LABek irregulartasunak atzeman ditu Osakidetzak enpresa pribatuekin sinatutako 381 kontratutan

Sindikatuaren arabera, zenbait trikimailu erabili dituzte kontratu horiek lehiaketa publikora ez ateratzeko. Horien bidez zortzi milioi euro adjudikatu dituzte.

LABen agerraldia
Garbiñe Aranburu eta Jesus Oñate, ustezko irregulartasunak biltzen dituen txostenarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko urtarrilaren 15a
14:15
Entzun

LAB sindikatuak irregulartasunak atzeman ditu Osakidetzako erakunde batzuek enpresa pribatuekin sinatutako zenbait kontratutan. Sindikatuak susmoa du kontratu horietako batzuk zatitu egin dituztela, enpresa jakin batzuei eman ahal izateko lehiaketa publikoa egin behar izan gabe. 381 kontratutan detektatu dituzte ustezko irregulartasunak: gehien-gehienak 2022koak dira, baina 2021eko abenduko batzuk ere zenbatu dituzte. Orotara, kontratu horien zenbatekoa zortzi milioi euro ingurukoa izan da. Arabako ESI erakunde sanitario integratuak eta Gurutzetako ospitaleak (Bizkaia) biltzen dute ustezko iruzur gehien.

Erakunde publikoak behartuta daude lehiaketa publikoa egitera kontratatzen dituen zerbitzuak nori eman erabakitzeko, baina, kontratu horien balioa txikia denean, ez dute zertan horrelakorik egin. Kanpoko enpresa pribatuek egin beharreko lanen kasuan, ez dago deialdi publikorik egin beharrik lanen balioa 40.000 euro baino gutxiagokoa bada. Hornikuntza eta zerbitzuen kasuan, berriz, 15.000 eurokoa da gehieneko zenbatekoa, kontratua enpresa bati zuzenean eta lehiaketarik egin gabe adjudikatu ahal izateko.

Legeak beren-beregi debekatzen du lan edo zerbitzu bakar bati dagokion kontratua kontratu txikiagotan zatitzea lehiaketa egiteko beharrizanari itzuri egiteko. Hain zuzen ere, horixe da LABen susmoa: obra edo zerbitzu bakar bati legozkiokeen zenbait kontratu zatitu egin dituztela, kontratu txikiago horiek 40.000 edo 15.000 euroren muga hori ez gainditzeko moduan, lana zuzenean enpresa jakin bati eman ahal izateko.

LABek Osakidetzan duen ordezkari Jesus Oñatek eman ditu ikerketari buruzko xehetasunak. Esan duenez, hainbat trikimailu erabiltzen dira kontratazioan lehiaketa publikora deitzeko beharrizana saihesteko. Horietako bat da adjudikatu beharreko lana zatikatzea, betiere modua bilatuz kontratu bakoitzaren kostuak legeak ezarritako gehienekoa gaindi ez dezan. Adibidez, Tolosaldeko erakunde sanitario integratuak (Gipuzkoa) igogailu bana instalatu behar zuen Andoaingo eta Ibarrako zentroetan: kontratu bakarra egin beharrean, kontratu bat egin zuen igogailu bakoitzeko: kontratu biak egun berean sinatu zituzten, enpresa berari adjudikatu zizkioten, eta bakoitzaren kostua 39.998 eurokoa zen, legeak ezartzen duen 40.000 euroko muga baino apurtxo bat gutxiago.

Beste batzuetan, obra bakartzat jo daitekeena, adibidez gela baten erreforma, lan txikiagotan banatzen da, eta kontratu bat egiten da elektrizitatea instalatzeko, beste bat hormak jartzeko eta abar, nahiz eta lan guztiak enpresa berberak egin. Hori da, esaterako, Portugaleten (Bizkaia) Buenavista osasun zentroko lokalak erreformatzeko lanarekin egindakoa: lanak lau kontratutan banatu dituzte, denak enpresa berberari eman dizkiote, eta hiru kontratutan balioa 39.900 euro ingurukoa da.

Beste zenbaitetan, zatikatutako kontratu txikiago horiek enpresa desberdinei adjudikatu dizkiete, baina, horien jabetza ikertuta, LABek jakin du jabe edo arduradun berberak daudela enpresa horien atzean. Sindikatuak nabarmendu duenez, orotara «dozena erdi bat» dira jarduteko modu horretatik onurarik handiena ateratzen duten enpresak.

«Liburu mardula»

«Liburu mardula idatz daiteke Osakidetzan izandako jarrera desegokiekin eta irregulartasunekin», esan du LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk, eta gogora ekarri du duela zenbait urte lan eskaintza publikoaren inguruan sortutako eskandalua, Jon Darpon osasun sailburuaren dimisioa ekarri zuena. Orain azaleratutakoek «enpresa jakin batzuk saritzea» dute helburu, Aranbururen esanetan, eta «kontrol publikoa saihestea» dakarte.

Aranbururen iritziz, EAJk bultzatutako «eredu neoliberal eta klientelarraren ondorio» dira horrelako jarduerak: «Sistema publikoa ahultzen uzten dute enpresa pribatuen mesedetan. Ez da behar adinako inbertsiorik egiten, sistemaren eraispena bultzatzen ari dira, eta Osakidetzako langileek egin zitzaketen zenbait lan kanpora ateratzen ari dira». Horren ondorioak dira osasungintza publikoaren kalitatea okertzea eta haren irudia kaskartzea, den-dena osasungintza pribatuaren mesedetan: «EAJ kudeatzaile ona da, baina ona da negozio pribatuei mesede egiten, ez zerbitzu publikoak indartzen», esan du.

Bestalde, Aranbururen iritziz EAJren eredua «klientelarra» ere bada, «EAJren inguruko enpresa gutxi batzuk saritzea» xede duelako.

Aranbururen esanetan, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuari amaitu zaizkie «denbora eta aitzakiak»: «Alferrik saiatuko dira gertatzen ari denaren erantzukizuna langile eta sindikatuen estrategia bati egozten; kritika hori ez da sostengatzen». Aitzitik, beharginek egindako lanak eusten dio zerbitzu publikoaren kalitateari eta ospe onari, Aranburuk azaldu duenez.

LABek iragarri du Kontuen Auzitegiaren esku utziko dituela ikerketaren bidez atzemandako irregulartasun guztiak, eta datorren ostegunean Osakidetzaren zuzendaritzarekin izango duten bileran ere mahai gainean jarriko dutela gaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.