LAB eta ELA sindikatuek azaldu dutenez, UGT sindikatuak Euskotreneko 2022ko egonkortze prozesurako jarritako euskara eskakizunen kontrako salaketa ipini du, eta gaur egin dute auzia ebazteko epaiketa Bilbon. Bi sindikatuek protesta egin dute epaitegiaren aurrean, eta euskaraz lan egiteko eta zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubideak defendatu dituzte.
Ohar bana atera dute. LABek euskararen aurkako oldarraldiarekin lotu du salaketa, eta ziurtatu du «hainbat hamarkada atzera egitea» duela xede: «Euskararen normalizazio prozesuan azken urteetan Euskotrenen egindako lan guztia baliogabetzea du helburu». Eta nabarmendu du euskara eskakizunak bertan behera uzteak «ondorio larriak» izango lituzkeela: «Parez pare zabalduko lirateke Euskotrenen euskaraz lan egin nahi duten langileen eta euskaraz artatuak izan nahi duten erabiltzaileen hizkuntza eskubideak urratzeko ateak». Horregatik, UGTren jarrera salatu du: «Euskararen normalizazio prozesuan urratsak egin beharrean, UGT bezalako sindikatu espainolistek erabaki dute euskararen aurkako erasoak normalizatzea».
Antzera mintzatu da ELA ere. Salatu dute «halako erasoek» urratu egiten dituztela hizkuntza eskubideak: «Euskotreneko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dute, eta erabiltzaileek euskarazko zerbitzua jasotzekoa». Sindikatuaren irudiko, halaber, beharrezkoa da zerbitzu publikoak euskalduntzea: «Euskararen normalizazioan eta zerbitzu publikoen euskalduntzean pausoak eman behar diren honetan, guztiz tokiz kanpo daude halako salaketak».
Donostiako epaiaren aurka
Euskotrenena ez da auzibidean dagoen kasu bakarra. Atzo jakinarazi zutenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Donostian udaltzain izan nahi dutenek ez dutela zertan euskaraz B2 maila eduki. Horren harira, Eneko Goia alkateak gaur esan du udaleko zerbitzu juridikoak aztertzen ari direla zein bide hartuko duten erabakiaren aurka egin ahal izateko; aukera dago Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko. Izan ere, ez daude ados epailearen erabakiarekin: «Euskararen normalizaziorako egindako bidearen aurka doa». Halaber, Donostiako Udaleko LABek Euskara Batzordearen premiazko bilera egiteko eskatu du, «erantzun bateratua eta eraginkorra bideratzeko».