Osasun ituna lortzeko prozesuaren bilera egingo dute bihar Irungo Ficoban (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzak sortutako eta abiatutako prozesuak bigarren fasea itxiko du bihar: ikuspegi, balio eta printzipioena. LABek ez du parte hartuko, ez baitator bat bigarren fasea ixteko behin betiko dokumentuarekin. Hala ere, sindikatuak prozesuan parte hartzen jarraituko du.
Zergatik ez duen parte hartuko? LABentzat ezinbestekoak diren gaiak ez direlako sartu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistemak izan beharko lituzkeen ikuspegietan, balioetan eta printzipioetan: alde batetik, esklusibotasuna; bestetik, zerbitzua baliabide publikoekin eta propioekin eskaintzea. Etorkizunean estrategia egokiak erabakitzeko funtsezko elementuak direla uste du. Onartu du lortu duela behin betiko agirian hobekuntza batzuk sartzea.
LABek behin betiko agirian sartu nahiko lituzkeen bi oinarriek lotura zuzena dute osasun zerbitzuen pribatizazioarekin. Sindikatuak esklusibotasuna aipatu du, hau da, osasun publikoan lan egiten duten medikuek osasun sistema pribatuan ere aritzeko aukerarik ez izatea, gaur egun mediku batzuek bietan lan egiten baitute. LABentzat, esklusibotasuna «ezinbesteko neurria da sistema indartzeko».
Ikusi gehiago
Osasun sistema publikoak zerbitzua bere baliabideekin eskaini behar duela ere uste du, sektore pribatura jo gabe: «Kanporatze-pribatizazio politikak izan dira Osakidetza gain behera eraman duten arrazoi nagusietako bat».
Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen osasun ituna lortzeko prozedura. Javier Meana EHUko Farmakologia katedraduna arduratzen ari da parte hartzaileen ekarpenak koordinatzeaz eta bateratzeaz. Haren esku dago zer sartu eta zer utzi kanpoan. Eta fase batetik bestera pasatzeko, parte hartzaileek fase bakoitzaren bukaerako dokumentua onartu behar dute; bestela, kanpoan geratzen dira.
Metodologiari kritika
Prozesuarekin lotuta, LABek Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio «isilarazi eta ezkutatu» egin nahi izan dituela aurreko faseko —diagnostikoari buruzko faseko— ahots kritikoak: «Adostasun osoa eta zabala egon zela adierazi zuten; bada, ez zen horrelakorik izan, LABek boto partikularra aurkeztu baitzuen». Sindikatuarentzat prozesuaren metodologiari buruzko erabakiek eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenek erakusten dute erakundearen lehentasuna adostasuna irudikatzea dela. Bigarren fasearen bukaeran, boto partikularra aurkeztu beharrean, bileran ez parte hartzea erabaki du, inork ez dezan «nahita» bere iritzia ezkutatu.
Prozesuan «antzerkia» eta «interes alderdikoiak» daudela salatu du LABek. Ordea, sindikatuak nabarmendu du osasun sistemaren eta Osakidetzaren eraldaketa lortzeko estrategiak eta neurriak erabakitzea dela garrantzitsuena. Horregatik, hurrengo fasean parte hartuko du, fase erabakigarrian: estrategiei buruzkoan.
Biharko bileran ez du parte hartuko, baina LAB Ficoban izango da goizean: elkarretaratzea egingo du Ficobaren aurrean, 09:30ean, osasun sistema publikoa eskatzeko. Era berean, langileei eskatu die parte har dezatela osasun publikoaren aldeko herri plataformek larunbaterako Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu dituen manifestazioetan: «Osasun Mahaiari eta Eusko Jaurlaritzari presio egiteko une erabakigarria da, pribatizazioa alboratzen duten politika publikoen alde presio egiteko ordua da. Formak aldatuta baina politika neoliberal berberekin jarraitu nahi duen gobernu honen aurrean, antolatu eta mobilizatu gaitezen!».
«Aurrerapen garrantzitsua» EH Bildurentzat
LABekin alderatuta, osasun itunari buruzko balorazio positiboagoa egin du Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Forum Europan egindako adierazpenetan, Bilbon. Otxandianorentzat «aurrerapen garrantzitsua» da bigarren fasearen behin betiko ondorioen dokumentua, eta «osagai nahikoak» ditu Osakidetza onbideratzeko eta indartzeko oinarriak eta printzipioak jartzeko. Zehaztu du, hori bai, berea «premiazko» balorazioa izan dela, agiria atzo jaso zutelako.
EH Bilduko ordezkariak gogoratu du duela urtebete eskas, hauteskunde kanpaina betean, iritzi kontrajarriak zeudela, eta alderdi politikoak ez zetozela bat Osakidetzan gertatzen ari zenari buruz. Urtebete geroago, asko aurreratu dela uste du, diagnostiko bat hitzartu delako.
Hurrengo fasea estrategiena eta erabakiena izango da. Diagnostikoak eta printzipioek erabakietan islatu beharko dute, «osasun sistema publikoa eraldatzeko». EH Bildu akordioetarako prest dago, Otxandianoren arabera, betiere funtsezko politikak hitzartzeko baldintzak baldin badaude.