LAB sindikatua eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ados jarri dira, eta Haurreskolak partzuergoko lan hitzarmen berria izenpetu dute, hamasei urteren ostean. 2026ko abenduaren 31ra arteko iraupena izango du, eta, sindikatuaren eta Hezkuntza Sailaren esanetan, lan baldintzak hobetuko ditu: besteak beste, soldata eta baimenak hobetuko dituzte, eta ratioak eta lanorduak murriztu. LAB sindikatuak gehiengoa du Haurreskolak partzuergoan.
Zenbait greba eta protestaren ostean iritsi da akordioa. Hain zuen, orain bi aste, urtarrilaren 28an eta 29an, bi greba egun egin zituzten Haurreskolak partzuergoan, LABek, Steilasek eta ELAk deituta. Etziko eta ostegunerako ere grebara deituta daude Haurreskolak partzuergoko langileak. Orain, ados jarri direnez, LABek ez ditu babestuko deialdi horiek, eta Hezkuntza Sailak espero du bertan behera geldituko direla.
Sindikatuak banan-banan aletu ditu hitzarmenak langileei ekarriko dizkien hobariak. Lanaldiari dagokionez, ehun ordu gutxiagoko jarduna izango dute, eta lan zamak arintzeko bestelako neurriak ere egongo dira. Halaber, ikasturtean sei jaiegun gehiago edukiko dituzte 2025-2026ko ikasturtetik aurrera. Soldatetan ere izango du eragina. Erosahalmena berreskuratze aldera, kudeaketa alorreko langileen soldatak administrazio orokorreko langileen soldatekin parekatuko dituzte, baita osagarriak «eguneratu» ere. Halaber, «lana eta bizitza uztargarri egiteko», hainbat lizentzia eta baimen berri lortu dituzte; aurrerantzean, Hezkuntza Saileko hezitzaileek adina edukiko dituzte. Behin-behinekotasuna murrizteko neurriak ere badaude dokumentuan: hezitzaileen lanpostuen zerrendan 64 lanpostu gehiago egongo dira, behin-behineko kontratu kopuru hori egiturazko bilakatzea lortu dutelako. «Eta beste horrenbeste lortuko ditugu negoziazio honen ondorioz». Gainera, behin-behinekotasun tasa %5era mugatzea lortu dute, baita hurrengo oposizio eredua «negoziatzea eta adostea» ere. Ordezko langileentzako hobekuntzak ere izango dira: «Lortu dugu ordezkoen araudi berria adostea eta lan hitzarmenean jasotzea, baita behin-behineko lanpostuak telematikoki betetzeko aplikazioa, Ordezkagunea, 2025eko irailaren 1etik martxan jarriko dela jasotzea ere». Hezkuntza Sailak beste aldaketa batzuk ere aipatu ditu: hala nola arrisku psikologikoei eta ergonomikoei buruzko azterketak egingo dituztela, sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa ezarriko dutela eta hezitzaileen prestakuntza hobetuko dutela.
LABen irudiko, langileentzat ez ezik, akordioak umeentzat ere ekarriko du hobekuntzarik. Esaterako, ratio hobeak izango dituzte: «Haurrei ematen diegun hezkuntza zerbitzuan eragina izango du, 0-3ko dekretuak zehazten dituen ratio murriztaileak alboratu ditugulako. Gaur egun partzuergoan aplikatzen direnak —askoz hobeak dira— jasotzea lortu dugu, hilabete honetan bertan negoziatuko diren lanpostuak adjudikatzeko irizpideak zehaztu bitartean». Diotenez, jada sinatu dute irizpide horiek negoziatzeko egutegia eta horretarako aldagaien dokumentua, «funtsezko aldagaiak kontuan hartuta».
Hezkuntza Saila, pozik
Hezkuntza Sailak ere goretsi du erdietsitako akordioa, ohar batean. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua «pozik» agertu da: «Akordio horri esker, Haurreskolak partzuergoak jarraitu ahal izango du bere helburua familientzat zein hezitzaileentzat berme eta kalitate osoz garatzen». Hezkuntza sailburuaren esanetan, azken urteetan lortu dituzte «hobekuntza zehatzak»; alabaina, gaur egun behar-beharrezkoa zen zerbitzu publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa indartzearen aldeko «apustu sendoa» egitea, gero eta matrikula gehiago baitaude.
Hain zuzen, Hezkuntza Sailaren datuen arabera, 6.508 ume eta 1.800 langile daude Haurreskolak partzuergoan. 2023-2024ko ikasturtetik erabat doakoa da zerbitzua, eta matrikula kopurua %25 igo da ordutik. Gainera, familiek gero eta ordu gehiago eskatzen dituzte beren seme-alabentzat. Horiek horrela, sailak dio lanean jarraituko dutela: «Haur eskolen proiektua indartzen jarraitu nahi dugu, eta familia guztiei hezkuntza eta laguntza zerbitzurik onena eman nahi diegu».
6.508Haur kopurua Gaur egun, 6.508 ume daude Haurreskolak partzuergoko zentroetan. 2023-2024ko ikasturtean doakotasuna ezarri zutenetik %25 igo da matrikula kopurua. Horiekin 1.800 langile ari dira lanean.