LABek salatu duenez, Guardia Zibilak hezkuntzako programa bat erabili du ikasleak «erakartzeko»

Guardia Zibilak zibersegurtasunarekin lotutako lehiaketa bat proposatu du. LABek salatu du «izaera militarra duen institutu armatu hori zuritzeko» ahalegin bat dela, eta Gimenori eskatu dio halakorik ez onartzeko.

Gazteak ikasgeletan Ikasnova programa erabiltzen. NAFARROAKO GOBERNUA
Gazteak ikasgeletan Ikasnova programa erabiltzen. NAFARROAKO GOBERNUA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko azaroaren 6a
15:00
Entzun

Guardia Zibilak Ikasnova programa baliatu du DBH4ko ikasleak zibersegurtasunaren inguruko lehiaketa batera aurkez daitezen, LABek salatu duenez. Ohar bidez jakinarazi duenez, «izaera militarra duen Espainiako institutu armatuak Nafarroako Gobernuaren Ikasnova plataforma digitala erabili du ‒ziurrenik Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean‒ DBHko 4. mailako ikasle nafarrak zibersegurtasunaren inguruko bere lehiaketa batera erakartzeko». Hori hala bada, «salagarria» eta «desegokia» iruditzen zaio, eta dei egin dio hezkuntza komunitateari halakoetan parte har ez dezan.

LABek jakinarazi duenez, Hezkuntza Departamenduak kudeatzen duen Ikasnova plataforma digitalaren bidez Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara ailegatu da Guardia Zibilaren egitasmoa, publikoetara eta itunpekoetara. Egitasmo horren aurkezpenean jartzen duenez, lehiaketa horren azken fasea Aranjuezen (Madril, Espainia) jokatuko dute, guardia zibilen akademian.

LABen iritziz, «lekuz kanpo dago erabat» proposamen hori, eta Carlos Gimeno zuzentzen duen sailari exijitu dio ez dezala berriz halakorik zabaldu, «ikasgeletan ez baitago Guardia Zibilaren batere beharrik».

Iruditzen zaie Guardia Zibila «zuritzeko» beste saio bat dela hori. Eta gogora ekarri du nola zerrenda beltzak sortu zituen hezkuntzako komunitatean lana egiten dutenen kontra, joera politiko eta ideologikoen arabera: «Gainera, ondoren lau haizeetara zabalduak izan ziren, hainbat hedabideren laguntzari esker. LABek ezin du onartu langileen eskubideak horren modu zantarrean urratu dituen erakunde bat eskoletan goratzen jardutea».

Beraz, Hezkuntza Departamentuari eskatu dio «ez dezala kolaboratu horren balio atzerakoiak defendatzen dituen eta Nafarroako irakasle zein ikasleak erreprimitzen eta kriminalizatzen ibili den erakunde militar horren egitasmoekin». Aldi berean, hezkuntza komunitate guztiari eskatu dio adi egoteko kontu honekin, antolatutako lehiaketa horretan parte ez hartuz eta gisa horretako egitasmoak zalantzarik gabe salatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.