Mutualiak «mesedeen ordainetan» fitxatu du Mikel Sanchez, LABen iritziz

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko goi kargudun ohia mutualitatean ari da lanean, azarotik. Sagardui eta Sanchez Eusko Jaurlaritzan zeudela, Mutualiak langileen historia klinikoak ikusi ahal izateko hitzarmena sinatu zuten.

Mikel Sanchez, artxiboko irudi batean. IREKIA
Mikel Sanchez, artxiboko irudi batean. IREKIA
jakes goikoetxea
2025eko urtarrilaren 17a
16:45
Entzun

Aurreko astean jakin zen Gasteizko Vithas San Jose ospitale pribatuak Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia fitxatu zuela, mediku zuzendari izateko. Aste honetan, berriz, jakin da Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari izan zena zuzendari medikua dela Mutualia mutualitatean iazko azarotik. Bi kasuetan Eusko Jaurlaritzaren onespena jaso dute, erakundearen iritziz ez baitago bateraezintasunik eta lotura komertzialik Eusko Jaurlaritzan izan zuten arduren eta orain sektore pribatuan dituztenen artean.

LAB sindikatuak, ordea, uste du Mutualiak Sanchez kontratatu duela, Eusko Jaurlaritzan zela egindako «mesedeen ordainetan». Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari izan zen 2019 eta 2024 bitartean; goi karguduna izan zen, beraz, Sagarduiren taldean. LABek 2022ko maiatzean salatu zuen Eusko Jaurlaritzak Mutualiari «oparitu» egin ziola langileen historia klinikoetara sarbidea izatea: Osakidetzak eta Mutualiak hitzarmen bat sinatu zuten, biek langileen espediente eta historia klinikoak ikusi ahal izateko. 400.000 langile baino gehiagorenak guztira.

LABen arabera, Osakidetzak diru publikoarekin herritarren bizitza osoan garatutako historia klinikoa enpresa elkarteari oparitzeak arrisku nabarmenak ditu langilearentzat, «enpresak bere bizitzako edozein osasun arazo edo pasarte erabil baitezake laneko gaixotasun bat ukatzeko».

EAEko Arartekoak zalantzan jarri zuen Osakidetzaren eta Mutualiaren arteko hitzarmena, eta Osakidetzari eskatu zion hausnartu zezala ea zer interes publiko lortu nahi zuen hitzarmen horren bidez.

LABentzat, Mutualiak Sanchez kontratatu izana «opari horren ordaina» da. Ate birakarien adibidetzat jo du kasua. LABek «EAJren orbitako enpresa mutualitate» gisa deskribatu du Mutualia.

Gogoratu du Mutualiak kudeatzen duen diru guztia publikoa dela, baina erabakiak enpresariek hartzen dituztela, «haien interesen babesean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.