Labik ebatzi du goizeko hirurak arte ireki ahal izango direla bihartik ostatuak

Datuek hobera eginda, «trantsizio» egoera bat martxan jar daitekeela iragarri du Gotzone Sagarduik. Urkulluk erantsi du bi edo hiru aste barru «urrats sendoagoak» etor litezkeela pandemia aurreko egoera normalizatura itzultzeko.

arantxa iraola
2021eko irailaren 17a
11:29
Entzun

Bilera egin du gaur Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hemendik aurrera izurriaren kontra zer neurri hartu beharko diren ebazteko, eta gaueko aisialdia luzatzea erabaki du: goizeko hirurak arte zabaldu ahal izango dira ostatuak. Kultur eta merkataritza jardueretarako ere ordu hori bera izango da muga.

Ikusi gehiago:Labiren neurriak, puntuz puntu

«Bihar sartuko da indarrean dekretu berria», iragarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Hiru motibo nagusi eman ditu, neurriak arinduta, «trantsizio» egoera bat abiatzeko. Baga: txerta daitezkeen herritarren %85ek txertoa hartuta, arindu egin da izurriaren larritasuna. Biga: ZIUetan eri gutxiago daude orain, eta «beherakoa» da joera. Higa: hamalau eguneko intzidentzia tasa metatuak 48 egun daramatza apaltzen. Horiek horrela, izurria «egoera ezberdin» batean dagoela esan du.

Oinarrizko prebentzio neurriei eutsiko zaie: maskara erabil behar da, adibidez, toki itxietan, eta jendea elkarrengandik gertu dagoenean. Era berean, eskuak sarri-sarri garbitzeko eskeak lehengoan dirau, eta «jende pilaketak» saihestera egin behar da, eta toki itxien aireztapena kontuan hartzera.

Kirol jarduera eta antzekoetan gehienez barrualdeetan 1.500 lagun batu ahal izango dira, eta 1.800 kanpoko jardueretan.

Ostalaritzan %75eko jarduera onartuko da barruan, eta barran ezingo da kontsumitu. Toki itxietan zortzi laguneko taldeak onartuko dira; kanpoko aldeetan, hamabikoak. Txoko eta antzekoetan antzera jokatu beharko da. Dantzaleku eta antzekoetan %50eko jarduera onartuko da, eta debekatuta egongo da barran eta zutik kontsumitzea. Gazteen lokalak irekitzea onartuko da 16-29 adin tartean gazteen %85 txertatuta daudenean.

Neurriok hamabost egunen buruan berrikusiko direla jakinarazi du Sagarduik.

Iñigo Urkullu lehendakariak Labik hartutako neurriak hizpide izan ditu goizean, Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldian. Lehendakariaren hitzetan, baliteke bi edo hiru aste barru «urrats sendoagoak» iristea pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko bidean. «Bizitza normalizaturako edo COVID-19aren aurreko bizitza normalizaturako trantsizio etapa batean gaude, eta bi edo hiru aste barru gizarte jardueren susperraldia sendotzeko fasean egotea espero dugu».

Nafarroan ja indarrean da gaueko aisialdia arintzea ekarriko duen foru dekretua. Ostatuen itxiera ordubete atzeratu dute han: 02:00 arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.