ostalaritza itxi». Jaurlaritzak beti «errazera» jo duela salatu zuen, «fruitu politikoen» peskizan: «Ostalaritza bada pandemiaren hazkundearen gakoa, nola ulertu EAEko eta Kantabriako kutsatzeen bilakaera antzekoa izatea neurri hain ezberdinak hartu direnean?». Haren iritziz, kontrol politiken akatsak ostalaritzak ordaindu ditu, eta ez du uste Labiren balizko neurriak epaileen aurkako mendekua izango direnik.
Koronabirusa
Labiren errondaren zain
EAEko Auzitegi Nagusiaren behin-behineko neurriaren ostean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taberna gehienek altxatu dute pertsiana. Duda da Jaurlaritzak bihar neurriak berriz zorroztuko ote dituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu