Iragan astean jakinarazi zuten Iruñeko Udalean akordioa lortu zutela EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, haur eskoletan euskarazko ehun postu gehiago izateko. Postu horiek, baina, gaztelera ere eskaintzen duten eskola mistoetan jarriko dira, eta LABek uste du hori ez dela konponbide egokia. «Horrela ez», esan du irmo.
Kaleratutako prentsa oharrean dioenez, LABek ontzat jo du Iruñeko familia gehiagok aukera izatea euren seme-alabak euskaraz matrikulatzeko 0-3 zikloan. Alta, ez du egokitzat jotzen eskola mistoetan eskaintzea gehitutako postu horiek, haur eskolen komunitateak «aho batez» babesten baitu hizkuntza bakarreko eskola eredua. «Alderdi guztiek ongi asko dakite hori, langileen batzordearen eta udal haur eskoletako hamabi zuzendaritzen bitartez jakin dutelako».
LABen arabera, hizkuntza bakarreko ereduak «antolaketa pedagogiko hobea ahalbidetzen du». Aukera ematen die eskolei haurrak adin tarte txikien arabera biltzeko eta haien beharretara hobeto egokitzeko. Halaber, murgiltze osoa ezinbestekotzat jo dute hizkuntza bat eskuratzeko orduan.
Euskararen kaltetan
Euskarari dagokionez, murgiltze linguistikoa «funtsezkoa da» ikaskuntza bermatzeko. Sindikatuak ohartarazi duenez, esperientziak erakusten du eredu mistoetan azkenean gaztelania nagusitzen dela eguneroko bizitzan. «Horrek zaildu egiten du euskara eskuratzea», arrazoitu dute. Gaineratu dute eredu horrek barne tentsioak sor ditzakeela lantaldeetan.
Eskoletako zuzendaritzek alderdiei adierazi diete hizkuntza bakarreko zentroen kudeaketa «eraginkorragoa» dela, LABek zehaztu duenez. «Eskola mistoetan zailagoa da antolatzea». Bi aldiz ireki eta itxi behar da eskola, eta bi hizkuntzetako taldeak ezin dituzte toki komunak partekatu.
Horregatik, LABek talde sinatzaileei eskatu die jaramon egin diezaietela haur eskolen komunitatearen eskaerei. «Guk ezagutzen dugu ondoen eskoletako egunerokoa». Era berean, zenbait taldek defenditzen dituzten jarrera politikoak albo batera uzteko eskatu diete. «Haien ekintzen oinarrian euskarafobiarik itsuena dago».