LABentzat «oso larriak» dira Maite Peña diputatuak BERRIAn zaintzari buruz egindako adierazpenak

Sindikatuak gezurtatu egin du bere zaintza eredua eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena «oso antzekoak» direnik. Pribatizatutako zerbitzu guztiak publiko bihurtzeko eskatu du.

Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua. JON URBE / FOKU
Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko urriaren 24a
13:15
Entzun

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuari egindako elkarrizketa argitaratu zuen atzo BERRIAk. LAB sindikatuak gogor kritikatu ditu diputatuak Gipuzkoako gizarte zerbitzuei eta zaintza ereduari buruz egindako adierazpenak.

LABek esan izan du Gipuzkoako zaintza eredua errotik aldatu behar dela, eta kazetariak horri buruz galdetu zion Peñari. Diputatuak erantzun zion LABek proposatutako zaintza eredua eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena «nahiko antzekoak» direla «praktikan», eta ez dagoela gaur egungoaren alternatibarik. Sindikatuak gezurtatu egin du Peñaren baieztapen hori, eta ereduen arteko talka bat dagoela nabarmendu du: «Pribatizatutako zaintza sisteman jarraitzea ala bestelako eredu baterako bidea egitea».

LABentzat, zaintza sistemak publikoa izan behar du; administrazioak bere gain hartu beharko lituzke gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzu guztiak, «lan publikoa delako eta zerbitzu publikoak indartu behar ditugulako». Horregatik, sindikatuarentzat, «enpresa pribatu guztiek zaintza sektoretik desagertu behar dute, eta administrazioek beren gain hartu behar dute horien kudeaketa zuzena». Peñari egotzi dio elkarrizketan argi azaltzen duela ez duela sinisten «zaintza sistema publiko komunitarioan».

Peñak emandako datuen arabera, Gipuzkoako zahar etxeetako lekuen %90 publikoak dira. Peñak hor sartzen ditu zahar etxe publikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itunen bat dutenak. LABen iritziz, ordea, zerbitzua emateko ardura publikoa izateak ez du esan nahi zerbitzuaren kudeaketa zuzena publikoa denik. «Esan nahi duena zera da», azaldu du sindikatuak, «gipuzkoarren errentetatik jasotako dirua, publikoa dena, aldundiak enpresa pribatuen poltsikoetara bideratzen duela, eta zaintza zerbitzu horien inguruko erabakiak, kudeaketak, enpresek hartzen dituztela, erabiltzaileen eta langileon kalterako».  

«Feminizatua eta esplotatua»

Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, elkarrizketan, esan zuen adinekoei etxean ematen dieten zerbitzua indartu, malgutu eta egokituko dutela. LABek gogoratu du erakunde publikoek zerbitzu horren pribatizazioa bultzatu dutela, eta enpresa pribatuak arduratzen direla langileen lan baldintzez eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaz. «Etxeko langileen kasuan», zehaztu du, «sektore feminizatua eta guztiz esplotatua da, lan hitzarmenik gabekoa».  

Peñaren esanetan, zahar etxeetako langileen lan hitzarmena ez da haien ardura, enpresak eta langileek hitzartu behar dute. «Azala behar da, gero, halakoak esateko», salatu du LABek. «Enpresa horiek erabiltzen duten diru kopurua ez al die, bada, foru aldundiak ematen?». Sindikatuarentzat, foru aldundiak badu eskumena eta aukera zaintzan aritzen diren langileen lan baldintzei buruzko erabakiak hartzeko, dirua arlo batera edo bestera bideratzeko: «Zerbitzuaren kontrolera eta kalitatera, sektoreko langileengana, haien lan eta bizi baldintzak hobetzera».

LABek biltzeko eskaera egin dio Peñari, sektorearen egoera eta sindikatuaren ikuspegia azaltzeko. «Erabat feminizatua, arrazializatua eta prekarizatua den sektore honetan dauden argi-ilunak agerian jartzen jarraituko dugu», ohartarazi du sindikatuak. «Pribatizazioa zaintza langileon miseria delako, LAB sindikatuak zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko borrokan jarraituko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.