LABek auzitara jo du hezkuntza publikoko eskola garraioko eta jolastokietako zaintzaileen arloko patronalaren aurka

LABek iritzi dio CIDI enpresak negoziazio kolektiborako eskubidea urratu duela. 2024ko otsailaren 23an abiatu zituzten negoziazioak, eta hasiera-hasieratik negoziazioa blokeatzen saiatzea leporatu dio patronalari.

Eskola autobus bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eskola autobus bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 9a
11:02
Entzun 00:00:0000:00:00

LAB sindikatuak auzitara jo du, eta hezkuntza publikoko eskola garraioko eta jolastokietako zaintzaileen arloko patronala salatu. Sindikatuaren iritziz, CIDI Centro Internacional de Idiomas enpresak ─bi arlo horietako patronaleko enpresa nagusia da─ urratu egin du negoziazio kolektiborako eskubidea.

Urtebete baino gehiago da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko eskola garraioko eta jolastokietako zaintzaileen arloko hitzarmena eztabaidatzeko negoziazio mahaia abian dela; eta LABek ohar bidez salatu duenez, patronalak «jarrera esplotatzailea» izan du hasieratik. Hain zuzen, 2024ko otsailaren 23an abiatu zituzten negoziazioak, eta CIDIri leporatu dio hasiera-hasieratik ahalegindu izana negoziazioak blokeatzen.

Are gehiago, azken bileran «harrokeriaz» aritu izana egotzi dio sindikatuak enpresari. LABek azaldu duenez, patronalak erabaki du negoziazioak uztea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lizitazioak argitaratu eta adjudikatu arte: «Diru publiko gehiago jaso arte».

Patronalaren jarrera ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere gaitzetsi du LABek. Sindikatuak nabarmendu duenez, bai eskola garraioa eta bai jolas orduetako zaintza zerbitzua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan eskaintzen diren «zerbitzu publikoak» dira, eta, beraz, sindikatuak txartzat jo du zerbitzuok diru publikoarekin kudeatzen diren arren Hezkuntza Sailak patronalaren jarrera ez salatzea, baita «isiltasun konplizez» jardutea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.