LABek lau egoiliarreko langile bateko ratioa exijitu du Bizkaiko zahar etxeetan

Sindikatuak uste du duintasunetik urrun daudela gaur egungo lan eta zaintza baldintzak, eta ezin dietela egoiliarrei behar duten tratua eman.

Bizkaiko zahar etxeetako langileen mobilizazio bat, iaz. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaiko zahar etxeetako langileen mobilizazio bat, iaz. ARITZ LOIOLA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 19a
16:00
Entzun

Bizkaiko zahar etxeetan egunero «tratu txarren egoera» bizi dutela salatu du LAB sindikatuak. Erantzuleak ere zehaztu ditu: Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. LABentzat, bi erakunde horiek ezarritako ratioek —langileak egoiliarreko— «larriki okertzen dute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna». Haien ustez, gaur egun duintasunetik urrun daude.

Sindikatuko ordezkariek Bilbon egindako agerraldi batean azaldu dutenez, ezarritako ratioen ondorioz, ez dute behar besteko denborarik egoiliarrei arreta duina eskaintzeko. Egoera deskribatu dute: «Dekretuak baimendu egiten du langile bakar batek pertsona bat hamar minutuan garbitzea, janztea eta dutxatzea; gauean 35 edo 40 egoiliarren ardura izatea; edo aldi berean gutxienez hamabost lagunen oinarrizko jarduerak zaintzea».

Horregatik, Bizkaiko zahar etxeetako egoera «humanizatzeko», egunez langileko lau egoiliarreko ratioa exijitu du LABek. Gauez, berriz, bi langile hamabost egoiliarreko. Eta egun osoko erizaintza zerbitzu bat egon dadila. Gaur egungo ratioen kontrako mobilizazioak egingo ditu. 

Sindikatuarentzat ezin da onartu «tratu txar horiek normalizatzea». Gaur egun nola dauden deskribatzeko zenbait adibide eman dituzte: Portugaleteko Aspaldikon, gauez langile bakar batek zaindu ditu 34 egoiliar, eta, Ermuko Abeletxen eta Durangoko Aita Mennin, 38 egoiliar ere izan dira.

Sistema «gizagabea» dela uste dute: «Sistema horrek ukatu egiten die egoiliarrei entzuna izateko aukera eta pertsona guztiok behar dugun gutxieneko arreta emozionala jasotzea».

Pribatizazioaren ondorio

LABentzat, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak zaintza zerbitzuetan «inposatzen dituzten» pribatizazioak eragina du egoera hala izan dadin. «Zaintza lanak merkaturatu egiten ditu. IMQren, Laresen, Aita Menniren, Vitalitasen, Babestenen eta GSRren moduko enpresek negozioa egiten dute, eta milioika euro irabazten dituzte». 

Gaitzetsi egin dute zerbitzu publiko bat negozio bihurtzea. Are okerrago: «Egoiliarrak eta langileak gaizki tratatzen dituen negozio bat». LABen iritziz, langile horiek langile publikoak dira, eta zahar etxeak publiko bihurtu behar dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.