LABen arabera, Jaurlaritzak eskola jangelen inguruko agindu bat argitaratu du, «hezkuntza eragileekin adostu gabe»

Sindikatuak salatu du beste aukera bat galdu dutela zerbitzuaren kalitatea hobetzeko: «Agindu berrian ez dio erreparatu langileen aldarrikapenetako bat bera ere jasotzeari». Nabarmendu du orain dela unea jangeletako langileak kalera ateratzeko.

Eskola jangela bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskola jangela bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ/FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko irailaren 24a
13:07
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola jangelak arautzen dituen agindu bat argitaratu zuen joan den ostiralean. Eta LAB ez dago ados: «Hezkuntza sailburu berriak aukera bat galdu du berriz ere jangelen kalitatea hobetzeko». Areago: «Argi dago ez zaizkiola batere axola langileak, ezta jangela erabiltzen duten ikasleak ere». Eta akordiorik ez egin izana kritikatu du: «Agindu bat argitaratu du, alde bakarretik, sindikatuokin eta hezkuntza eragileekin adostu gabe».

Gainera, sindikatuaren esanetan, agindu berrian ez dute aintzat hartu langileen aldarrikapenetako bat bera ere: besteak beste, ratioak hobetzea, ikastetxearen erabakietan parte hartzea, langileen hezkuntza lanaren aitortza eta formakuntza... Eta zerbitzua «pribatizatzen» jarraitzen dute: «Zerbitzu hori diru publikoarekin ordaintzen zaie enpresa pribatu batzuei, kudeaketa integrala egin dezaten».

Hori dela eta, LABek nabarmendu du beti adierazi izan dutela jangelak kudeatzeko egungo eredua aldatu beharra dagoela: «zaharkituta dagoelako, hezkuntza komunitateak bertan parte hartu behar duelako, baina, zalantzarik gabe, langileen kudeaketa Hezkuntza Sailari dagokiolako zuzenean». Horregatik, uste dute orain dela garaia langileak kalera atera daitezen. Eta hitz egiteko eskatu dute: «Hezkuntza Sailak langileen ordezkariekin eseri behar du, eskola jangeletako langileen aldarrikapenak entzuteko, euren lan baldintzak hobetzeko eta lanpostuei eusteko akordioak lortzeko, baita kalitatezko zerbitzua emateko beharrezko tresnak eskaintzeko ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.