Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko lan gatazkaren harira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta sindikatuak apirilaren 4an batu ziren azkenengoz. Orduan, Hezkuntza Sailak ziurtatu zuen «proposamen berri bat» aurkeztu zuela, baita hamar eguneko egutegi bat ere. Alta, gaur LABek salatu du ez dutela bete: «LABek salatu zuen arren egutegi horren bidez negoziazioak luzatu nahi zirela, sailak aurrera eramatea erabaki zuen, eta ondoren, gainera, ez du bete bertan jasotakoa».
Izan ere, LABen esanetan, jasota zegoen hilaren 16ra arte negoziatzea, hau da, gaur arte, baina ez dira horretan ari: «Propagandan eta jendartearen iritzi publikoan eragitean jarri du indarra Hezkuntza Sailak, eta alde batera utzi ditu negoziaziorako eta akordioak egiteko bide guztiak». Are: «Sailak gutxietsi egin nahi izan du hezkuntza publikoa indartzeko borroka, lan baldintzen eta ikastetxeek hainbeste behar dituzten baliabideen aldekoa».
Horiek horrela, sindikatuak ziurtatu du negoziatzeko prest dagoela, eta horixe bera eskatu diote administrazioari ere: «LABek Hezkuntza Sailari exijitzen dio izan dezala negoziatzeko benetako jarrera».