LABek lan hitzarmen berria erdiesteko aurreakordioa sinatu du ikastolekin

Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastolen Batzarekin jarri dira ados. Hitzartu dute ikastoletako langile guztiek langile publikoen soldata berdina izatea 2027rako.

ikastola
Irakasle bat ikastola batean eskolak ematen, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 16a
16:18
Entzun

Ikastoletako lan hitzarmena berritzeko urratsa egin dute gaur Ikastolen Elkarteak, Eusko Ikastolen Batzak eta LAB sindikatuak: aurreakordioa egin dute. Sindikatuaren esanetan, patronalek mahai negoziatzailera eraman dituzte LABek ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin sinatutako akordioaren edukiak, baita erosahalmena bermatzeko, enplegua mantentzeko eta lan zamak arintzeko neurriak ere. Lan hitzarmena 2024ra arte egongo da indarrean.

Sindikatuak xehatu ditu aurreakordioan erdietsi dituzten hobekuntzak. Soldata igoerak adostu dituzte: 2027rako langile publikoen soldata bera edukiko dute ikastoletako kategoria guztietako langileek. Gainera, langileen erosahalmena bermatze aldera, langile guztiei %15,3 igoko diete soldata. Pozik agertu da sindikatua, prentsa ohar batean: «Parekatzea langileen garaipen handia da, eta, urteroko igoerak gehituz, 2027rako %18-20ko soldata igoerak ekarriko ditu langile kategoria guztietan». Halaber, 0-2 urteko etapako hezitzaileen soldata 2 urteko haurren hezitzaileen soldatarekin berdinduko dute aurtengo urtarriletik.

Baina soldatena ez da izango hobekuntza bakarra: akordioak prozedura bat jasotzen du jaiotze tasaren jaitsiera dela eta enplegua mantentzeko. Hala azaldu dute: «Ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zaman arintzeko figura berriak. Eta, horrekin batera, 60 urtetik gorako langileen berritze planak gauzatzeko neurri zehatzen azterketa ere egingo da».

Azkenik, lan zamak arintzeko asmoa ere badute: «Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat zein hezkuntza laguntza espezialistentzat eta zerbitzuetako zein jarduera osagarrietako langileentzat norberarentzako egun gehigarriak jaso dira».

Eskola erlijiosoetan, grebara

Aldiz, sindikatuek lan hitzarmen berria lortu ezinda jarraitzen dute Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetarako. Gaur izan dute azken bilera patronalek eta sindikatuek, eta grebarekin jarraitzea erabaki dute. Bihar hasita, hamar greba egunera deitu dute urtarrilerako eta otsailerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.