LABek salatu du Nafarroako itunpeko ikastetxeetako ituna aldatzeak «murrizketak» eragingo dituela

UGTk, CCOOk eta Sepnak babestu dute ituna. LABek salatu duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez ditu finantzatuko erretiro partzialak eta errelebo kontratuak.

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / FOKU
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko apirilaren 16a
14:49
Entzun 00:00:0000:00:00

LABek jakinarazi duenez, aldatu egin dute Nafarroako itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako ituna. UGT, CCOO eta Sepna sindikatuek babestu dute erabakia; LABek, aldiz, irmoki kritikatu du: «Murrizketak ekarriko dizkie irakasleei».

Sindikatuak azaldu duenez, erretiro partzialaren inguruko Espainiako Gobernuaren legea indarrean dago apirilaren 1etik, eta hark ezarritako baldintza berrien eraginez, aldatu egin da Nafarroako itunpeko eta ikastoletako irakaskuntzaren akordioa. LABen irudiko, kalterako izango da: «Alde batetik, dirurik ez dagoelako aitzakia lotsagarria erabilita, Hezkuntza Departamentuak ez ditu bere osotasunean finantzatuko erretiro partzialak eta errelebo kontratuak; beste aldetik, adin orduak murriztu, eta soldata osagarria kenduko du». Xehatu duenez, lege berria berez langileen erretiro adina aurreratzeko aukera gisa saldu badute ere, Nafarroan atzeratu baino ez du egiten, «Hezkuntza Departamentuak ez baitu diruz lagunduko 62 urtetan erretiro partziala hartzeko aukera».

Horiek horrela, LABen irudiko, erretiroa hartzea edo errelebo kontratuak egitea «zaildu» egingo da, eta, horrela, belaunaldi berriak irakaskuntzan sartzea «oztopatu»; halaber, lanean urteak daramatzatenak «zigortuko» dituzte. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren jarrera ez ezik, patronalena ere deitoratu du sindikatuak: «Patronalek izan duten jarrera pasiboa ere salatu nahi du LABek, administrazioari men egin baitiote. Hala, itunpeko ikastetxeak eta ikastolak azpikontrata merkeak izango dira aurrerantzean ere». Itunarekin bat egin duten sindikatuak ere kritikatu ditu: «Eta beste behin ere, aipatzekoa da UGTk borrokarako aukera zapuztu izana, Sepnarekin eta CCOOrekin batera murrizketak onartu baititu».

Gainera, itunaren indarraldia luzatu dute: 2028ra arte. Eta zera ere gaitzetsi du LABek: «Nahi dutenean, edukia murriztu edo desagerrarazi dezakete, orain arte egin duten modura».

Borrokarako prest

Hori ikusita, LAB ez dago prest geldirik egoteko. «Borrokan» jarraituko dutela ziurtatu dute: «LABek desadostasuna adierazi nahi du, eta erretiro partziala eta errelebo kontratuak defendatzen eta murrizketen aurka borrokatzen jarraituko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.